Teknologia albisteak

Azaroaren 14ean Nazioarteko Greba Orokorra egitearen alde

Erabiltzailearen aurpegia
2012-11-04 : 16:19

Oso egoera larrian gaude, eta ezin dugu hainbeste erasoen kontra protestatzeko aukerarik galdu. Motiboak, gogoa, aukera eta beharra daude Nazioarteko Greba hau handia izan dadin, baita Euskal Herrian ere. Ados bazaude, sinatu manifestua http://azaroak14greba.wordpress.com helbidean

Nozitzen dugun egoera ekonomiko eta soziala inoiz ezagutu ez dugun mailara heltzen ari da:

·                     Duela gutxi, Granadako 54 urteko kioskero batek eta Kanarietako Las Palmaseko gazte batek bere buruaz beste egin dute, beren etxeak desjabetuak izango zirelako.

·                     Pertsona horien eta oro har kredituak ordaindu ezin dutenen etxeekin geratzen diren bankuek 60.000 milioi euro jasoko dituzte estatu espainoleko zorratzat hartua izan den erreskatean, denok ordaindu beharko duguna.

·                     Dependentzia legearen murrizketak presioa egiten du emakumeen gainean oso gogorra den lana konpentsaziorik gabe edo oso eskasarekin egin dezaten.

·                     Raxoiren Gobernuak bultzatutako azken Lan erreformaren ondoren Euskal Autonomia Elkartean gauzatu diren Enplegua Erregulatzeko Espediente kopuruak %112ko igoera izan du. Nafarroan izandako igoera %82koa zen dagoeneko uztailean.

·                     Langileak kaleratzea hain erraz eta merkea izanda, langabezian dauden langile kopuruak etengabe hasten jarraitzen du: 203.900 dira Hego Euskal Herrian. Langabezi tasa % 15,35koa da (%17,28koa Bizkaian). Eta hau larria bada, estatuko baxuenetakoa da, bertan %25ekoa baita, 5.778.100 langabe daudelarik.

·                     Bitartean, gero eta gehiago dira milioi asko dutenen Forbes zerrendan agertzen direnak, kapitalen ihesa eta iruzur fiskala areagotzen dira, luxuzko autoen salmentak %80ko igoera izan du, eta ia langile guztiak kaleratu dituen Formica enpresak bere egoitza Euskadin mantendu du, zerga gutxiago ordaintzen dituelako.

·                      Bizkaian dagoen pobreziari buruz Caritasek egin duen azken txostenean azaltzen denez, pobreziaren egoera guztiak okertu egin direla: pobrezia bera, laguntza publikoak (diru-laguntzak) jasotzeko zailtasunak, senideak atenditu beharrarekiko pobrezia, etxebizitzaren prekarietatea, eta egoera larriak, non arazo guztiak pilatzen diren.

·                     Horrelako egoera dela eta, munduko aberatsenetakoa den Amancio Ortegak 20 milioi euroko donazioa eman dio Caritasi. Diru asko dutenek behar bezalako zergak ordaintzea justizia litzateke. Baina justiziarik ez dagoenez, karitatea sortzen da. Igo den zerga bakanetakoa BEZa da, eta zerga horretan berdin ordaintzen dute Amancio Ortegak berak eta Caritasen laguntza jasotzen duenak.

Gauzak horrela, gero eta argiago dago Europar Batasunak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak inposatutako eta gure inguruko Gobernu guztiek txintik esan gabe aplikatzen dituzten neurrien helburua ez dela krisitik ateratzea, Europako hegoaldeko gizarte eskubideak eta lan baldintzak hirugarren mundukoak bezalakoak izan daitezela baizik.

·                     Ez dute soldata arauturik, aparteko ordainsaririk, lan hitzarmenik, negoziazio kolektiborik ezta sindikaturik nahi.

·                     Ez dute osasuna, hezkuntza, dependentziarako arreta edo pentsio publikorik nahi, beraientzako negozio esparruak izatea nahi dutelako.

·                     Ez zaie axola denda edo enpresa txikiak kreditu faltak itota izatea. Hemen enpresa handientzat, bankarentzat eta espekulatzaileentzat gobernatzen baita.

·                     Bere negozioei mugak jartzen dizkieten lege guztiak ezabatu nahi dituzte, Eurovegas proiektuan egin nahi duten bezala.

