Urtero egiten dugun moduan, zerrenda batean bildu ditugu 2016an deigarriak iruditu zaizkigun hitz batzuk. 2016 urtean hizpide izandako hitzen bidez urtea laburbiltzea da zerrenda honen asmo bakarra; beraz, ez hartu estuegi. Zerrendako zenbait hitz gurean ibili dira askoren ahotan; beste batzuk, ordea, mundu osoan izan dira hizpide. Egia-oste famatua, esate baterako, bolo-bolo ibili da mundu osoan Donald Trump Estatu Batuetako presidente hautetsi ondoren. Ondorioz, Oxford hiztegiak urteko hitz hautatu du. Beste batzuk ere jaso ditugu gure zerrendan: grabitazio-uhin, heteromalgu, rigodoi, bakterio multirresistente, megakamioi, nihonio, balaluma, barbalada,...
Tira! Agian, den-denak ez ditugu aurten ikasi, baina agian inoiz baino gehiago entzun ditugulakoan gaude. Hona hemen zerrendako lehenengoak:
1) 2015eko Eguberrietan ume askok jaso omen zuten patinete motordun berri horietako bat. Hain opari berritzaileak bi gauza deigarri utzi zizkigun: bata, behar bezala ahoskatzen erraza izango ez zaigun mailegua (hoverboard), eta, bestea, tramankuluarekin asmatu ezinik-edo ibili ziren haurrek izandako istripu, eroriko eta bestelako gorabeherak (patinetearen bateriak su hartzea eta bestelako txikikeria batzuk barne).
2) Eskerrak urte berriak hoverboard bezain pasakorrak ez diruditen hitzak ere utzi dizkigula. Esaterako, lanera itzuli eta egun gutxira, urtarrilaren 11n, jo eta ke ekin behar izan genion egun hartan bertan Euskaltzaindiak argitaratu zuen Hiztegi Batuaren bertsio berria aztertzeari. Ulertzekoa denez, gure eguneroko lanean ezinbestekoa zaigu Akademiaren azken arauetara lehenbailehen egokitzea. Forma ugari gehitu zituen bertsio horretan, eta, horien artean, zuzenketa bat ere bai. Huraxe ekarri dugu zerrenda/laburpen honetara: aurreko bertsioko anpere ampere bihurtu zen hiztegi berrian, abizen batetik eratorritakoa izateagatik. Hala zegoen, lehendik, Euskaltermen ere; hitz horrek, bederen, ez zigun eguneratze-lanik eman. Beraz, akabo betiko n-dun ampereak!
3) Badakizu: egin eta desegin, dena omen da zeregin. Agian horixe bera pentsatuko zuen ezkiotarren edo itsasoarren batek: frankismoan, 1965eko martxoaren 2an, gogoz kontra batu ziren Ezkio eta Itsaso herriak, eta, aurtengo urtarrilaren 15ean jakin genuenez, elkarrengandik banantzea erabaki zuten; beraz, euskal izendegietan egin beharreko moldaketa ekarri digu urteak.
4) Aurten ere (nola ez!) izan dugu sexuarekin lotura zuzena duen hitz (guretzat) berri bat: heteromalgu. Bro izeneko aplikazio bat egin dutela jakin genuen urte-hasieran, gizon heterosexualekin sexua izan nahi duten gizon heterosexualentzat. Eta, bai, dagoeneko asmatuko zenuenez, gizon horiek beren burua heteromalgutzat omen dute, Angel Errok idatzi zuenez.
Gehiago ere izan dira. UZEIren webgunean duzu aurten prestatu dugun hitz berrien zerrenda, osorik irakurri nahi izanez gero.
Erantzun
Sartu