Teknologia albisteak

James Webb espazioko teleskopio berriaren datozen egunetako erronkak

Erabiltzailearen aurpegia
2021-12-28 : 09:28

Hilaren 25ean Euskal Herrian 13:20 (UTC 12:20) zirela jaurti zuten ESAren Guaiana frantseseko Arianespace ELA-3 jaurtiketa puntutik. Jaurtiketa eremu hau ekuatoretik gertu dago lurra 1670 km/h abiaduran mugitzen ari denez, lurrak bultzada lagungarri bat eman diezaion.

Jaurtiketa arrakastatsua izan bazen ere, bidaia luzea du oraindik ere behaketak egiteko iritsi beharreko Lagrange puntura. Guztira 30 egun beharko ditu hara iristeko eta bidean uzkurtuta dituen bere zati guztiak hedatu beharko ditu. Arduradun baten esatentan, 300 operazio baino gehiago egin beharko ditu horretarako, eta bakoitzean akatsen bat egiteko arriskua dago. 10 mila milioi dolarreko kostua duen teleskopio batentzat arrisku puntu askotxo dira, baina tira, beheko irudian ikus daitekeen moduan bilduta dagoela jakinik, erronka teknologiko ikaragarria ere bai.

Datozen egunetan beraz, eguzki izpietatik babesteko ezkutua, ispilu nagusia eta bigarren mailako ispiluak hedatu beharko ditu. 1,2 km/s-ko abiaduran eta ilargia pasa ostean, hilaren 28an (inuxente eguna) hasiko da zeregin hauetan. Beheko infograma honetan oso ondo ikus daiteke kronograma. Webgune bat ere jarri dute zuzeneko jarraipena egiteko. Artikulu hau idazten ari nintzen bitartean komunikaziotarako antena nagusia hedatzea lortuta zuen eta lurrarekin komunikazioa bermatuta.

Behin dena hedatu eta L2 Lagrange puntura iritsi ostean, oraindik ere 5 hilabete beharko ditu eguneroko martxa hartu arte. Bitarte horretan, teleskopioaren optika probatu, kalibratu eta bestelako mantentze lanak egin beharko dituzte lehen lan zientifikoekin hasi aurretik. Ekaina amaiera edo uztailerako prest egongo da beraz. Ez dakit teleskopio honekin lan egitea amesten duten askok nola igaroko dituzten hainbeste hilabete zain, dena ondo dagoela ziurtatu arte... Hona hemen bideo benetan argigarri batean hedapen sekuentzia osoa (ingelesez):

 

 Hubble teleskopioaren osagarria

Hasiera batean Hubble teleskopioaren ordezko bezala jaurti behar bazuten ere, azkenean Hubble teleskopioari ere bizitza pixka bat luzatzea erabaki dute eta JWST (James Webb Space Telescope) honen osagarria izango da (edo alderantziz).

Izan ere, teleskopio berriak ispilu askoz handiagoa izateaz aparte, behatzerako garaian ere argiaren espektro ezberdina jasotzeko gai da.  Hubble teleskopioa argiaren espektro ikusgarria eta zertxo bat gehiago jasotzeko gai den bezala, JWST teleskopioak argi infragorriaren espektro zabalago bat jasotzeko aukera eskeintzen du.

Honenbestez, fenomeno ezberdinak aztertzeko aukera ematen du eta galaxia urrunak, zulo beltzak, exoplanetak eta gas eta nebulosa atzean dauden objektu ezberdinak ikusteko parada eskeiniko du (argi infragorriak hauek zeharkatzen baititu). Aldiz, Hubble lurreko teleskopio arrunt baten itxurakoa da, baina gure atmosferak eragiten dituen distorsio eta buruhausterik gabekoa. Espazioan teleskopio bat edukitzearen abantaila.

Mantenu aldetik ordea, Hubble behin baino gehiagotan konpontzeko aukera egon izan da, lurraren orbitan dagoenez, astronauta "mekanikoak" bidaltzeko aukera egon delako. Baina JWSTn zerbaitek ez badu ondo funtzionatzen, eternitate batean lurrarekin batera eguzkiari biraka ibiliko den txatarra mordoa baino ez da bihurtuko. Espero dezagun beraz dena ongi aterako dela eta unibertsoaren inguruan dauzkagun zalantza andana bat argitzen lagunduko digula!

 

Erantzun

Sartu