Teknologia albisteak

Moodle 2.3ren erabilera aurreratuari eta PLEa sortzeari buruzko ikastaroak online

Erabiltzailearen aurpegia
2014-03-02 : 13:52

Sareko erreminten erabilera geroz eta zabalduago dago norberaren egunerokoan. Tresnak nola erabili, baina, ez dago hain hedatuta. Hori aitzaki hartuta, Moodle 2.3 plataformaren erabilera aurreratuari eta norberaren PLEa sortzeari (Personal Learngin Enviroment) buruzko ikastaroak prestatu ditu UEUk udaberrirako antolatutako ikastaroen baitan.

Moodle plataformaren erabilerari buruzkoan, bereziki, birtualiatean erabili beharreko estrategia didaktikoen inguruko hausnarketa eta tresna horren oinarri pedagogikoen ezagutza landuko dituzte. Abel Camachok eta Pedro Lonbidek zuzenduko dute.

Aldiz, norberaren PLEa sortzen ikasteko ikastaroa Amaia Arroyok eskainiko du. Haren helburua da, besteak beste, eguneroko jardunerako informazioa eskuratzeko gune eta bideak ezagutaraztea, baita informazioa tratatzeko eta jakintza sortzeko tresna egokiak identifikatzea ere.

Bi ikastaro horien berezitasun nagusiena da online direla, hau da, norberak bere eginkizunen arabera egokitu ahalko du ikastaroko edukien lanketa. Hori gutxi ez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak matrikularen % 35 ordaintzeko laguntza bideratuko du gipuzkoarrentzat, eta Eibarko eta Elgoibarko Udalek ere laguntza eskainiko dute udalerri horietan erroldatutakoentzat. Izena emateko epea zabalik dago jada UEUren web gunean.

Online irakaskuntzaren alde egin du apustu UEUk, eta udaberriko eskaintzan, guztira, lau eskainiko ditu. Aipatutako horiez gain, Euskal Herriko oroimen historikoari eta norberaren euskara-maila lantzeari buruzkoak. Online ez direnak ere eskaintzen ditu: hala nola, ahots-teknikak lantzearen, eta eskola libre eta demokratikoek gizarte aldaketarako tresna izatearen ingurukoak. Ikastaroen zerrenda osoa UEUren web gunean da ikusgai.

 

Erantzun

Sartu