Hasi da Zinemaldiko Sail Ofiziala, eta larunbatean hiru film aurkeztu dira lehiara, elkarren artean oso desberdinak baina hirurak ere interesgarritik gorakoak. "
La isla mínima" espainiarra, "
Stille Hjerte" daniarra eta "
Une nouvelle amie" frantziarra.
Andaluzia sakonaAlberto Rodriguez bihurtu da, "
Grupo 7" zuzendu zuenetik, espainiar zinemaren esperantza handia, eta Madrilgo kazetaritzaren bultzada osoarekin estreinatuko da "
La isla mínima", haren azken lana: 1980an, Andaluziako padura inguru batean gertaturiko neska gazteen bahitze eta bortxatzeen inguruko thrillerra (Alcasserko krimena gogorarazten duena). Filmak komentatzeko moduko hiru alderdi ditu, nire ikuspegian. Batetik, girotzea, Guadalquivirreko zingira, uharte, gabarra, ubide, soro eta ehizalekuz osaturiko gune hori guztiz plastikoa eta sujerikorra suertatzen da, Mississipiko deltan bageunde bezala edo, eta jornalero, señorito, emigrazio eta guardia zibilen giza paisaiak kolorea ematen dio. Bestetik, ikerketa bera, indartsu hasten dena eta txukun antxean amaitzen, erdialdera behera egiten badu ere (errealismo magiko ukituek ez diote mesederik egiten, nire ustetan). Eta azkenik, bi polizia ikertzaileei dagokien trama: bata demokrata eta bestea frankista, elkarrengandik ikasi eta kutsatuko direnak. Trantsizioaren Kultura tipiko horri berritasun bat erantsi zaio hemen, ordea: polizia barruan faxistak zigorrik gabe geratu zirela gogorarazten zaigu (normalean esan ere egiten ez dena); hori ez da guretzat harrigarri; izatekotan, beste polizia "demokrata" hori iruditzen zaigu fikziozkoegi.
Eutanasia eskandinabiarra
Bille August daniarraren "
Stille Hjierte" (Bihotz isila) famili giroko drama bat da, estilo lasai batean filmatua, baretasun eskandinabiarraren azpian ekaitz ezkutuak ere gordetzen diren arren. Esklerosi bortitz bat hasieretan duen ama zaharrak erabaki du bere biziari amaiera ematea, familia osoaren onespenaz eta haiekin azken asteburu bat batuta ospatu ondoren. Bi alabek ere (Heidi zentzudunak eta Sanne eroxkak) ontzat dute plana, printzipioz. Filmak aurrera egin ahala, ordea, sorpresak izango dira, rolak aldatuko dira eta zalantzak agertuko. Dotorea.
Queer à la françaiseFrançois Ozon da berez saileko izenik erakargarrienetakoa, bere azken filmak gogoan, "
Dans la maison" biribila eta "
Jeune et jolie" kitzikagarria, pentsatzekoa baita zerbait potentea eskainiko digula. Aurtengo "
Une nouvelle amie" ikusita, ez dakit zer balorazio egin, ondo pasatu dudala esateaz aparte. Laura eta Claire lagun-minak dira txikitatik. Giro dirudun, kontserbadore, katoliko eta klasikoan haziak, bakoitza mutil eder batekin ezkonduko da. Erditu berritan, baina, hil egiten da Laura, eta Clairek sekretu bat deskubrituko du bere lagunaren senarraz. Genero-gaiak boladan dauden sasoi honetan, zeresana emango du filmak, ikusi ahala askotan telefilm kutreen parodia barregarria egiten ari dela dirudien arren.
Erantzun
Sartu