Azpeitiko Kultur Mahaiak, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak elkarlanean antolatutako Aho Bizarrik Gabe solasaldi zikloaren zortzigarren saioa izan zen atzo Sanagustin kulturgunean. Laurogei lagun inguru gerturatu ziren Josu Azpillagak Jon Sarasuari egindako elkarrizketa entzutera. Euskalgintzaz, euskal kulturaren norabideaz, kooperatibismoaz eta bertsolaritzaz aritu ziren, besteak beste, ordubete inguruko saioan.
Sarasuak iaz ateratako Hiztunpolisa liburua hartu zuen abiapuntu Azpillagak, eta hori idazteko arrazoiaz galdetuta "euskararen inguruan, urte askoan barruan gordetzen joandakoen pisua arintzeko" egin zuela adierazi zuen Sarasuak. "Eztabaidarako liburua" dela dio.
Izan ere, "gandututa" dago bere ustez euskararen etorkizunaren inguruko ikuspegia, "badakigu nondik gatozen, baina zeintzuk dira hurrengo pausoak?" galdetu zuen. Iraganean emandako pausoak azpimarratu zituen, euskara batua sortzea eta Ikastolak sortzea, besteak beste.
Bere ustez, ideologia modernoek ez dute aurkitu kultura garatzeko tresnarik, "herri txikioi dagokigu lan hori", zioen. Etxea (egitura politikoa) eta sua (euskal jarraidura kulturala) bereizten ditu Sarasuak. "Euskaldunok gehienetan etxerik gabe egon gara, eta hala ere, gure hizkuntza eta kultura transmititzen asmatu dugu, sua bizirik mantendu dugu", esan zuen. "Etxeari buruzko iritzi desberdinak izanda ere, sua elkarrekin zaindu behar dugu", gaineratu zuen. Euskararen hauspoa gizarte erakundeek astintzen dutela eta erakunde publikoek ere "indar handia" egiten dutela azaldu zuen.
"Ezkerra eskuina da"
Ezkerrarekin "azkenaldian kritiko samar" aritzeaz galdetu zion Azpillagak. "Ezkerraren gune sendoetan lan egitea egokitu zait, eta horietan zenbat eta gehiago sakondu, diskurtso batzuk agortzen joan zaizkit barruan", adierazi zuen Sarasuak. "Ez dakit ezkerraz hitz egin daitekeen gaur", izan ere, bere ustez "ezkerrak liberalismo sozialdemokratikoari kolore gorrixeagoa eman besterik ez dio egiten gaur egun, dimititu egin du Marxek aipatzen zuen azpiegitura hura eraikitzetik". Hemengo ezkerra desagertzera doa bere ustez, "hemengo ezkerra eskuina da", zioen.
Munduan barrena
Garabide proiektuan ari da gaur egun Sarasua, "euskararen herriak egin duen lana beste herriekin partekatzen". Herri indigenekin aritzen da gehienbat. Azpillagak zera galdetu zion, ea zer den haiei guretik atentzioa gehien ematen diena. "Ikastolen lana egiten zaie harrigarrien, duela 50 urte euskararen egoera zena izanda eta frankismo betean, gure gurasoen belaunaldiak horrelako proiektu bat martxan jartzea", nabarmendu zuen.
Alderantziz, herri indigenen kulturak bera zertan harritzen duen galdetuta, haiek "kultur-fluxu zabalagoa" dutela eta "transmititzen eta berritzen" jakin izan dutela nabarmendu zuen, "guretzat hizkuntza izan da ia dena, eta bidean gauza asko utzi dugu". Euskalgintzari "etorkizuneko aurreikuspena eta estrategia falta zaizkio", Sarasuaren ustez.
Kooperatibak eta autoeraketa
Debagoienako eragile eta enpresa sareaz ere aritu ziren Azpillaga eta Sarasua. Bailararen funtzionamendua lau ardatzetan mugitzen dela adierazi zuen: euskaltasuna, elkartasuna, iraunkortasuna eta, batez ere, autoeraketa. Azken hau da, bere ustez, mugimendu kooperatibistaren gako eta erronka garrantzitsuenetakoa. "Euskalgintza bezala, ordea, kooperatibismoa ere noraezean" dabilela nabarmendu zuen, "eta orain bakoitzak ahal duena egiten du". Horrek dakarren arriskua, bere ustez, "kooperatibismoak bere espiritua galdu eta teknokrazia barne demokraziari gailentzea" da. Enpresen "barne demokrazia" indartu beharraz aritu zen: "Nola da poisble estatuko presidentea aukeratu ahal izatea, eta ez geure enpresakoa?".
Bertsotan, tarteka
Hamalau urte dira Sarasuak bertsotan aritzeari utzi ziola, eta orain, bertsolaritzaren martxaz galdetuta, entzuleen artean zituen Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi eta Laxaro Azkune, nahiz Erniarraitz bertso eskolako hainbat ikasleri keinu eginez, "entzutea eta isiltzea" dagokiola iritzi zion umore puntuarekin: "Bestela, aurpegiratuko didate ea zer egiten nuen neuk bertsotan nenbilenean".
Hariari eutsiz, oro har, "osasuntsu" ikusten du bertsolaritza. "Etorkizuneko ikuspegia izan du, eta hasieran ametsak ziren horiek betetzen ari dira: dokumentazio zentroa, ikerketak, bertsoa telebistan txertatzea edo bertso eskolak sortzea, esaterako". Belaunaldi berrietan bertsolaritzak izango duen lekua "gure antolakuntza eta energiaren araberakoa" izango dela zioen, "hori ez digu independentziak emango", baieztatu zuen.
Bertsoak tentatzen du, oraindik, Sarasua, baina ez plazak. Duela urte batzuk baino "erdoilduago" sentitzen du bere burua bertsotarako; urtean behin, ordea, "erdi sekretuan saio bat" egiten duela aitortu zuen.
Erantzun
Sartu