Teknologia albisteak

Euskararen misterioa

2019-01-14 : 08:19

Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta euskaltzainak zioenez euskararen historiak ezkutatzen duen benetako misterioa ez da bere jatorria, iraupena baizik (Mitxelena, 1978). Eta iraupenaz ari garenean, ezinbestean, erabileraz ari gara, izan ere, erabilerarik gabe ez baitago iraupenik. Eta iraupen horretan erabakigarriak ditugu euskararen hiztunek historiaren sokan izan dituzten antolaketa sozialak, antolaketa ekonomikoak eta baita geografikoak ere. Eta, antolaketa horietan guztietan, euskararen hiztun horien bizitokiak, etxeak, bete-beteko eragina izan du euskararen gaur arteko iraupen bidean.

Etxea eta etxekoak

Azken mila urteotan, XX. mendera arte, etxea izan da Euskal Herriko gizarte antolaketaren oinarrizko erakundea, gizakiek elkarren babesean bizitzeko duten premiaren funtsezko egitura sozial eta ekonomikoa. Etxea familian ardaztutako oinarrizko giza erakundea dugu, etxekoen sorleku eta hilerri, poz eta negar iturri. Etxea dugu lantegi eta aisialdi, nekaldi eta atsedenaldi. Etxea dugu bizitzaren eskola eta unibertsitate, otoizleku eta pentsaleku. Etxea dugu bakerako eta gerrarako, aserako eta goserako. Azken batean, mila urteko aldian, etxea izan dugu gizarte eredu baten bizimolde eta bizimodu. Eta, batez ere, gure euskararen babesleku eta gordeleku.

Euskal Herrian jendea etxearena da, «etxekoa», eta ez etxea jendearena (Etxegoien, 2016). Etxean erdi ziren etxekoak, jaiotetxe eta sortetxe zutelako. Etxeak sustraiak ematen zizkien eta dizkie etxekoei, etxekoak izan ziren eta direnei, lehengo eta oraingo belaunaldien kateari. Hortik, etxeko jendea eta etxeko jendearen jatorria etxearenak dira.

Izena ere etxearena da eta etxeak ematen die daukan izena etxekoei: Murgiondo, Etxaluze, Etxezarreta, Etxeberria... Modu berean, etxerako hartutakoak edo etxera ezkondutakoak, etxekotutakoak alegia, etxeak emandako izena hartzen zuen, baita etxez aldatu eta etxe batetik bestera bizitzera joandako familiek ere. Etxeak bere baitan bizi zituen guztiei ematen zien bere izena eta babesa.

Etxea eta lana

1000. urte inguruan hasi zen Euskal Herrian gaur egunera arte iritsi zaigun etxeen antolaketa geografikoa zirriborratzen. Tenore hartan etxeak elkarrengandik aldentzen hasi ziren, mendi eta haranetan sakabanatzen. Familian ardaztutako lurraren ustiaketa zen etxe haien antolaketa sozial eta ekonomikoaren oinarria; eta euskara zen etxe guztietako mintzo bakarra.

Gaur egunera arte iritsi zaizkigun baserriak XV-XVI. mendekoak dira, etxeak lastoz, lurrez nahiz egur hutsez egiteari utzi eta harria erabiltzen hasi ziren garaikoak. Baserriak, familiaren bizitoki izateaz gain, etxeko aziendarena ere baziren, txuriarena eta gorriarena, xehearena eta larriarena. Baita kopetako izerdiarekin eta nekearen ordainarekin baratze-soroetatik etxeratutako uztaren biltegi, aletegi, hazitegi, belartegi eta lastategi ere. Izan ere, etxeak bizitoki ez ezik, bizibidea ateratzeko lantoki ere baziren; gizakia, izaki den aldetik, bizirik irauteko, elikatzearen oinarrizko premiari lotuta bizi baita, eta lotura horretan jarraituko du izaki den arteraino. Eta funtsezko premia horren asegarri izan dugu etxea historiaren sokan.

Lana zen baserri-etxe haien arteko lokarria. Lanean, oro har, eta, auzolanean, bereziki, ardaztutako giza hartu-emanak ziren garai urruti haietako jendearen arteko harreman bide nagusia.

Auzolan horren adibide bikaina dugu XVII. mendetik aurrerako artazuriketarena. Etxeko ganbaran artoa zuritzen zuten bitartean, lanaren lagungarri eta aringarri izan ohi ziren elkarri eta elkarrekin esandako kontu, kantu, ipuin, bertso eta istorioak. Artazuriketa, batez ere, neska-mutil gazteen arteko harreman bidea izan ohi zen, orduko elizkeriaren infernu-mehatxu eta bekatu-bideetatik ihesi.

