Hau presakako ohar bat da, edo salaketa urjentziazkoa, ez kritika landu bat: Donostiako Zinemaldian, astearte honetan, egongo diren eta ez diren bi pelikulari buruzkoa, non presoak protagonista diren. Batak izena du "Cesare deve morire", Paolo eta Vittorio Taviani anaiek egina eta Erromako Rebibbia espetxean presoek egindako "Julio Zesar" Shakespeareren antzerkiaren muntaketa du ardatz; bestea deitzen da "Barrura begiratzeko leihoak", bost zuzendari euskaldunek egin dute, beste horrenbeste presoren historiara hurbilduz, eta herri honetako zinema-jaialdi inportanteenak ez du programatu nahi izan.
Taviani anaien lana laburra da, 76 minutu irauten du eta dokumental gisa omen dago errodatua, espetxeratuek egindako antzerkiaren aitzakian aktore jardundako preso horien berri ere kontatzen baitu. Urrezko Hartza irabazi du Berlinen eta gaur eskainiko dute Zabaltegiko Perlak sailean. Dena dela, Donostiara hurbildu beharrik gabe ere nork bere etxean ikus dezake, euskaraz eta doan gainera, azpitituluak.com webean sartuz gero, hemen. Auzolana eta euskalgintza horrela ere egiten baita: nork bere kasa ekinez eta denon artean banatuz.
Gaur hamar eta erdietan Aquariumean
"Barrura begiratzeko leihoak" filmak ere asko daki norbere ekimenaz eta auzolanaz, herritar askoren laguntzaz egin ahal izan baita, erakundeek ez bultzatu baizik zigortu egin nahi baitute: oraintsu entregatu berri dute kopia bat Audientzia Nazionalaren eskariz; auskalo hortik zer etor daitekeen.
Filmaren egile eta eragileak ez daude geldi, ordea: egindako lana erakustea da edozein artistaren nahia, eta horrez gain, filma erakustea da haren aldeko defentsarik onena, berehala ikusten baita zein den haren bekatua: presoak pertsona gisa tratatzea, madarikazio nahiz beatifikazio politikoetatik aparte. Horregatik antolatu dute gaur Donostian emanaldi bat, Aquariumean: doan da eta goizeko hamar eta erdietan hasiko da. Iragarpena ere azken orduan egin behar izan da, gobernuaren ordezkari Urkixo jaunari bere inkisidore lana gehiegi ez erraztearren.
Inkisidoreak aipatu ditugu; Donostiako Zinemaldia ez nuke horien artean sartu nahi, askotan erakutsi baitu era guztietako iritziekiko errespetua eta sentsibilitatea. Kasu honetan, baina, ez da maila berean egon. Martinez-Gabilondo-Larreategi-Goikoetxea-Olasagasti boskotearen filma ez zuen onartu hautaketa batzordeak, eta horren atzean ez zegoela zentsurarik esan zuten, kalitatezko galbahe normala baizik. Zinez-en ekoizpena ikusi nuenean zalantzak izan nituen; orain, Zinemaldian eman diren zenbait film euskal herritar ikusi eta gero garbi esan dezaket gezur hutsa zela, programatutako batzuen oso gainetik baitago, modu objektiboan eta inor gutxietsi gabe.
Ni ziur nago oreka-joko ugari egin beharko duela Zinemaldiak; atzean dituen instituzio babesleen artean dago Espainiako Gobernua, eta publizitatea lortzea gero eta zailagoa den egoera batean badira zentsura egiteko modu isilpekoak, edo norbera presionatuta sentitzekoak. Kasu honetan zer izan den ez dakigu eta seguru asko ez dugu jakingo. Dena dela, ahal duguna egin behar genuke "Barrura begiratzeko leihoak" ikus eta zabal dadin: pelikulak merezi duelako, bai, baina baita ere adierazpen askatasuna jokoan dagoelako, haiena eta gu guztiona.
Elkarbanatu egin nahi nuke Xabierren ohar, salaketa, iruzkin,... hau.