Sakana gogor kolpatu zuen krisiak: 2 urtetan %7tik %20ko langabezi tasa batera igaro zen eskualdea. Horren aurrean geldirik geratu beharrean, bailarako hainbat eragile ezberdinek bertako egoerari buelta emateko Sakanako Plan Estrategikoa garatzea adostu zuten. Tokiko garapeneko esperientzia hoberenak eredu hartuta, plan zehatz eta anbizioso bat onartu zen. Orain azken pausua falta da: Nafar Gobernuarekin akordioa, planaren garapenerako finantziazioa eskuratzeko.
2011ko udazkenean Sakanako Larrialdi Mahaiaren inguruan bildutakoen artean inork gutxik pentsatuko zuen lau urteko epean Sakana orain dagoen puntuan egongo zenik, ibilbide oparoa jorratu eta gero. Langabeziaren igoerak batez ere bultzatu zituen, Abian elkarteak gonbidatuta, mahaian esertzera.
2008-2013 bitartean langabetu kopurua 605tik 2008ra igo zen eta langabezia tasa % 7tik %26ra. Mahai horretan, besteak beste, alderdi politiko guztiak, sindikatu ia guztiak eta Sakanako Enpresari Elkartea bildu ziren, eta gehiengo zabal eta anitzak sei urratsezko bide-orria adostu zuen. Sei puntu horietarik hiru Sakanako eragileei zegozkien (garapenerako erakundea sortu, plan estrategikoa definitu eta gizarte ekintzailetasunerako plataformak sortu) eta beste hirurak Nafar Erakundeei (presazko industrializatze eremutzat izendatu, elkarlanerako marko egonkorra osatu eta aurrekontuz prozesua babestu).
Sakanako eragileen hiru eginbeharrekoak eginak daude. 2012. urtean berean Mankomunitateak Sakanako Garapen Agentzia eratu zuen eta Sakantzen Sarea sortu zen. Hiru eragile horiek izan ziren, Cederna-Garalurrekin batera Plan Estrategikoaren dinamizazioa aurrera eraman zutenak.
Hilabeteetako lanaren ostean, 4 arlotan (elikadura, industria, energia eta turismoa) 160 akzio diseinatu ziren. 2014ko udaberrian onartu (deskargatu hemen) zen, adostasun zabal eta aurrez ikusi gabeko batekin.
Onartu zenetik gaur egunera arte, plana garatuz joan bada ere, guztia aurrera eraman ahal izateko oinarrizko akordio baten bila ari dira: Nafar Gobernuarekin akordio bat sinatzea, finantziazioa lortu ahal izateko. Izan ere, garapenerako eskumena Nafar Gobernuarena da eta udalek nekez egin ahal diote aurre horrelako plan batek eskatzen duen diru kantitateari.
Helburu hau izanik, Sakanako ordezkaritza bat Nafarroako talde politiko ezberdinekin bildu zen, egindako lana azaldu eta planari babesa eskaintzeko asmoz. Talde guztiek nabarmendu zuten
egindako ibilbidea, eta horren erakusle izan zen Nafar Parlamentuan aho batez onarturiko mozioa: bertan egindako lana aitortzen zuten eta Nafar Gobernuari eskatzen zioten akordio bat sinatzea finantziazioa bermatzeko.
Akordio hori eskuan izanda, Nafar Gobernuko atea behin eta berriro jo ostean, Lourdes Goicoechea kontseilari ohiarekin bi bilera izan zituen Sakanako negoziatzaile taldeak. Maiatzaren 21ean Goicoecheak esan zuen "Bideragarritzat jotzen dugu Sakanako Mankomunitatea eta Nafar Gobernuaren arteko Hitzarmena, Sakana2020 Plan Estrategikoa laguntzeko". Bazirudien urteetako lanak azkenean emaitza izango zuela, baina maiatzaren 24ko hauteskundeek eta hortik etorri zen gobernu aldaketak negoziazioak eten zituzten.
Hori lortzeko talde negoziatzaile berri bat eratu da: bertan Aitor Karasatorre Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, Iker Manterola Garapen Agentziako teknikaria, Joseba Garmendia Sakantzeneko kidea, Javier Ollo Altsasuko alkatea eta Jose Julian Garmendia (Lacunza Kalor Groupeko presidentea) egongo dira. Horrekin batera Sakanako alkate guztiek deklarazio bat sinatu duteeta gaur bertan Berrian Sakanako herritarren iritzi artikulu bat argitaratu da.Negozioazio berririk egon ez bada ere, Nafar Gobernutik hitz onak entzuten dira (behin baino gehiagotan aipatu du Uxue Barkosek berak Sakana eta Erribera bereziki lagundu beharreko zonaldeak direla), baina zeozer zehatzagoa nahi lortu nahi da Sakanatik, bereziki laster aurkeztuko diren aurrekontuetan.
Finantziazioa lortuko balitz, posible litzateke Sakanako esperientzia Euskal Herriko beste eskualde askorentzat eredu izatea: behetik gora eraiki eta diseinatutako Plan Estrategiko bat, bailararen errealitate lokala kontuan hartzen duena, sarearen indarrean oinarriturikoa eta garapen jasangarria helburu duena. Espero dezagun datozen asteetan berri on bat idatzi ahal izatea.
Erantzun
Sartu