Sustatu logoa Teknologia albisteak

"80 egunean": joan ikustera, merezi du eta

xme
xme
2010-05-27 10:05

Moriarti etxekoek betidanik ohitu gaituzte lan onetara. Jose Mari Goenaga (Jon GaraƱorekin batera zuzendari eta gidoigilea) aspalditik jarraitu dut, eta kontalari aparta iruditu izan zait beti bere film laburretan ("Tercero B", "Sintonia"), artista fina dokumentaletan ("Lucio"); oraingoan, berriz, fikziozko film luzea egin dute, eta aurrekoak ez bezala euskaraz. Bilakaera pozgarri bezain txalotzekoa, baina beldur apur bat ematen duen erronka ere bai.

Bestalde, hautatutako gaia zegoen. Emakume biren arteko amodioa. Medemen Room in Rome horretan bezala, baina andre helduekin, glamour eta sexu gutxirekin beraz. Estereotipoak, zuzentasun politikoa, sinesgarritasuna galtzea... horra aldez aurretik bururatzen zitzaizkidan arriskuak, baina ez. Zorionez, ez dago horrelakorik.

Konta dezagun zerbait argumentuaz, honezkero ezagutuko duzue baina: Axun (Itziar Aizpuru) emakume baserritar eta tradizionala da, alabaren senar ohia zaintzera doana ospitalera; han topatuko du Maite (Mariasun Pagoaga), aspaldi-aspaldiko lagun mina, neba zaintzen dagoena: piano irakaslea, emakume independiente eta argia, eta, Axun ohartzen ez bada ere, lesbiana. Lehengo adiskidetasuna pizten da berriz, eta hortik aurrera... Hortik aurrerakoak jakiteko, joan ikustera.

Gauza asko daude aipatzeko film honetan. Kostunbrismorik egin barik giro eta errealitate hurbilak erakustea, komedia ukituko dramarekin asmatu izana, istorioaren garapen egokia, erabilitako hizkera, arlo teknikoan azaldutako maila ona... Bat azpimarratzekotan, aktoreen zuzendaritza nabarmenduko nuke nik.

Telebistak antzezpen modu histrioniko samar batera ohitu gaitu (hori da Espainiako aktoreen eskola ere). Aspaldi esaten zuten batzuek euskaraz pentsatu eta bizitutako film batean bestelako dramaturgia loratuko zela. Horren printzak ikusi izan ditugu lehen ere ("Oraingoz izen gabe" Bakedanorena, "Ke arteko egunak" Antxon Ezeizarena...), eta hemen guztiz lortua dagoela esango nuke. Pentsa bestela, Itziar Aizpuru eta Jose Ramon Argoitia (film honetan Juan Mari, Axunen senarra), Martin eta Goenkalen hainbat aldiz ikusi eta maitatu izan ditugunak: hemen beste maila bat eman diote interpretazioari, halako goratasun bat, eta beste horrenbeste esan daiteke Ane Gabaraini nahiz beste aktoreei buruz ere.

Bi hitzetan: ikusi beharrekoa. Xalbadorrek zioen moduan, ez soilik ederragatik, baizik gurea delakotz. Izan ere, euskal komunikabideetan azalpen zabal eta oparoa izan arren, jende gutxitxo omen dabil aretoetan. Euskararen defentsan manifestazioak eta aldarrikapenak egin beharko ditugu gerora ere, baina arren: sinets dezagun geure buruan eta izan gaitezen geure kulturaren kontsumitzaile. Amen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu