2008-2012ko Euskara Planaren ebaluazioa aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzak. Erabilera bultzatzeko laugarren plana da, baina Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordeak jakinarazi duenez, erakundeek ez dituzte ezarritako hizkuntza irizpideak betetzen. 'Euskararen erabileraren normalizazioa herri administrazioan txostenean' bildutakoaren arabera, hutsune nabarmenak ditu euskarak administrazioan. Ez da berria, ezta sorpresa ere. Baina 2013-2017ko planak diseinatzeko unea den honetan, hausnarketarako oinarri sendoa eskaintzen digu.
Administrazioak ez ditu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen eta hori gabezia larria da. Herritarren eskubideen bermea izan beharko luke administrazioak, baina hizkuntzari lotzen bagatzaizkio, erakundeak herritarren eskubide urratzaile direla konturatzen gara.
Konpromisoari eta neke handiko lanei lotuta eman ditu pausoak euskarak. Ukaezina da azken urteetan aurrera egin dugula.Besterik da ordea, behar zen tamainan egin dugun aurrera. Gure hizkuntzak, neurri zehatzei lotuta baino, borondateari lotuta egin ditu urratsak. Eta horretan, argi dago,herriak aurre hartu diola administrazioari. Herritarren sentsibilizazioa eta eragileen inplikazioa bilatu nahi izan da, eta horrek bere emaitzak eman ditu. Euskalgintzak egindako ekarpen emankorra da horren adibide. Eta ongi dago herritarrei konpromisoa eta bultzada eskatzea, baina administrazioari dagokionean borondatea baino neurri zehatzak dira hartu beharrekoak.
Bost erakundetik batek dauka Euskara Plana azken ebaluazioaren arabera. Baina abian jarritako zenbat plan betetzen dira bere osotasunean? Zer gertatzen da betetzen ez diren planekin? Zer gertatzen da betetzen ez diren hizkuntza irizpideekin? Ezer ere ez. Eta hortxe dago gakoa. Beste departamentuetako (ingurumena, hirigintza…) planak eta legeak zuzen betetzen ditu administrazioak. Euskararenak aldiz ez. Borondateari lotzen zaizkio eta ez neurri zehatzei, gainera, legea bera da sarri urrats berriak emateko muga.
Administrazioaren orokortasunetik atera eta instituzioen mailaketan murgiltzen bagara berriz, goi administrazioa begiztatzen da azken lerroan. Baliabide gehien dituzten erakundeak izan arren, euskara gutxien erabiltzen duten erakundeak dira. Eta horrek eremu zabalean du eragin kaltegarria. Baita euskararen arnasgune diren udalerri euskaldunetan ere.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide garenok oso argi daukagu administrazioa euskalduntzeko Euskara Planak behar beharrezkoak direla. UEMAk frogatutako esperientzia dauka administrazioaren euskalduntzean, eta Mankomunitateak egindako ibilbidean argi ikusi dugu neurri zehatzen gainean osatu eta garatu diren ekintza planek emaitza ezin hobeak eman dituztela. Herri txikietako hainbat udalek, baliabide gutxi izanda ere, euskaraz funtzionatzeko gaitasuna lortu dute UEMAren babesean.
UEMAk udalerri euskaldunen erabateko euskalduntzea eta euskararen lurgunea zabaltzea du helburu. Euskarak biziko bada nagusi izango den guneak behar ditu eta aipatutako udalerriek funtzio garrantzitsua betetzen dute horretan. Izan ere, daukagun errealitate soziolinguistikoan euskararen arnasgune zabalena osatzen dute. Horregatik, berez administrazioak zerbitzuak euskaraz emateko gaitasunik ez izatea larria bada, are larriagoa bilakatzen da euskararen lurgunean. Udalerriotan hizkuntz politika ausartak gauzatzeko baldintzak daude eta hori da zehazki euskarak behar duena.
UEMAn, Mankomunitateko kide diren 71 herrietako udaletan euskararen erabileraren inguruko diagnostikoak egiten ari gara. Hutsuneak bilatu eta bakoitzak duen errealitatetik pauso berriak ematea da helburua. Eta horretarako, neurri zehatzen gainean marraztuko ditugu udal guztiotako Euskara Planak urtea amaitzerako.
Goi mailako instituzioetan ere, gaur egungo egoera soziolinguistikotik abiatuta, hizkuntz politika aurrerakoian oinarritutako planak behar ditugu. Euskararen arnasguneak kontutan izan eta berauen garapena bultzatuko dutenak. Baina batez ere, 2013-2017ko Euskara Plan guztiek gauzatzeko bermea behar dute.
Erantzun
Sartu