Batzuetan auzolana norgehiagoka bihurtzen zen, bizitza arriskuan jartzerainokoa, eta horrek oso kidetasun estua sortzen zuen elkarlanean ibiltzen ziren auzokoen artean. Balearen arrantza dugu horren adibide. Jarduera horren lehenengo idatzizko agiria 670. urtekoa da, Lapurdin harrapatutako balea bati buruzkoa. Baleak udazkena igarotzera Bizkaiko golkora etortzen zirenean izaten zen baleen arrantza garaia, hau da, urri eta maiatz artean. Baleen arrantzan ibili ohi zirenetatik asko ez ziren itsasotik bizi, ez ziren marinelak. Itsasertzeko muinoetan talaiak jartzen zituzten itsasaldea zaintzeko. Talaiariak balea ikusitakoan, abisua eman eta baserriko lanak utzita inguruko auzokideekin osatutako txalupak balearen bila itsasoratzen ziren. Orduan hasten zen balea arpoiaz jotzeko estropada eta norlehenka: baleari arpoia sartzen zion lehendabizikoak eskubideak zituen animaliaren salmentan. Horrek berebiziko lehiak eta liskarrak sortzen zituen baleazaleen artean. Horren adibide dugu 1878an zarauztarren eta getariarren artean gertatutako xextra (ZAVALA, 1978). Lege zaharrean harrapatutako azken balea izan omen zen Zarauzko hura. Euskal baleazaleen balentria haiek euskararen ahozko literaturan herriaren ahotik kantatutako bertso gogoangarri asko utzi dituzte.

Garai urruti haietako aisialdiko jarduerek ere lanean oinarritutako norgehiagokan zuten sorburua: lokotx biltzeak, laia-lasterketak, lasto altxatzeak, sega-apustuak, aizkora-jokoak, harri-jasotzeak, arraunketak... Lana zegoen gizartearen erdigunean, gaur egun dagoen bezalaxe eta gizakiaren historiaren sokan beti izan den legetxe.

Familia, lana eta lagunartea dira gizakiaren oinarri funtsezkoenak. Azken mila urteotan etxeari lotuta ibili dira. Ez, ordea, gaur egun. Eta, lotura hori eten denean, etorri da gure hizkuntzaren gainbehera.

Etxea eta lagunartea

XII. mendean, 1140. urte inguruan, zaldi gainean Done Jakue bidean erromes ibili zen Aymeric Picaud fraide beneditar frantsesak orduko latinean idatzita utzitakotik dakigu garai hartan sagardoa eta euskara gure baserriekin uztartuta zeudela:

«Inde circa Portus Cisereos habetur tellus Basclorum, habens urbem Baionam in maritima uersus septemptrionem. Hec terra lingua barbara habetur, nemorosa, montuosa, pane et uino omnibusque corporatibus alimentis desolata, excepto quia malis et sicera et lacte est consolata».

«Gero, Garaziko mendietatik hurbil, euskaldunen lurraldea dago, itsasertzean iparraldean Baiona hiriarekin. Mintzaira arrotzeko lurraldea da, oihantsua, menditsua, ogi, ardo nahiz bestelako janaririk gabea, sagarrak, sagardoa eta esnea ez bada»
(Bilbao, 1994).

Antzinako aldi hartan sagar-bilketa ere auzolanean burutzen zen. Tolarerik ez zen etxeetan, auzoko baserrietako sagastietan sagar biltzen laguntzeagatik, ordainetan, sagardotan horrenbesteko bat jasotzen zuten.

Sagardogintza amaituta, muztioa kupeletan sartzea bukatutakoan, txalaparta joz auzoko eta ingurukoei lanen amaierako jaialdiaren berri ematearekin batera, festara joateko gonbita egiten zitzaien (Errekondo, 1999). Izan ere, Euskal Herrian sagarra sagardotarako dugunetik, lagunarteko harremanen erraztaile eta sustatzaile dugu euskaldunon artean.

