Teknologia albisteak

Euskarazko humanitate digitalen ikerketa sustatzeko diru-poltsak

Erabiltzailearen aurpegia
2019-10-07 : 09:37

UEUk eta Euskal Wikipediako Kultur Elkarteak humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzeko asmoz, 5.000 euroko bi diru-poltsa sustatuko dituzte. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 25ean amaituko da.

Dokumentuen digitalizazio masiboarekin, sare sozialen eztandarekin eta hizkuntz teknologien hedapenarekin arloen arteko lankidetza abiadura biziz garatzen ari da. Esparru bien artean eremu berriak ere ireki dira ikerketari eta berrikuntzari begira. Pasa den ekainean UEUk antolatu zuen “Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana jardunaldia izan da deialdi hau antolatzeko motibazioa. Bertan giza- eta gizarte-zientziak ikertzeko hainbat bide berri proposatu ziren, horietako asko gainera, Wikipedia edota Wikidatarekin lotuta daude. Bi plataforma horietan humanitatetei buruz datu andana (big data) lizentzia libreekin jaso edota modu grafikoan erakutsi baitaitezke.

Deialdiaren ezaugarriak hauek dira:

  • Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira.
  • Ikerketa-lanaren iraupena gehienez 8 hilabetekoa izango da, diru-poltsa esleitzen den egunetik hasita.
  • Ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du.
  • Ikerketaren helburua wikimedia proiektu bat edo gehiago erabili eta indartzea izango da.
  • Ikerketaren emaitza gisa txosten bat eta gutxienez euskarazko artikulu zientifiko bat (Uztaro, Ekaia, Euskarazko Hedabideen Urtekaria, Kondaira…) sortu beharko dira.
  • Horrez gain, ezagutza librea sortu, elkartrukatu edota zabaltzeko asmoa duten datuak edota programak sor litezke, beti lizentzia libreekin zabaltzeko modukoak.
  • 5.000 euroko 2 diru-poltsa aurreikusten dira.
  • Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2019ko urriaren7tik urriaren 25era arte egongo da zabalik, biak barne. UEUko webgunearen bidez aurkeztu beharko dira.

Ikusi deialdi osoa

Erantzun

Sartu