Aste honetan “Euskal esoterismo zahar-berria plandemikoa da orain: Osasuna eta Eskubideak” izeneko artikulua irakurrita erabat harrituta geratu gara, gauza pilo bat nahastuta eta intentzio txarrez jarrita, izenburutik hasita. Argitzen saiatuko naiz:
Osasuna eta Eskubideak plataforma bat da, talde eta kide askoz osatuta, mota oso desberdineko jendea duena eta prentsaurrekoan esan genuen moduan batzen gaituena ez da Luistxok jarritako lotura askoren albiste guztiak, bere izenak dioen bezala osasuna eta eskubideak aldarrikatzen dituen gune bat besterik ez da.
Luistxo Fernandezi ondo irudiko zaizkio koronabirusa dela eta espainiar estatuan eta hemen hartu diren erabakiak, baina, antza, Hego Euskalerrian hildako tasan txapeldunak izan gara Belgika eta Espainiaren batera. Eta Europan nola kudeatu duten gai hau ikusita, berriz ere, Europa Pirinioetatik gora hasten dela dirudi: konfinamendu zorrotzenarekin emaitza txarrenak hemen, umeak txakurrak baino txarrago tratatu ditugu (Iparraldean eta Europa osoan kalera atera ahal ziren egunero ordutegi mugatuarekin batzutan), nagusien egoitzetan aitita-amamak bakartasun osoan hiltzen utzi ditugu, hildako gehiago eragin zituzten protokoloak aplikatzen egon gara (autopsiak egitea dekatu zuten eta horrekin jendea zergatik hiltzen zen eta aplikatzen ari ziren protokolo batzuk ez zirela egokiak ezin izan zen jakin), ekonomiaren okertze handiena Europa mailan… Artikulu luze batzuk beharko lirateke.
Eta orain berdin: muturreko konfinamenduak, deseskalatzean, kontrako efektua eragin du eta egoera ikusita orain berriro muturrera itzuli gaituzte musukoa etengabe eraman beharrarekin, nahiz eta bakarrik joan edo inorekin ez egon… absurdoa eta osasunaren eta eskubideen kontra dagoena. Holandako osasun ministroak argi esan du musukoa etengabe eramatea osasunerako kaltegarria dela. Baina Luistxorentzat ministroa hori esoterikoa ere izango da. Eta eskolak espetxe bihurtu ditugu eta soilik “cara al sol” kantatzea falta zaigu frankismoko garairik loretsuenera itzultzeko.
Luistxok ez dizue aipatuko Nekane Juradok behin baino gehiagotan azaldu duena, gai hau ulertzeko ezinbestekoa dena: osasun alorrean EAEn inbertitzen den BPGren ehunekoa azken 10 urteotan etengabe jaitsi dela, %20 inguru. Gainera ez zen altua, Europako Batasunarena baino %35 txikiagoa zelako. Nabarran ere gu baino hobeto daude, BPGren puntu bat gehiagorekin.
Luistxok artikuluan Antonio Arnaiz txarto jarri nahi izan du: “ustezko epidemiologoa”. Tira, badirudi ez dakiela Wikipediara jo dezakeela informazio pixka bat jasotzeko, adibidez, estatuko Parlamentuak sari bat eman ziola Transplanteen legea idatzi eta bultzatzegatik… eta noski, immunologoa bada, 12 Octubre Ospitaleko atal horren burua izan zen eta! Bere proposamenak, hizkuntzalaritzako proposamen guztiak bezala hartu ala utzi daitezke baina Europa osoan hizkuntza substratu amankomun bat dagoela atzerriko gero eta aditu gehiagok esaten dute, hemengo hedabideetan inoiz agertuko ez direnak noski. Baina Luistxorentzat Pirinioetatik behera dauden hedabideen informazioarekin nahiko daukala dirudi.
Gero gure kazetari prestuak salto egiten du eta Euskeraren Jatorriarekin eta Iruña-Veleia argitzen lan egiten dutenekin sartzen da, denak esoterismo zahar-berrian sartuz.
Baina inkestetan gertatzen den bezala, garrantzitsuena ez da Luistxok kontatzen diguna, ezkutatzen diguna baino, adibidez Iruña-Veleiaren kasuan. “Teknologia albisteak” azpititulu moduan duen Sustatuko arduradunak ez omen daki orain dela 60 urte arkeometria sortu zela eta horrek objektu arkeologikoak datatzen dituela. Eta 600-2000 eurorekin grafito bat noiz egin den zientifikoki jakin dezakegula, adibidez, 3. mendekoa omen den “Gure Aita” egiazkoa den ala ez jakingo genukeela (gaztelerazko “Padre Nuestro” baino 800 bat urte lehenagokoa).
Eta Europan, hau da Pirinioetatik iparralderantz, arkeologoak ez daudela 12 urtez eztabaidatzen grafito bat egiazkoa ala faltsua den inoiz probatu ez diren hizkuntzalaritzako teorien arabera, baizik eta laborategietara bidaltzen dituztela. Baina Luistxok ez dizue hori kontatuko, grafito bat laborategi batera bidaltzea esoterismoan jaustea litzateke eta. Euskeraren Jatorrikoak, beste talde eta jende askorekin batera, zergatik ari dira Iruña-Veleian datazioak, datazioak eta datazioak eskatzen? Eta EHUko Letren Fakultateak zergatik ari da datazioak ukatzen, ukatzen eta ukatzen? Nor du bere teoriak hankaz gora jartzeko beldur?
Eta are larriagoa da Luistxo gaia horrela botatzea une honetan, pertsona batek bi hilabete baino gehiago daramatzanean gose greban, grafitoak suntsitu baino lehen behingoz data ditzaten.
Eta, noski, Luistxok ez dizue esango hondeamakinak hiru aldiz sartu dutela Iruña-Veleian eta izugarrizko sarraskiak egin dituztela. Baina buldozerzaleak ere ez omen dira esoterikoak. Luistxok ez dizue esango ETB zientziaren aurka nola ari den Baskoniako beste historia bat dokumentalean, etab, etab.
Izan ere, Luistxoren hitzak ondo ulertzeko behe-behean dagoen irudia begiratu behar dugu, “Eusko Jaurlaritza” jartzen duena. Badirudi Sustatu bertsio ofizialen zale bihurtu zaigula. Bai, ezagun batek dioen moduan, azken bolada honetan dirulaguntzaz lagundutako hedabideen sinesgarritasuna gero eta zalantzazkoagoa da.
Patxi Alaña
Erantzun
Sartu