Teknologia albisteak

Kataluniako "Prozesuak" eragin nabarmena izan du euskal twitterlarion jardunean

Erabiltzailearen aurpegia
2017-11-24 : 13:13

Azken hilabete luzeotan euskal txiolarien ohiturak nahiko egonkortuta egon dira, aurtengo udazkena iritsi arte. Iraila-urrian marka guztiak hautsi dira. Sekula baino gehiago erabili dugu Twitter informazioa jaso eta partekatzeko. Sekula baino txio gehiago bota ditugu, eta birtxio portzentajea ere ikaragarri hazi da. Hizkuntza guztietan gertatu da igoera hori, baina nabarmena izan da katalanaren igoera (200.000 txio inguru katalanez). Kataluniako prozesuak eragin zuzena izan du, pentsa zitekeen bezala, euskal twitterlarion jardunean.

2010ean sortua, 2013an berregin eta sendotu genuen Umap.eus tresnaren azpiegitura teknikoa. Harrezkero Twitterreko euskaldunon jarduna jaso eta aztertzen dugu, hileroko txostenak eta urte osoko laburpenak eginez. 

Hiruzpalau urteko denbora-tarte luze honetan, gora-behera gutxi ikusi dugu euskaldunok Twitterren ditugun hizkuntza ohituretan. Hilero 10.000 twitterlari inguru aritu dira euskaraz txiokatzen eta, euskara-erabilera, txiolari horien artean, %40-45 ingurukoa izan ohi da, oso gora-behera gutxirekin. Joan zen iraileko datuak aztertzen hasi ginenean, ordea, sekulako aldaketa nabaritu genuen, urrian are nabarmenagoa izan dena. Euskarazko txioen proportzioa izugarri jaitsi da, ohiko %40-45 hartatik %30 ingurura (irailean %33 eta urrian %28). Harrituta geratu ginen hasieran: zer gertatu da hemen? Gainbegiratu txiki bat nahikoa izan zen arrazoia aurkitzeko: Kataluniako prozesuak eragin zuzena izan du txiolarion hizkuntza-ohituretan, eta baita Twitterri eskaini diogun arretan ere. Izan ere, inoiz baino gehiago tuiteatu baitugu azken hilabetean.

Kataluniako prozesuaren eragina 

Garbi dago Katalunian azken hilabeteotan gertatzen ari denak oihartzun handia izan duela euskaldunongan. Zenbait egunetan ez dugu beste gairik izan ahoan, familian, lagunartean, lanean,... eta, nola ez, Twitterren (urriko joera nagusiak ikustea besterik ez dago, eta traola nagusiak aztertzea: #katU1, #Catalunya, #llibertatJordis, #EmanEskuaKataluniari, #indeKAT, #Junts, eta abar).

Horrek guzti horrek eragin zuzena izan du euskaldunon Twitterreko jardunean, noski. Hona hemen irailetik hona azpimarratu daitezkeen kontuetako batzuk:

  • Euskaldunok sekula baino gehiago erabili dugu Twitter; informazioa lortzeko, partekatzeko, zuzenean txiokatzeko... Urrian orain arteko marka guztiak gainditu ditugu, ohikoa den txio kopurua bikoiztuz. Guztion artean 963.500 txio argitaratu ditugu Twitterren.
  • Hizkuntza guztietan igo da gure txio kopurua, baina ez denetan berdin. Igoera handiena katalanaren kasuan gertatu da, eta nabarmentzekoa iruditzen zaigu: 200.000 (bir)txio inguru bota ditugu guztion artean iraila-urrian. Azaroko datuak gehituta (oraindik ez dugu azaroko daturik), kopuru hori are gehiago haziko da.
  • Euskaraz ere normalean baino gehiago txiokatu dugu (272.000 txio urrian; batez bestekoa, 219.000 txio denean). Gure segida historikoan 2017ko urria da Twitterren euskarazko txio gehien argitaratu diren 2. hilabetea. (2015eko maiatzak dauka errekorra, hauteskundeen eta atxiloketen ondorioz). 2017ko urrian, batez beste, egunero euskarazko 9.000 txio inguru bota ditugu (oro har, 7.000 txiokoa denean batez bestekoa).
  • Gaztelaniaz ere igoera handia izan da, gehienbat birtxioetan (ohiko txio kopurua bikoiztu egin da). Eta igoera are handiago da, proportzioan, frantsesezko eta ingelesezko birtxioetan: ohikoa baino 4 aldiz gehiago birtxiokatu dugu frantsesezko eta ingelesezko edukia.

