Sare sozial gehienek badute euren barne-hizkera, nolabaiteko ahuntz-erdara, sare horretako kideek bakarrik ezagutu eta darabiltena. Twitterrek ere badu berea, eta euskaldunok ere badugu hor gure mintzo berezia. Txio, txiokatu eta birtxiokatu, adibidez. Hala ere, badugu saltsa txiki bat horiek erabiltzeko orduan: bertxio? birtxio? txiotu? txiokatu? birtxiotu? bertxiokatu? Zein forma da hobetsi beharrekoa? Eta dagoeneko hiztegietan jasota al daude? Bada, Txiokatu eta Birtxiokatu dagoeneko jasota daude Elhuyarren hiztegian (eta Berriaren estilo liburuan) eta forma horiek dira hobetsi direnak erabilera estandarrerako.
Askotan esan ohi da, euskarak galdu egin duela garai batean zeukan bizitasuna. Gero eta errazago hartzen dituela erdaretako hitzak, eta gero eta gehiago kostatzen zaiola berba berriak sortzea, euskaratik pentsatutako termino berriak asmatzea; zer esanik ez hizkera informalean eta txantxa-giroan. Bada, azken urteotan, sare sozialen mundutxoan, badira asmatu diren berba berriak eta, gainera, bidea egin dutenak. Horien artean daude txantxa-giroan erabiltzen diren #dagomendat edota #daflipat bezalako traolak, adibidez. Edota Twitterren, natural-natural zabaldu diren #datsegit, txio, txiolari, txiokatu eta birtxiokatu. Horietako batzuek, Twitterretik kanpo ere euren bidea egin dute, eta idatzizko prentsan ere irakurri ahal izan ditugu maiz.
Esparru informaletako berbek denbora tartetxo bat behar izaten dute hiztegietan sartzeko, baina Twitterreko horiek dagoeneko egin dute jauzi hori, eta Elhuyarrek bere hiztegian batu ditu. Idazkera estandarra ere hobetsi dute, gainera. Izan ere, sarean nolabaiteko saltsa izan dugulako. Berdin ikusiko ditugu birtxiotu, bertxiotu, bertxiokatu zein birtxiokatu. Eremu informaletan informalitatearen aldeko bagara ere, kalterik ere ez digu egingo jakiteak zeintzuk diren horien artean hobetsi direnak. Elhuyarren arabera, txiokatu eta birtxiokatu dira aditzen forma hobetsiak.
Euskara ez da bide hori hartu duen hizkuntza bakarra, jakina. Katalanek piular darabilte txiokaturen ordain (eta piulaires dira txiolariak); galiziarrek euskararen antzera egin dute, eta chío (txio) eta chiar (txiokatu) hitzak dituzte (baita rechouchío eta rechouchiar ere). Galiziarren kasuan, gainera, Galizieraren Erret Akademiak dagoeneko onartuta dauzka hitz horiek, 2014az geroztik. Kataluniako Termcat-ek ere 2011an egin zuen piular aditzaren alde.
Euskaldunen kasuan Euskaltzaindiak ez du oraindik ezer esan hitz hauen inguruan (guk dakigularik), baina Elhuyar bezalako erreferentziazko erakunde eta hiztegi batek dagoeneko jaso eta hobetsi ditu txiokatu eta birtxiokatu (oker ez bagaude, 2016an). Berriaren estilo liburuak ere jasota ditu (beste batzuekin batera).
Hona hemen adibide txiki batzuk, erabilera horien ingurukoak. Gure aldetik, UMAPen azpiegitura informatikoak ematen digun aukera baliatuz, aztertzen ari gara ea zeintzuk diren orain arte gehien erabili diren formak, noiztik erabiltzen ditugun eta zeintzuk gailendu diren Twitterreko eguneroko erabileran. Laster izango duzue horren berri ;)
2016ko "Txiolari saiatuenen" profila argitaratu du asteburuan DVek. Aupa zuek, txiolariok! ;) https://t.co/jSMcHsJ6Bh @umapeu pic.twitter.com/Mq7BX3bZra
— Umap Euskaraz (@umapEU) 2017(e)ko martxoak 20
@txargain ea ba, txiokatu, txiokatu! @umapEU
— Aintzane Muguruza (@aintzanemug) 2017(e)ko martxoak 20
Zozketan parte hartzeko gure jaraitzaile izan eta txio hau bertxiokatu behar duzu. Zozketa: 31/05. Zorte on!! pic.twitter.com/nPFUWN5uqn
— Euskal Tonbola (@EuskalTonbola) 2016(e)ko maiatzak 10
Goazen! Birtxiokatu! #BandenLehia2016 finalean! #Zazkelwins #BandenLehiaBotoak
— Zazkel (@ZazkelTaldea) 2016(e)ko azaroak 25
Ni euskaraz naiz.
— UEMA (@uema_eus) 2017(e)ko otsailak 1
Gu #euskarazgara
Eta zu? Euskalduna bazara, lagundu #SareaZabaltzen
Jarraitu @uema_eus eta bertxiotu!
Eskerrik asko ;-) pic.twitter.com/qTVlvhshr4
@AnaisNi bai @mort delakoaz ari naiz @Eleder_ eta @ikermerchan ek ere txiotu dute. 3ak zarete oso txiolari finak, baina...
— Luistxo Fernandez (@luistxo) 2016(e)ko abuztuak 26
Erantzun
Sartu