Teknologia albisteak

Amonarriz eta Hirigarairen hitzaldia eta Mintzaneten aurkezpena gaur Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia
2015-03-04 : 11:37
Non dugu iparra?” lelopean bi hitzaldi antolatu ditu Galtzaundi euskara elkarteak martxorako Tolosan. Tolosa eta Uztaritzeren arteko senidetzea, Nafarroaren eguna, Herri Urrats… tartean, euskararen herriko sareak indartzeko baliagarri izatea nahiko lukete antolatzaileek. Helburu horrekin, ondoko ekimenak egingo dira: Gaur osteguna hilak 5, 19etan, Kike Amonarrizen eta Pantzo Hirigarairen hitzaldia; martxoaren 26an, berriz, Xan Aire Seaskako Euskaraz Bizi egitasmoko koordinatzailearen hitzaldia.
Gaur osteguna hilak 5, 19etan, Tolosako kultur etxean, Kike Amonarriz eta Pantzo Hirigaraik hitzaldi umoretsua eskainiko dute. Hemen Kike Amonarrizek Tolosaldeko Atariari eskainitako elkarrizketa.

“Zergatik hitz egiten dute horren ozen gipuzkoarrek? Zergatik ari dira baxenabartarrak dragatzen, arabarrak ligatzen ari diren bitartean? Berdinak ote dira Zuberoako neskenegünetako eta Bizkaiko zapatuetako gauak? Zenbateko aldea dago Lezotik Azkainera, 30 km ala 1000 argi-urte? Ba al dugu elkarren berri? Ustez, dakizkigunak ez al dira topikoak edo klixeak? Edo benetan, horrelakoak gara?

Bi so. Bi begirada, Bidasoaren bi aldeetatik bi aldeetara.

Bidasoaren izenak berak ez ote du Euskal Herriaren bitasuna nabarmentzen hitz hasierako BI horrekin? Edo bat gara Bidasoa guztien gainetik? Baina, zerk batzen gaitu, eta zerk bereizten?

Galdera hauen eta beste askoren erantzuna Pantzo Hirigarai eta Kike Amonarrizen eskutik, umorea nagusi…”

Jarraian, berriz, Ritxi Lizartzak eta Ainara Loiartek, Internet bitartez euskara praktikatzeko beharra dutenak eta laguntzeko prestutasuna dutenak biltzen dituen Mintzanet egitasmoa aurkeztuko dute. Besteak beste, bi uztariztarrekin hitz egingo dute zuzenean Mintzanet bitartez.

Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian

Martxoak 26 osteguna, 19:00etan, Tolosako Kultur Etxean, Xan Aire Seaskako Euskaraz Bizi egitasmoko koordinatzaileak hitzaldia eskainiko du. Aipatu hitzaldian parte hartuko dute ere Tolosako eta Kanboko ikasleek, euren testigantzak emanez.

Ipar Euskal Herriko euskararen egoeraren nondik norakoak, Ziburuko ikastola… izango dituzte, besteak beste, hizpide.

Erantzun

Sartu