Teknologia albisteak

Webb teleskopioa bere kokapen definitibora iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia
2022-01-24 : 13:17

Gaur iristekoa da bere kokapen definitibora, Ilargia baino haratago dagoen Lagrange-2 puntura, James Webb espazioko teleskopio berria, abenduaren 25ean hasi zuen espazio bidaiaren desplazamendua amaituz. Lurretik aldentze fisikoa amaitu da, alegia, eta jarraian bere misioa hasiko da, baina hori ere denbora baterako doa: teleskopioaren zabalkunde mekanikoa eta bere ispilu eta tresnen disposizioa ondo joan da orain arte, baina orain doiketak hasiko dira, teleskopioa "enfokatzea", nolabait esateko.

Webgune baten bidez jarraitu ahal izan dugu egunetan nola aldentzen zen James Webb lurretik. Gaur iristekoa da irudi horretan ikusten duzuen L2 puntura, Lagrande 2 delako espazioko puntua, ilargia baina haratago, non orbitan geldituko den Lurraren inguruan. 

L2 Lagrange puntua iritsiko da beraz, eta zer da L2 delako hau? Lagrangeko puntu jakin bat, eta badaude puntu gehiago? Jarraian azalpena.

Lagrangeren puntuak

Bi astroren artean sortzen diren orbitako puntu egonkorrak dira eta orain arte 5 aurkitu dituzte. XVIII. mendean Leonhard Euler eta Joseph Louis Lagrangek aurkitu zituzten eta horrez gero, Jupiter eta Eguzkiaren artean ere aurkitu dituzten, asteroide Troiarrak ere puntu horietan kokatuta daude besteak beste. 2021eko urrian jaurti zuten Lucy misioaren helburua hauek aztertzea da, adibidez. Zientzielarien ustetan, orbitako puntu egonkorrak direnez, eguzki sistema osatu zenean geratutako soberakinak lirateke asteroide hauek eta eguzki sistema sorreran nolakoa izan zen argitzen lagunduko liguke asteroide hauek ikertzeak.

Jupiterren lagrange puntuak

Jupiterren lagrange puntuak

James Webb teleskopioaren kasuan berriz, lurretik urrun eta eguzki izpietatik babestuta behaketa eremu egonkor eta lasai bat eskaintzen dute, lurraren orbitako menpekotasunik gabe. Abantailak agerikoak dira beraz. Lurra eta eguzkiaren kasuan ondoko irudian agertzen diren L1, L2, L3, L4 eta L5 puntuak lirateke. L2 puntura bidean doa gure teleskopio berria.

Beraz, L2 delako puntuan orbita egonkorrean geratzen dela gaur baieztatu beharko da hurrengo orduetan. Jarraian, doiketen fasea; teleskopioaren optika probatu, kalibratu eta bestelako mantentze lanak egin beharko dituzte lehen lan zientifikoekin hasi aurretik. Ekaina amaiera edo uztailerako prest egongo dela uste dute zientzialariek, hori dio behintzat kronogramak, zeinak orain artean betetze maila zehatz-zehatza izan duen.

Erantzun

Sartu