XVI. eta XVII. mendeetan sagardogintzaren loraldia gertatu zen baserriak adina dolare eraiki zirenean. Garai hartan ia baserri guztiek zuten sagar patsa estutzeko dolare bana eta dolarearen azpiko mandioko kupelen artean elkartzen ziren garai hartako laborariak lagunarteko giroan sagardoa ziritik nahiz pitxarretik edatera, mokadu bat jatera eta bi tantekin poztuta, iji eta aja, kontu, kantu eta bertsotan egitera. Zalantzarik gabe, haiek izan ziren XIX. mendearen bukaeran sagardotegietan lagunarteko jan-edanean, irri eta barre artean, antolatzen ziren bertso norgehiagoka eta lehiaketen aurrekariak. Hain zuzen ere, sagardotegiak izan genituen garai hartako bertsolaritzaren eskola eta unibertsitate (Lekuona, 1978). Adibide moduan Hernanin Udarregik (Aia, 1829 – Udarregi Usurbil, 1895) eta Pello Errotak (Asteasu, 1840 – Asteasu, 1919) kantatutako bertsoak ditugu:

Pello Errota:

Lagunduko al-digu
guziyon jabiak;
berak eman dizkigu
abilidadiak…
Asitzera dijuaz
predikadoriak
sekula ixtudiatzen
ibili gabiak

Udarregi:

Asiyera eman du
Pello Errotariyak
errespuesta orain
Juan Joxe Uarregiyak
Batek ainbat deretxo
daukagu guk biyak;
gure kolejiyuak
sagardotegiyak.

Etxea eta hizkuntza

Orain 1000 urte euskara zuten mintzo bakarra Euskal Herriko mendi eta zelaietan sakabanatutako etxe guztietan. Etxe haietan euskaldun jaiotzen ziren eta euskaldun hiltzen ziren, beste hizkuntzarik ezagutu gabe. Aho-belarriz ikasten zuten etxeko hizkuntza, etxean eta etxekoengandik. Izan ere, hizkuntza etxea bezalakoxea zen, gurasoengandik seme-alabengana igarotzen zen belaunez belauneko katean. Etxeak etxekoei jatorria eta izena ematen zien bezalaxe, etxeko hizkuntzak ere hiztunei, euskararen hiztunez osatutako milaka baserri-etxe haietako jendeketa hari, izena eta jatorria ematen zion. Azken batean, herri izaerako lotura sendo bat.

Arestian aipatu bezala, 1140. urtean, Done Jakuerako erromes bidea zaldiz egin zuen Aymeric Picaud fraide beneditar hark ere euskaldunak bere hizkuntzan bakarrik mintzo zirela agerian utzi zuen Codex Calixtinus eskuizkribuan erromesentzat latinez idatzi zuen gidan, Liber Sancti Iacobi V, 7 izenekoan. Izan ere, erromesaldia egiten zutenek garai hartako euskaldunekin ulertzeko zuten ezintasuna gainditzeko, euskarazko hiztegitxo bat moldatu zuen fraide beneditar hark, erromesei laguntzeko asmoz:

«Sique illos loqui audires, canum latrancium memorares. Barbara enim lingua penitus habentur. Deum vocant Urcia, Dei genitricem Andrea Maria, panem ogui, vinum ardum, carnem aragui, piscem araign, domum echea, dominum domus iaona, dominam andrea, ecclesiam elicera, presbiterum belaterra, quod interpretatur pulcra terra, tricticum gari, aquam uric, regem ereguia, sanctum Iacobum Iaona domme Iacue...».

«Hizketan entzungo bazenitu, txakurraren zaunkaz oroituko zinateke. Beren hizkuntza erabat arrotza delako. Jainkoa Urcia -Urtzi- deitzen dute, Jainkoaren Ama Andrea Maria, ogia ogui, ardoa ardum, haragia aragui, arraina araign, etxea echea, etxeko jauna iaona, andrea andrea, eliza elicera, apaiza belaterra, erran nahi baita, lur ederra, garia gari, ura uric, erregea ereguia, Santiago Jauna Iaona domne Iacue...».

Gizaldi bat lehenago, XI. mendearen hasieran, Errioxako monastegi batean, Donemiliagakoan, eskuz kopiatzen ari zen latinezko liburuaren orrialdearen ertzean, fraide kopiatzaile batek gaur egun ezagutzen ditugun euskarazko lehenengo hitzak idatzi zituen, liburu haren latinezko testu ilun hura argitzeko intentzioarekin. Horretarako, argibideak emateko, edozeinek erraz ulertzeko, Donemiliaga hartako herritar guztiek, baita berak ere, egunerokoan erraz eta suelto hitz egiten zuten hizkuntza erabiltzea otu zitzaion.

