Teknologia albisteak

HOBELEX LibreOffice-rako: euskarazko zuzentzaile zehatzena, software libreko testu-editore erabilienean

Erabiltzailearen aurpegia
2016-06-21 : 14:23

Hitzemandakoa bete dugu: Euskara eguneratuan idazteak hizkuntzaren normalizaziorako duen garrantziagatik garatu genuen 2014an HOBELEX, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea. Baliabide mugatuak genituen horretarako, eta, ahalik eta erabiltzaile gehienera lehenbailehen iristeko, PCetako Microsoft Windowserako plugina kaleratu genuen lehendabizi. Harekin batera eskaini genuen online bertsioa, edozein sistema eragilerekin doan erabil daitekeena.

HOBELEXen lehen pluginak 15.000 deskarga izan ditu geroztik, eta erabiltzaileek harrera bikaina egin diote.

Zergatik LibreOffice?

Oso harro gaude 2014an kaleratu genuen zuzentzailearekin, baina ez zen aski erabiltzaile guztiengana iristeko. Software libreko eta doako office-pakete erabiliena eta ezagunena da LibreOffice. Horregatik, HOBELEX aurkeztu genuen egunean bertan hitzeman genuen LibreOffice-rako ere garatuko genuela plugin berria.

PCrik edota Microsoft Windows-ik erabiltzen ez duen euskaldun ugarik eskatu zigun orduan haientzako moduko zuzentzailea garatzeko. Izan ere, erabiltzaile horiek ere behar dute euskaraz akats ortografikorik gabe eta, gainera, lexiko zuzen eta eguneratuarekin idazten lagunduko dien zuzentzaile eguneratua.

Hitzemandakoa bete dugu orain, eta jada sarean jarri dugu LibreOffice erabiliz ere euskara eguneratuan idazteko plugina. Beraz, LibreOffice bulegotikarako suite-arekin lan egiten badugu, Windows, MacOSX edo Linuxekin erabili ahal izango dugu gaurtik aurrera HOBELEX lexiko-zuzentzailea, doan.

Euskara ez da hungariera

Egia da, ezin izan dugu LibreOffice-rako plugina nahi izan dugun bezain azkar kaleratu: lanak eman dizkigu bertsio berria garatzeak. UZEIn euskararekiko dugun konpromisoari eutsiz, bertsio berri hau errazago garatzeko har genitzakeen lasterbide batzuk baztertu, eta HOBELEXen zuzentasunari lehentasuna ematea erabaki genuen hasiera-hasieratik.

Horregatik, hain zuzen ere, ez dugu erabili HUNSPELL motor ezaguna, jatorrian hungarierarentzat garatu zena, eta zenbait zuzentzailek erabiltzen dutena. Izan ere, euskara ez da hungariera. Orduan, zergatik erabili hungarierarentzat sortutako baliabide bat euskarak behar zuen zuzentzailea garatzeko? UZEIn badakigu bide luzeena aukeratzea nekezagoa izan daitekeela, baina onurak ere izan ditzakeela.

Horrela, gaur aurkeztu dugun LibreOffice-rako zuzentzailea euskararentzat berariaz garatutako teknologian oinarritutako lehen zuzentzailea da, eta teknologia hori UZEIk garatu du, gainera. Labur esateko, gaur arte LibreOffice-k, euskararentzat mugak dituen HUNSPELL motorra zekarren lehenetsia.

Hemendik aurrera, berariaz euskararentzat UZEIk sortutako tratamendu morfologikorako euLEMA tresnarekin lan egin ahal izango du. Eta erabiltzaileak nabarituko dituen abantailak ekarri ditu erabaki horrek.

Ahalegin handiagoak, emaitza hobea

UZEIk bereziki euskararentzat sortutako teknologia erabiltzen duenez, LibreOffice-rako garatu dugun HOBELEXek proposamen egokiagoak egiten ditu: ortografia eta lexikoa zuzentzeko proposamen zehatzagoak eta pertinenteagoak egiten ditu. Erabiltzaileak, beraz, ez ditu banan-banan alferrikako aukera ugari baztertu beharko zuzenketa egokia aukeratu ahal izateko. Azkarrago zuzentzen lagunduko dio horrek.

