Aita askoren semea
2013-03-19 11:50
DFeria azoka ari dira egiten egunotan Donostian: antzerki-programatzaile, zale eta profesionalak: Espainiako merkatuari begira egina da batez ere, eta tartean hemengo konpainiek beren ikuskizunak eskaintzen dituzte, kanpoko arduradunen interesa pizteko asmoz. Horien artean izan da "Soinujolearen semea", edo, guk ikusitako bertsioan, "El hijo del acordeonista", anbizio handiko lana, emaitza maila berekoa den zalantzazkoa den arren.
Eta zer ikusi genuen? "Soinujolearen semea" nobelaren adaptazio teatral bat, aski egoki egina, eta txukun gauzatua, bai jokalarien antzezpenari bai eszenaratzeari dagokienez. Txukuntasunetik gorakoak ziren gure itxarobideak ordea. Atxagak bere narrazioetan dituen xehetasunekiko maitasun eta maisutasuna falta zituen, Telleriaren umore eta bihurrikeria, Bernuesen poesia bisuala.
Aparteko gaia litzateke obraren esanahia aztertzea: frankismoarekiko eta ETArekiko arbuioak (kideen salaketaraino eramana gainera), denak pozik utzi nahi eta inor gustura ez geratzeko arriskua dauka. Gure arduradun kulturalek lan honen aldeko apustua egiteak herri gisa zabaldu nahi luketen mezua adieraziko luke, beharbada, eta horren erakusgarri izan litezke laster batean Etxepare institutuak Madrilen "Universo Atxaga" izenpean antolatu dituen jardunaldiak, antzerki honen emanaldiak barne direla.
Balorazio politikoetan sartu gabe, baina, artistikoki ez ur eta ez salda iruditu zait niri.
Erantzunak kargatzen...