Malkoak eta txaloak
2014-09-25 15:13
Iritsi da azkenean "Lasa eta Zabala" ikusteko eguna, Zinemaldian askok espero zutena. Eta zorionez esan dezakegu Joanes Urkixo gidoilariaren eta Pablo Malo zuzendariaren lana bikaina izan dela, talde osoarekin batera, film beldurgarri eta hunkigarria gauzatu dutelako, ikusleak istorioan eta historian sartzea lortzen duena; lekukotasun beharrezkoa, oroimenerako tresna ezinbestekoa eta, aldi berean, artelan ederra.
Film hau, gurean behintzat, zaila da produktu kultural huts gisa epaitzea, inplikazio emozional eta politiko handiak dituelako. Tortura-irudi lazgarriak ikusten ari zarela, Joxi eta Joxanek egiazki sufritu zituztenak datozkizu gogora. Pelikulak gertaerekin zintzo jokatzen duela esango nuke, pertsonaien atzeko pertsonak desitxuratu gabe. Mezuari dagokionez, berriz, bi azpimarratzen ditu: halakorik berriz ez gertatzeko nahia, gorrotorik gabeko bake asmo batekin (Pili Zabalaren hitzak erabiliz), eta helburuetan ez ezik bitartekoetan ere prestutasunez jokatzea (Iñigo eta Fede abokatu lagunen istorio fikzionatuaren bidez).
Erantzunak kargatzen...