Gainera, online eta Microsoft Windows-erako bertsioekin egiten dugun bezala, etengabe eguneratuko dugu LibreOffice-rako zuzentzailea: Euskaltzaindiak arau bat kaleratu bezain laster, edo Terminologia Batzordeak erabaki bat hartu bezain laster.

UZEIren ezagutza lexikoa oinarri duen zuzentzailea

Arau, gomendio eta irizpide berriak kaleratu dira HOBELEXen lehen bertsioa sarean jarri genuenetik. Mailegu berriak, neologismoak... sortu dira geroztik, gainera.

2014ko urrian, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea kaleratu genuenean, 117.806 sarrera zituen HOBELEXen oinarrian dagoen euLEX datu-baseak. Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen proposamenak biltzen dituen datu-base hori etengabe osatzen dugu UZEIn. Gainera, Euskaltzaindiaren arau guztiak eta Terminologia Batzordearen azken proposamenak ez ezik, eguneroko jardunean sortzen diren hitz berriak, izen propioak eta laburtzapenak, besteak beste, egunero jasotzen ditugu euLEX datu-basean, zuzentzailearen estaldura ahalik handiena izan dadin. Gaur egun, % 21 handiagoa da euLEX datu-basea, 143.000 sarrera baititu orain.

Ez da harritzekoa: aurten bertan, urtarrilaren 11n, Euskaltzaindiak 1.353 forma berri arautu ditu Hiztegi Batuan. HOBELEX horiek guztiekin eguneratzeko ahalegina egin genuen Euskaltzaindiak arau berriak argitaratu bezain laster, eta urtarrilaren 28an jada sarean jarri genuen bertsio eguneratua.

LibreOffice-rako HOBELEX ere, noski, azken arau, gomendio eta irizpide horien guztien arabera moldatua dago.

Nola zuzentzen du LibreOffice-rako HOBELEXek?

  • Argiago, mezu ulerterrazagoekin:

Hobelex LibreOffice

  • Zehatzago, proposamen egokiagoekin:

    Hobelex LibreOffice

  • Zuzenago, proposamen eguneratuekin:

    1995eko uztailaren 28an arautu zuen Euskaltzaindiak Aljeria. Zergatik jarraitu 21 urte geroago Algeria idazten?

Babesleak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin garatu dugu LibreOffice-rako HOBELEX plugina.

www.hobelex.eus helbidetik deskarga daiteke LibreOffice-rako bertsio berria, doan.

________________________________

Laburbilduz:

  • Berariaz euskararentzat garatutako softwarea darabilen LibreOffice-rako lehen euskal zuzentzailea garatu du UZEIk.
  • Euskararentzat zuzenketa-proposamen egokienak egiten ditu.
  • Linux, Windows edota MacOSX erabiltzen duen ororen eskura dago.
  • Etengabe eguneratua: aurten Euskaltzaindiak arautu dituen 1.353 forma berriekin moldatu dugu.
  • www.hobelex.eus helbidetik deskarga daiteke.

________________________________

UZEIri buruzko informazio osagarria:

Euskal terminologia- eta lexikografia-zentroa da UZEI, eta eragile eraginkorra da euskararen lexiko espezializatuaren nahiz lexiko orokorraren esparruan.

Lexiko orokorraren arloan, funtsezko lankidea da Euskaltzaindiaren hainbat proiektutan, eta Hiztegi Batuaren lantaldearen ardura du.

Era berean, aitzindaria da lexiko espezializatuaren arloan: Euskalterm Terminologia Bankua sortu zuen, eta, gaur egun, hura elikatzeko eta mantentzeko ardura du. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeko partaidea da UZEI, Euskararen Aholku Batzordearen baitan.

UZEI erreferentea da hizkuntza-teknologien ikerketa eta garapenean, eta hainbat baliabide eta tresna garatu ditu. Horregatik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kide izendatu zuten UZEI.

Erantzun

Sartu