Teknofiloen albistegia

PopcornTime bueltan da, euskarazko azpititulu eta guzti

Erabiltzailearen aurpegia
2016-03-14 : 08:53

Denboraldi bat itxita eman ostean, itzuli da beste behin ere PopcornTime torrent erreproduktore famatua. Eta badirudi luzera begirako proiektu bat dela, 4 aldiz ixten saiatu badira ere, behin eta berriz jarri baitute martxan. Honez gero jakingo duzuen bezala, erreproduktore honek, torrent zerbitzari ezberdinetatik bai filme, serie eta baita anime torrentak eskuratu eta era oso txukun batean katalogatzen ditu.

Era honetako produktuen ikuslearentzat inoiz baino errazagoa da, bi kliketara eskuragarri baitu produktua inongo jakintza berezirik izan gabe. Bestaldean ordea, produktu hauekin etekina atera nahi duten enpresak daude, Netflix eta antzeko platafomen erabil erraztasuna eta erabateko doakotasuna baitu software honek.


Sustatu.eus | PT: Serie atal baten fitxa © cc-by-sa: urtzai

Plataforma ezberdinetan instalatu daiteke: Android TV, Android mugikorretan, MAC, Linux edota Windows ordenagailuetan. Eta horrez gain, zenbait SmartTV (nire kasuan Samsung bat) eta Chromecast aparailuarekin ere ondo konpontzen da. Gainera TrackTV (ikusi dituzun filme/serien zerrenden hemeroteka osatzeko), TVShow time (zure serie gustokoenen egutegia) edota OpenSubtitles (azpititulu datubase librea) bezalako zerbitzuekin konektatzeko aukera ere ematen digu.

Beraz, "Torrent media center" bat dela edo esan genezake. Hau da, media kudeatzaile konbentzionalen moduko software bat baina, fitxategia aurrez deskargatu eta katalogatu beharrik gabe. Ireki, aukeratu eta ikusi. Horrelako sinplea da.


Sustatu.eus | PT: Film baten fitxa © cc-by-sa: urtzai

Ez da edozein filme edo serie agertzen gainera katalogoan. HD kalitatetik beherakorik ez dute onartzen eta gutxienez 720p edota 1080p kalitatedun media aurki dezakegu bertako katalogoan. Ah, hori bai, bertsio originalean (ingelesez) eskeintzen dituzte eta oraingoz behintzat, Holywoodeko ekoizpenetatik aparte oso zaila da zerbait aurkitzea. Hala ere, katalogoan ez dagoen filme baten torrent fitxategi bat ireki dezakezu, aurrez saretik zuk zeuk eskuz deskargatu baduzu... Baina filme, serie edota dena delako multimedia produktua guztiz eskuragarri izateaz gain, badu euskal komunitatearentzat abantaila handi bat. Behar bezala konfiguratuz gero eta filmearen azpitituluak euskaraz eskuragarri badaude, zuzenean erakutsiko dizkizu. Ah, eta konturatu zarete interfazea bera ere euskarara itzulita dagoela? ;)


Sustatu.eus | PT: Euskarazko azpidatziekin erreproduzitzen © cc-by-sa: urtzai

Defektuz euskarazko azpitituluak agertzeko konfiguratu

Modu oso errazean konfiguratzen da aplikazioa bai interfazea eskaraz jartzeko eta baita azpitituluak defektuz euskaraz bilatzeko ere. Menuan goian eskuinetara, engranaia moduko botoi baten bitartez aplikazioaren hobespenetara joango gara. Bertan, PopcornTime aplikazioaren hizkuntza lehenetsia euskara dela esango diogu eta beheraxeago, berriz, film bat kargatzen den bakoitzean automatikoki euskarazko azpitituluak aurkitzeko esango diogu. Ikusi beheko irudian "Erabiltzaile interfazea" eta "Azpitituluak" atalei dagokien aukeretan.


