Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatua da Tene Mujika Beka, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoa duena. 6.000 euroko saria du arlo horretako proiekturik onenarentzat, eta argitaratzeko ziurtasuna. Hona, zortzigarren urteko deialdiari dagozkion oinarriak, eta orain arteko ibilbidea.
OINARRIAK
1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak...); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:
a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa...
c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.
4. Proiektuak, 2012ko abenduaren 10era arte bidal litezke helbide honetara: artxiboa@deba.net
5. Alberto Barandiaranek, Idurre Eskisabelek eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2013ko urtarrila amaitu baino lehen.
Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
6. Bekako diru-kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.
7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.
8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
9. Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza, egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik.
Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.
10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabakiko dute.
-I. deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zen irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi zuen Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zena).
-II. urtean hutsik geratu zen saria epaimahaiaren erabakiz.
-III.a, Alberto Barandiaranek eskuratu zuen 2007an, eta 2009an kaleratu zen haren emaitza: Postkronikak izeneko liburua (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta bat edo bigarren aukera emanez, itxi ezin den ate bat edo itxi ezin den zauri bat bezala).
-IV. urtean Imanol Murua Uria kazetaria suertatu zen irabazle, eta 2010ean kaleratu zen haren lana: Loiolako hegiak (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako elkarrizketa eta negoziazioen historia).
-V. urteko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zen, eta aurten plazaratu da hark egindako liburua: Zeluloidezko begiradak, Euskal Herriko 13 zinemagirekin egindako elkarrizketa-liburua.
-VI. urtean, aurkeztutako lanen kalitatea dela-eta, epaimahaiaren eskariz Debako Udalak bikoiztu egin zuen saria, eta bi liburu egin dira. Batetik, Pako Aristik eta Mikel Markezek Plazer bat izan duk, Benito idatzi dute, Benito Lertxundirekin izandako solasaldi luzeen emaitza, udaberrian kaleratu zena; bestetik, Ainara Gorostitzu kazetari ataundarrak Aldamenekoa amaitu berri du, gurera iritsitako hainbat immigranteren lekukotasunak biltzen dituena eta egun gutxi barru kaleratuko dena.
-VII. urtean, Xabier Gantzarain arte-aditu eta idazleari egokitu zitzaion saria, euskal arte garaikideko hainbat lan eta artista bestelako modu batez aztertzeko, gizarteko mugimendu, gatazka eta sinboloekin daukaten loturaren ikuspegitik hain zuzen. Une honetan bere azterketa lantzen ari da, eta 2013an ikusiko du argia.
akats zuzenketa bat: Mikel Garziaren "Zeluloidezko begiradak" ez da aurten atera, iaz baizik.