Hasiera indartsuaren ondoren, generoko filmak etorri dira sail ofizialean igandean. Susanne Bier daniarraren "En Chance Til" (Bigarren aukera) ikusteko faltan, Gabe Ibañez espainiarraren "Automata" futurista eta Michael Roskam flandriarrak AEBn egindako "The Drop" beltza komentatuko ditugu; txukunak biak, baina ez maila berean.
Déjà vu
Gastronomiaren kongresu batean, plater berritzaile eta harrigarriak espero diren lekuan, sukaldari batek patata-tortilla eskainiko balu, adarra jotzen ari ote den pentsatuko genuke. Horrenbesterako izan gabe ere, jada ikusiaren sentsazio hori sortu du ikusleengan Gabi Ibañezen zientzia-fikziozko filmak: etorkizun distopiko batean, gizakiak roboten laguntza du edozertarako, baina robotak (beren barne kodea aldatuz), beren ahalmenak handitzen hasi dira eta gizakien eskumenetik ihes egiten. Jack Vaucan (Antonio Banderas) robot horien aztarnen atzetik ibiliko da, azkenean haiek mirestera iritsiko bada ere. Nahi gabe datozkizu burura "
Blade Runner", Isaac Asimoven "
I Robot", baita, urrutiagotik, "
Terminator", Spielberg-en "
A.I." eta nik ezagutzen ez ditudan beste hainbat.
Errealizazioaren aldetik balekoa da, hiriaren, arrabalaren eta basamortuaren irudi apokaliptikoek badute edertasunik, baina artisauaren antze eta trebeziaz gainera, artistaren talentu eta irudimena eskatu behar zaio zuzendariari, nire ustetan.
Taberna kontuak
Dennis Lehane nobela beltzaren egile ospetsua da, eta oraingoan, bere kontakizun batean oinarritu ez ezik, gidoia egin eta produkzioan ere parte hartu du idazleak. Haren seiluak ematen dio bermea produktuari, eta ez dago zalantzarik merezi duela.
New Yorken gaude, Brooklyngo taberna batean, eta gaueko diru zikina bertan uzten dute noizean behin negozio ilunetan dabiltzanek. Marv potoloa (James Gandolfini) da bertako jabea, itxuraz, presioen ondoren txetxeniarren esku utzi zuen arren. Marv-i bere lehengusu Bobek laguntzen dio: mutil zintzo, bakarti, mozolo samarra bera.
Filmak hainbat trama ditu, argumentuari jira eginaraziko dioten gertakariak, pertsonaiei konplexutasuna eransten dieten elementuak eta bukaeraraino iristen diren ustekabeak, baina hobe spoilerrik ez ematea, ezta? Hitz batean esateko: film sendoa, aparteko berritasun edo arriskurik hartzen ez duen arren.
Erantzun
Sartu