Teknologia albisteak

Etxeko kontuak

Erabiltzailearen aurpegia
2014-09-23 : 17:58

Ekintzazko zinema ikusgarritik ihesi, etxe giroko film lasai parea eskaini digu astearte honek Zinemaldiko sail ofizialean: Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren "Loreak", eta Cristián Jimenez txiletarraren "La voz en off". Ez naiz xobinista baina, kirolzaleen hiztegia hartuz, euskaldunek irabazi dutela esan behar, alde handiz.

Hiru lore

Gogo handia genuen "Loreak" ikusteko. Bai egileen aurreko lanak, "80 egunean" eder hark utzi zigun aho-gustuagatik, bai han-hemen entzundako komentario positiboengatik. Iaz izan zen filmaketa, eta luze jo dute postprodukzioak nahiz estreinaldiak, baina itxaroteak merezi zuela esan behar: emaitza film eder, fin eta delikatu bat da, eta Zinemaldian ohorezko harrera izan du.


Aktore protagonistak: Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea. Argazkia, cc-by-sa, Imanol Gallego, Goiena.

Kontatzen duen istorioaz, hobe gehiegi ez aurreratzea. Esan dezagun, beraz, hiru emakume protagonistaren inguruan jiratzen duela argumentuak. Nagore Aranburuk, Itziar Ituñok eta Itziar Aizpuruk jokatzen dituzte haien rolak, eta hiruren lanak nabarmentzen badira ere, Aizpururena azpimarratuko nuke, adin batekin iritsita interpretaziora, ñabarduraz betetako pertsonaia eraiki baitu.


Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, zuzendariak. Argazkia: Gorka Estrada, sustapenekoa, Zinemaldia.

Ez da krispetak jan ohi diren zinema mota, istorio barnekoi eta intimista baizik, xehetasunez eta xarmaz betea, kariñoz eta talentuz ondua; ea euskaldun jendeak erantzuten duen aretoetan, euskal zinemak aurrerantz jarrai dezan.

Kaosa ordenatu ezinik

[La Voz en Off] Chileko Valdivian bizi den familia zabal baten kontu xeheak aletzen dizkigu Jimenezen filmak, lau belaunaldiren bitartez: birramonaren heriotza, biloba baten jaiotza, dibortzio eta banaketak, bikote berriak, lan arazoak, diru premiak...

Ez dago ardatzik filmean, eta amaieran esaten zaigu off-eko ahotsak gertaerei ematen dien zentzua nahi lukeela protagonistak bere bizitzan... baina aurkitu ez. Ados: bizitza beti da anabasa, ez dauka artelan batek behar duen formarik ez esanahirik, baina hori jakiteko ez zegoen pelikularik egin beharrik. Sarritan pertsonaien gaztelania ulertu ezinik geratzeak ere izango du zerikusirik nire frustrazio sentipen honetan, baina zinez uste dut lehiaketa ofiziala handitxo geratzen zaiola film honi.



Erantzun

Sartu