·                     2013ko estatu aurrekontuekin eta laster gerta daitekeen erreskatearekin, murrizketa gehiago etorriko dira.

·                     Hala ere, aurrekontu militarrak handitzen jarraituko dute, eta baita zentzugabekoak diren obra erraldoiak (AHT bezalakoak) egiten ere.

Murrizketa politikak Europa osoan aplikatzen direnez, argi egon da beti herriaren erantzuna ere Europa osoan antolatu behar direla. Hala ere, urte batzuk itxaron behar izan dugu Nazioarteko Greba Orokorra deitua izan arte. Azaroaren 14ean greba orokorra izango da estatu espainiarrean, Portugalen, Grezian, Maltan eta Chipren. Italian 4 orduko lanuztea egingo da. Europako gainontzeko herrialdeetan (baita Ipar Euskal Herrian ere), manifestazioak eta lanuzte sektorialak egingo dira. Hego Euskal Herriko egoera Europakoaren bataz bestekoa baino okerragoa denez, eman behar dugun erantzuna ere gogorragoa izan behar da. Greba orokorra behar dugu.

Botere ekonomikoak, eta bere zerbitzuan dauden botere politiko eta mediatikoak grebek ezertarako balio ez dutela esaten digute, politika ekonomikoa ez dutela aldatuko argudiatuz. Baina beren diskurtsoak konbentzitzen ez bagaitu, poliziaren pertsuasio armatua geratzen zaie, eta patronalaren mehatxuak, prekarietatea ea erabatekoa den egoera honetan indar handia dutena

Hala ere, honetan ere gezurretan dabiltza. Duela gutxi, Portugaleko Gobernuak langileen gizarte kotizazioak igotzeko eta enpresarienak jaisteko zeukan proiektua bertan behera utzi behar izan du, Krabelinen Iraultzaren osteko manifestaziorik handienak egin direlako. Eta pentsa dezagun Greziako herriak hainbeste protesta egingo ez balitu (besteak beste greba orokor ugari eginez) zein izango litzatekeen bertako egoera. Orain, EB, NDF eta EBZk osatzen duten Troikak 13 lan orduko eguna eta 6 lan eguneko astea inposatu nahi dituzte. Zer eskatuko lukete Greziako herriak protesta egin izan ez bazuen?

Grezian egindako azken Greba Orokorra irailaren 26an izan zen, Euskal Herrian bezalaxe. Eta hurrengoa azaroaren 14ean izango da, hemen bezala. Egia da greba egingo dugunontzat ahalegin ekonomiko handia dela, baina baita ere protesta egiten ez badugu egoera okerragoa izango dela. Orain arte izan ditugun eskubide laboral eta sozialak gure guraso eta aiton-amonen borrokari esker lortu ziren. Gaur borrokatzen ez badugu, ez da ezer geratuko gure seme-alabentzat.

Euskal Herrian nozitzen dugun zatiketa sindikal izugarria ere oso oztopo handia da gure herrialdea geldiarazteko moduko mobilizazioa lortzea, martxoaren 29an lortu zenaren antzekoa. Baina, azaldu dugun egoera hain larria denez, mobilizazioa nork deitua den jakiteak ez du inolako garrantzirik. Greba orokorrak ez dira deialdia egiten dutenen alde, neurri batzuen kontra protestatzeko baizik, eta egiten dizkiguten gauza guztien kontra protestatzeko aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu.

Gainera, herriak berak grebaren kontrola hartu behar du, duela gutxi plazak hartu zituen bezala. Mobilizazioetan protagonista izan behar dira langabezian dauden milaka pertsonak, ikasleak, jubilatuak, etxekoandreak, dendariak, autonomoak… Ekoizpena eta zerbitzuak gelditzeaz gain, etxean ere amantalen greba egin behar da, kontsumo greba egin behar da, eta geldirik dagoen garraioa bizikleta koloretsuekin ordezkatu egin behar dugu.

Horregatik inposatu eta inposatu nahi dizkiguten murrizketek kaltetuta suertatzen den biztanleriaren %99ari arlo guztietan mobilizatzeko eta azaroaren 14ko Nazioarteko Greba Orokorrean parte hartzeko deia egiten diogu.

Motiboak, gogoa, aukera eta beharra daude Greba hau handia izan dadin, baita Euskal Herrian ERE ere.

Erantzun

Sartu