Sustatu.eus | PT: Hobespenak. Azpidatziak defektuz euskaraz nola jarri © cc-by-sa: urtzai

Euskarazko azpitituluekin ikusteko beste aukera batzuk

Defektuz euskarazko azpitituluak agertzerik nahi ez baduzu ere, badago filme bakoitza erreproduzitzen ari zaren bitartean azpitituluak aukeratzea. Aplikazioak erreprodukzio menuan, filme horrentzat aurkitu dituen azpitituluen hizkuntzen zerrenda bat proposatuko dizu klik batean kargatzeko. Noski gure kasuan euskarazko aukera aukeratuko genuke, baina zer egin aukeren artean euskarazkoa ez badago?


Sustatu.eus | PT: Eskuragarri dauden beste hizkuntzen azpitituluak © cc-by-sa: urtzai

Lasai, oraindik badago esperantza. PopcornTimek azpititulu fitxategiak kargatzeko aukera ematen du. Horretarako, flime horri dagokion .srt formatuko fitxategia deskargatu beharko dugu. Azpitituluak.com edo OpenSubtitles webguneetan aurkituko dituzu asko eta asko. Behin fitxategia deskargatuta, filmea erreproduzitzen ari zaren bitartean, azpitituluen menuan "Pertsonalizatu..." aukera bat dago. Aukera hori balia dezakezu zu zeuk deskargatutako azpitituluen fitxategia kargatzeko.

Lehen aipaturiko webguneetan ez baduzu zure film gogokoenaren euskarazko azpititulurik aurkitzen, ziurrenik zuk zeuk sortu beharko duzu bat. Animatu, azpitituluak.com-en oso ondo azaltzen dute nola sortu eta partekatu zure azpidatzi propioak.

Nolatan agertzen dira azpitituluak automatikoki euskaraz?

Azpidatziak eskeintzen dituzten elkarte eta ekimen batzuk badaude sarean: Filmazpit (Zineuskadi elkarteak finantzatutako euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa), EuskoManga (gazte talde batek sortutako manga euskaratzeko proiektua). Baina hauek modu automatizatu eta bateratuan lortzeko aukerarik ez dute eskaintzen, EuskoMangako azpidatzien kasuan gainera, bideoan bertan "erreta" (irudian bertan txertatuta) daude...

Baina sarean zabaldutako lan hori bateratu eta edozein zerbitzu/norbanakori modu errazean eskuragarri jartzeko lan eskerga ikaragarria egin du beste talde batek. Lan horren emaitza orain artean azpitituluak.com webgunean gorde da baina azken egun hauetan OpenSubtitles gunean ere fitxategiak kargatzea erabaki da. Izan ere, azpitituluak.com webguneak ez baitu azpitituluak modu automatizatuan eskuratzeko aukera ematen. OpenSubtitles aldiz, oso gune ezaguna da mundu mailan eta azpitituluak oso modu txukunean eskuragarri jartzen ditu edozein kanpo zerbitzurentzat eskuragarri.

Hori da PopcornTimek azken bertsioan egin duena. OpenSubtitlesek eskaintzen duen zerbitzu hau baliatuz, aplikazioan integratu dituzte webgune honetan kargatzen diren azpitutuluak ere. Izan ere, orain artean yifysubtitles.com webgunean zeudenak bakarrik onartzen zituen torrent aplikazioak, baina webgune honetan ez dago euskarazko azpidatziak kargatzeko aukerarik.

Horrela bada, PopcornTimen azken bertsioa duzuen guztiok izango duzue aukera zerbitzu honekin gozatzeko. Hori bai, kontuan izan, erreproduzitzen den torrent bakoitzak azpititulu sinkronizatu baliokide bat izan behar duela, ez duela edozeinek balio. Baliteke beraz, OpenSubtitles gunean ikusi nahi duzun filmearen azpidatziak igota izatea, baina PopcornTimek erreproduzitzen duen torrentarekin bateragarria ez izatea. Hau gertatuz gero, onena, azpitituluak.com webgunekoekin harremanetan jartzea izango da. Beraiek lagunduko dizute sinkronizazio arazo hau konpontzen.

