Zure euskara hobetu nahi duzu? Lagun berriak egin? AEKn praktikatzeko eskaintza zabala daukagu, hemen adibide batzuk topatuko dituzu: http://www.praktikatu.org
Aurtengo jardunaldian, saiatuko gara eragiteko errezetak topatzen, hizlarien laguntzaz eta psikologiaren ikuspegitik. Horretarako, eremu bi alderatuko ditugu: batetik, entzungo dugu zelan ulertu, jokatu eta aritu behar dugun gune urbano nagusiki erdaldunetan; bestetik, jakingo dugu nolako garrantzia duen norberaren hizkuntz jokaerak arnasgune deritzegunetan, bai eta praktika onak ezagutu ere. Lehen-lehenik, baina, ahaleginduko gara antzematen (eta partekatzen) zer den akuilu norberaren motibazioan…
Gaur egun, 150 herrik baino gehiagok bultzatzen dute mintzapraktika programaren bat. Astero-astero biltzen diren mintza edo berbataldeetan, sei mila lagun inguru mugitzen dira. Lagun horiek guztiak bi multzotan banatzen dira: Batetik, bidelariak daude, euskararen bidean dabiltzanak: euskara ikasleak, ikaste prozesua amaitu ez zuten ikasle ohiak, euskara hobetu nahi dutenak… Bestetik, bidelagunak, euskaraz ondo dakitenak, laguntzera hurbiltzen direnak.
Ikasturte berriarekin batera, zabalik dago mintzapraktika programetan izena emateko epea. Euskal Herri osoan ezaguna den fenomeno honek izen desberdinak hartu ditu; berbalagun, mintzalagun, mintzakide, solaskide... Egitasmoak izen desberdinak izan arren, oinarrian gauza bera dute denek, euskararen praktikaren bidez norberaren euskara hobetzea eta euskarari eta euskaldunoi gune berriak eskaintzea.