Greba egunaren ondoren, hemen gara bueltan, azken egunotan Zinemaldiko sail ofizialean eskainitako filmetako batzuk komentatzearren. Programatzaileek erabaki balute bezala, familiaren inguruko pelikulak batu dira bata bestearen ondoan, jatorri eta estilo guztiz desberdinetakoak izan arren. Emily Tang txinatarraren "All Apologies" (Barkazioak) ikusi genuen, familia bakoitzeko haur bakarraren politikaren ondorio mingarrietan arakatzen duen film gogor baina sendoa; Juan Antonio Bayona espainiarrak "The impossible" (Ezinezkoa) zuzendu du, Naomi Watts eta Ewan McGregor izarrekin, Thailandian gabonetako oporretan daudela tsunamiak harrapatzen duen familia baten elorrioak kontatzen dituena; eta Carlos Sorin argentinarrak "Días de pesca" (Arrantza egunak) ekarri digu, jende xehearen istorio txikiak Patagonia mugagabean. Balorazioa, txukuna; xehetasun gehiagotarako, segi irakurtzen.
Bertan egondakoek diotenez, nahaste-borrastea izan omen zen film txinatarraren osteko prentsaurrekoa, itzulpen arazoengatik batetik, baina baita kultur arrakala batengatik ere, kazetari eta kritikariei inmoralitate onartezina iruditzen zitzaiena normal antzean ikusten omen zutelako haren egileek. Konta dezagun zertaz ari garen. Bi familia ditugu, A eta B, ume bana dutenak. A familiako aita autoan doala, B familiako semea hiltzen da trafiko istripu batean. A familia atsekabetua dago, baina B familia zoratzear. Ezin beste umerik eduki, andreak antzutze ebakuntza bat egina baitu. Orduan, B familiako gizonak beste seme bat eskatzen dio A familiako andreari, "zor" omen diolako.
Horra planteamendua. Hortik aurrera, hainbat gertakari, hemen aurreratuko ez ditugunak. Atzean dagoena garai bateko pentsaera atzerakoia dela sujeritzen zaigu edo hala ulertu nahi dugu, landa-giroko jendeari dagokiona; iragan nekazariaren eta orainaldi industrialaren arteko gizarte aldakor eta gogorra erakusten du Tang zuzendariak, eta gupida gutxi erakusten du erretratuak. Beste pentsaera eta bizierak erakusteko ere balio du zinemak, mundua gero eta globalizatuagoa den honetan, eta hauxe izan liteke horren adibide on bat.
J.A. Bayona zuzendariak ospea lortu zuen "El orfanato" bere estreinaldiarekin, eta oraingoan luxuzko protagonistekin errodatu du "The impossible" hau, 2004ko tsunamian giroturiko benetako historia batean oinarritua. Familia burges zoriontsu bat, Thailadiara opor-pasa gabonetan, guraso ederrak eta hiru seme gaztetxo, halakoetan ohi diren hiperbabes eta beldurtxo guztiekin haziak. Oporlekua, zoragarria. Denak pozez txorratzen. Eta, uretan plisti-plasta zorion-bainu batean daudela, horra uhin erraldoia, natura, zoriona, familiak eta dena txirtxilatzera datorrena.
Ikusgarriak dira txikizioaren irudiak, ezin zaio zuzendariari trebezia teknikoa ukatu (Clint Eastwood-en azkenak ere antzeko eszenak zituen). Baina, efektismo horren ondotik, zer geratzen zaigu? Familiako kideak sakabanaturik daude: batzuk zauriturik baina denak bizirik atera diren arren, ez daukate elkarren berri, eta bata bestearen bila hasiko dira, ospitale, morge eta hondamendizko paisaia batean zehar. Beharbada 70eko hamarraldiko zinema katastrofikoaren generoa berpiztu nahi da honekin? Niri, hala ere, hutsal samarra iruditu zait.
Hego Euskal Herrian denok dugu ezagun porteñoren bat, gutxi-asko guztiok kantatu dugu tangoren bat eta, horrenbestez, esan liteke bakoitzak duela bere baitan argentinar txiki bat. Carlos Sorin etxean bezala sentitzen da Donostian, askotan parte hartu baitu bertako zine-jaialdian, baita sariak irabazi ere. Oraingoan ez dakit ezer emango dioten, baina, niri behintzat, lehengusu baten argazki-album bat ikustea bezalatsu begitandu zait haren azken filma: goxoa, familiarra, erosoa... baina baita errepikakor eta apur bat gogaikarria ere.
"Historias mínimas" ikusi genionetik, Sorinen guztiak iruditzen zaizkit istorio ñimiñoak: Patagoniako handitasun mugagabean, jende xumearen txikitasun samur hori, hurbila eta aldi berean atzemangaitza. Hemen ere halatsu: Marco Tucci, 52 urteko gizon bakartia marrazoen arrantza praktikatzera doa Patagonia aldera, egiazko arrazoia kontaktua erabat galdua duen alaba bisitatzea den arren. Onartuko ote du alabak aita berriz ikustea? Gizonak iragan mindu eta ez oso itxurosoa duela iradokitzen zaigu, hartaz ezer ez kontatu arren (Sorinen delikadezia eskertzekoa). Horrez gain, bigarren mailako pertsonaien benetakotasuna nabarmendu behar (boxeo-entrenatzailea, arrantza-maisua), zuzendariaren etxeko marka. Baina hortik aurrera, aski istorio ez dakit txepel baina bai funts handirik gabekoa.
Erantzun
Sartu