Aplikazioa bera ere euskaratzen lagundu nahi baduzu, Transifex tresna erabiliz lagundu dezakezu.

Filmeak zuzenean gure telebistan ikusteko

Aplikazio honek eskeintzen duen beste aukera interesgarri bat, bideoak ordenagailuko pantailan ikusi beharrean, emisioa telebistan ikusteko aukera da. PopcornTime ordenagailuan instalatuta eduki beharra dago baina Chromecast edota SmartTV (telebista inteligentea) sarean konektatuta daukazun detektatzen du. Telebistan ez da ezer instalatu behar, "Ikusi orain" botoiaren ondoan aurkituko dituzu bideoaren emisio aukerak (ikusi beheko irudia).


Sustatu.eus | PT: Gailu ezberdinetan emititzeko aukera © cc-by-sa: urtzai

Nik pertsonalki Chromecast eta SmartTV, bietan probatu dut eta primeran dabil. "Baina" bat du ordea. Behin filme edo seriea erreproduzitzen hasten denean, ezin duzu azpititulurik aukeratu edo aldatu eta SmartTV batean erreproduzitzen bazabiltza gainera, bideoan zehar aurrera eta atzera egiteko aukerak galtzen dituzu (Chromecastaren kasuan hau ordenagailutik egin behar da). Beraz, askotan, telebista egongelan eta ordenagailua beste gelaren batean baduzu, atzera eta aurrera ibili beharko duzu dena zure gustura jarri arte...

PopconTime eta legea

Ez dakit esan beharrik dagoen PopcornTimek Copyright legea hausten duela. Zinema eta serie industria atzetik ditu eta 4 bat aldiz proiektua itxi eta lurperatzen saiatu dira. Baina, aplikazioa kode irekikoa denez, edozeinen eskuragarri dago eta garatzaile talde ezberdinek proiektuaren ardura berriz hartu eta martxan jarri izan dute. Hemen aplikazioaren historia laburbildu dute.

Horrez gain, proiektua bitan zatitzea erabaki dute. Alde batetik, aplikazioaren nukleoa garatuko duen talde bat osatu dute. Zati hau guztiz legala izango da, torrentak bere horretan erreproduzitzea (copyright legerik ez duten bideo edota norberarenak direnak erreproduzitzea) legezkoa delako. Zati honi Butter izena jarri diote.

Eta beste aldetik, PopcornTime izenez ezagutzen dugun software geruza dago. Muinean Butter izango du funtzionatzeko, baina copyright legepean dauden edukiak eskuratzeko beharrezko mekanismoak eskainiko dituen funtzionalitateak edukiko ditu (filme eta serie katalogoa, alegia).

Kontuz PopcornTime bertsioarekin!!

Beraz, lehen aipatu bezala proiektua behin eta berriz martxan jartze honek paraleloan hainbat garapen bertsio egitea ekarri du. Talde ezberdinak aldi berean aplikazioa itxi zeneko kodea hartu eta beren bide propioa egin dute. Beraz, sarean pixkabat arakatuz gero PopcornTime aplikazioaren bertsio ezberdin ugari aurki ditzakezue.

Goiko atalean aipatu dudan "garatzaile ofizialen" taldeak Butter izeneko proiektua sortu du baina Time4popcorn edo antzerako beste hainbat bertsio ere sortu dira. Zein da beraz aplikazio egokiena?


Sustatu.eus | PT: Butter proiektua eta bertsioa © cc-by-sa: urtzai

Garatzaile ofizialen bertsioa eskuratzea gomendatzen da. Hemen azaltzen dira hainbat arrazoi, baina garatzaile hauen hasierako filosofia bermatzea edota "malwarerik" gabeko softwarea eskuratzeko bermea dira arrazoi nagusiak.

Bestalde, kontuan izan Butter proiektuan oinarritzen ez diren beste hainbat aplikaziok ez dutela OpenSubtitlesen azpititulu zerbitzua erabiltzen eta ondorioz, ezin izango dituzuela euskarazkoak eskuratu.

PopcornTime ofizialaren webgunea: https://popcorntime.sh/

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu