Igandean ere programazio eskuzabala oparitu digu Zinemaldiak, beste hiru film eskainiz sail ofizialean. Alex de la Iglesia bilbotarraren "Mi gran noche", Larrieu anaia frantsesen "21 nuits avec Pattie" eta Runar Runarsson islandiarraren "Sparrows". Bai baina ez sentipenarekin utzi gaituzte, oro har.
Paso (Mi gran noche)
De la Iglesiaren filma sail ofizialean eman dute, bai, baina lehiaz kanpo. Tratamendu hori edukitzen dute zinemaldi baterako komertzialegiak edo ez aski kalitatezkoak izan ohi diren filmek, baina antolatzaileei, arrazoiren batengatik, ohore hori ematea interesatzen zaienek: adibidez, Donostia Saria jasoko duen izar batek parte hartzen duela; adibidez, zinemagintza espainiarraren stablishment-ean duen pisuagatik hala komeni dela. Kasu honetan, imajina dezakezue zein den arrazoia.
Alexen adinkidea naiz, erreferente kultural antzekoak zurrupatu genituen haurtzaro nahiz gaztaroan eta ondo ulertzen ditut haren gakoak, film gehienak ikusi dizkiot, baina hala ere ez zait gustatzen. Pop kultura espainiarraren ikonoak parodiatzen eta aldi berean mito horiek omentzen eta birsortzen aritzen da behin eta berriz, umore baldarrez ("chabacano" litzateke zehatzagoa), eta ideia batzuk onak direnean ere, osotasunean nekagarri gertatzen dira. Azken hau ez dut oraingoan ikusi; Raphael protagonista duen Urtezaharreko show-aren grabazioa abuztuan omen da kontatzen zaiguna; seguru arrakasta izango duela aretoetan. Animo bada.
Horrela bizi bagina beti (21 nuits avec Pattie)
Alphonse Daudet-ek “Tartarin de Tarascon” idatzi zuenetik gutxienez (lehenagotik seguru asko) topiko bat izan da Parisen proventzalak pertsona bitxi, xalo, apur bat lelo, zoro baina maitagarri gisa irudikatzea. Asimilatu den nazioari kontsolamendu gisa ematen zaion saria, nonbait. Larrieu anaiak Lourdesen jaioak direla irakurri berri dut, ezin esan beraz paristar exotismozale tipikoak direnik, baina jakina da metropoliaren ikuspegia gogo onez hartu ohi dutela gehienetan periferian ere (espainiarrek topiko regionalekin egiten dutenak badu aurrekaririk, baduenez).
Caroline paristarra Okzitaniara doa, hango oporlekuan hil baita bat-batean ia ezagutzen ez zuen ama. Billi Wilder-en "Avanti" (Zer gertatu zen nire aitaren eta zure amaren artean) datorkigu une batez burura, baina istorioa ez doa hortik. Lamia erotomano bat ezagutuko du, jendarme xelebre bat, egurgile basajaun bat eta abar… bizizale eta hedonistak denak ere, paristar frigidatxoaren aurrean. Atseginez ikusten da oro har, baina badu zerbait faltsua eta topikoa, nire ustetan.
Lehor eta xume (Sparrows)
Runarsson islandiarrak adoleszentziazko istorio bat dakarkigu: Þrestir (islandieraz), Sparrows (ingelesez, Zimenaldiak aurkezten digun bezala), Ormatxoriak (euskaraz).
Ama kanpora doala-eta, Ari 16 bat urteko mutil gazteak bizilekuz aldatu beharko du: Reykjavic-etik Islandiako ipar-mendebaldeko herrixka batera. Lehorra da paisaia, fiordo eta itsaso; lehorra giroa, udako solstizioan eguzkia inoiz sartu ez arren; lehorra filmatzeko era, eta beste horrenbeste esan liteke Ariren bizimoduaz ere: aita alkoholizatu bat, laster hilko den amona, txikitan izandako lagunetatik ez du ia inork gogoratzen... Aurrekoa filma ez bezala, xumea baina sintzeroa da hau. Edo alderantziz ere esan daiteke: sintzeroa, baina xumeegia.
Erantzun
Sartu