 

Hortaz, esan daiteke, Kataluniako prozesuak eragin zuzena izan duela euskaldonok Twitterren dauzkagun ohituretan: inoiz baino gehiago erabili dugu Twitter; erdarak inoiz baino gehiago baliatu ditugu; eta birtxio-kopurua ere izugarri handitu da. Izan ere, aldaketa guztiaren oinarrian horixe baitago: inoiz baino askoz ere gehiago birtxiokatu dugula.

Birtxioetan dago aldaketaren muina

Aurtengo udazkenean gertatu den aldaketa nabarmen horren muina birtxioetan dago. Hau da, inoiz baino askoz gehiago birtxiokatu ditugu beste batzuen iritzi eta estekak euskaldunok. Hedabide eta twitterlari katalanen mezuak izan dira asko eta asko; baita Kataluniari buruz nazioarteko hedabideetan argitaratu diren albisteak ere. 

Birtxioen portzentaia igotzen ari da denboran zehar; azken urteotan atzemandako joera da. 2014an txioen erdiak (%49) ziren birtxio; 2015ean %55; eta 2016an %60. Baina joera hori askoz handiagoa izan da Kataluniako prozesuaren eraginez. Urrian, esate baterako, 4 txiotik 3 birtxioak izan dira (%73,71). Hau da, urrian bota diren 960.000 txioetatik, 710.000 birtxioak izan dira. 

 

Euskara-erabilera erlatiboa beherantz

Prozesu guzti honen ondorioetako bat izan da, euskararen pisu erlatiboa jaitsi egin dela udatik hona. Azken urteotan euskara-erabilera %40-45 inguruan ibili den bitartean, urrian %28 besterik ez da izan. Dena dela, ez dirudi hizkuntzarekiko jarrera aldaketa bezala uler daitekeenik, egoera jakin baten zeharkako albo-kaltea baizik. Hau da, ez da izan diglosiak eragindako aldaketa, egoera informatibo batek eragina baizik. Izan ere, gorago esan dugun moduan, normalean baino gehiago txiokatu dugu euskaraz azken asteotan, nahiz eta beste hizkuntza batzuen igoera handiagoa izan den.

Azken asteotan zenbait txiolarik aipatu dute gaia Twitterren bertan, besteak beste Umapeko datuak aintzat hartuta. Azken batean, goian aipatu dugun egoera orokor horren isla delako twitterlari euskaldun askok hizkuntza-erabileran izan duten aldaketa. Euskal txiolari "arrunt" baten grafikoa da hemen beherago azaltzen duguna. "Arrunt" diogu, nagusiki euskaraz txiokatzen duten erabiltzaile askoren aldaketa islatzen duelako: erdaraz (batez ere katalanez) askoz gehiago txiokatu dugula iraila-urrian.

 

..................

Oharrak: datu guztiak, Umapen datu-basean dauden 50.000 euskal txiolariren datuetan oinarrituta. "Beste batzuk" sailkapen horretan ez daude bakarrik katalanezko txioak; baita beste hizkuntza txiki batzuk (italiera, alemana, galiziera,...) eta mezu elebidunak ere (ikus informazio gehiago hizkuntza detekzioaz).

Erantzun

Sartu