Bi gertakari historiko horiek agerian jartzen dute XI. eta XII. mendeetan euskararen ezagutza nahiz zabalkundea erabatekoak zirela egunerokoan eta euskararen mugak ere gaurkoak baino zabalagoak zirela, Errioxarainokoak (Aznar, 2011). Euskaldun haiek euskara zuten adierazmolde bakarra. Euskarak bizi zituen eta euskara bizi zuten (Saez, 2017). Eta hori zen norberaren etxean eta inguruko guztietan gertatzen zena. Hori zen ohikoa, eta hala bizi zuten. Garai hartako euskaldun haiek, gaur egungoek ez bezala, egunerokoan ez zuten euskara ez zen beste hizkuntzarik behar etxeko, auzoko eta herrikoekin aritzeko. XI. eta XII. mende haietan euskara hizkuntza burujabea zen, beste hizkuntza baten morrontzarik gabekoa. Herritar haiek euskara bakarrik jakinda bizi ziren, eguneroko harremanetarako ez baitzuten beste hizkuntzarik behar.

XI-XII. mendeetako gizarte antolaketa hartan euskara zen erabateko nagusitasuna zuen hizkuntza. Eguneroko harremanetarako euskarak zeukan funtzionaltasun eta esklusibitateak antolaketa sozial hartara sarbidea eduki nahi zuen orori euskara ikasteko eta erabiltzeko behar naturala (Saez, 2017) sorrarazten zion, erromesaldian zebilen fraide beneditarrari hiztegiarekin gertatu zitzaion bezalaxe. Izan ere, gizaki orok antolaketa sozial batera egokitzeko ahalegina egingo du, antolaketa sozial horrek bere gizatasunaren oinarrizko premiak betetzen dituen neurrian. Gure kasuan erromes zebilen fraideak gizakiak duen beharrik oinarrizkoena betetzeko behar zuen euskara, gosea asetzeko, hain zuzen ere. Horregatik, hiztegia osatzeko bildutako hitzetatik asko jatekoak ziren (ogia, ardoa, haragia, arraina, garia, ura).

Euskararen gibelatzea

Euskarari hizkuntzakeriaren pozoitik eman izan zaizkion eztenkada mingarrienak inperialismo linguistikoaren botere egituretatik etorri izan zaizkio. Eztenkada horiek etengabeak izan dira historiaren joan-etorrian, baita gaur egun ere (Saez, 2018).

1234-1239koa da agirietan agertzen den euskararen aurkako hizkuntzakeriari buruzko testigantzarik zaharrena. Sasoi hartan Errioxako Ojacastro herrian, eta baita eskualde osoan ere, euskara zen egunerokoan herritarrek hitz-jario bizian erabiltzen zuten hizkuntza. Herritar haietako asko eta asko euskaldun elebakarrak ziren. Baina, Gaztelako merioak, erregearen izenean lurralde hartan epaile lanak egiten zituenak, epaiketetan euskaraz egiteko debekua ezarri zien. Erabakiarekin suminduta, haserrearen haserrez, alkateak eta Ojacastroko bizilagunek bat hartuta, merioari ikusarazi zioten epaiketetan euskaraz egitearena aitortuta zeukaten eskubidea zela. Alkateak Gaztelako merio nagusia zen on Morial jaunari frogatu zion lurralde hartako herritarrei Ojacastroko foru edo lege zaharrak aitortu egiten ziela euskaraz egiteko eskubidea. La «fazanya» de Ojacastro du izena herri usadio zaharrean oinarri zuen epai historiko hark. Euskarak lurralde batean legez aitortutako ofizialtasunaren lehen testigantza dugu Ojacastrokoa (Aznar, 2011).

1349. urtetik hasita, Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hirian argitaratutako udal agindu edo ordenantzetan, herriko azokan pertsonen arteko salerosketetan artekaritza lana egiten zutenei, arabiera, hebraiera eta euskara erabiltzea debekatu zieten eta garai hartako kristautasunaren hizkuntza zen aragoitar erromantzea erabiltzera derrigortu zituzten. Aldi hartan, artekariek, iruzurrik ez gertatzeko, pertsonen arteko salerosketak egiaztatzen zituzten.

«Item nuyl corredor non sia usado que faga mercaduría ninguna que compre nin venda entre ningunas personas, faulando en algarabía (arabiera), ni en abraych (hebraiera) nin en basquenç (euskara); et qui lo faga pague por coto XXX sol».

«Edozein pertsonaren arteko edozein salerosketatan, artekariek ez dezatela egin arabieraz, hebraieraz edo euskaraz; eta egiten duenak 30 sol ordain ditzala isunagatik».

Oska hiriko ordenantzetatik, denbora igaro ahala, arabieraren eta hebraieraren debekua kendu bazuten ere, hizkuntza haiek lurralde hartatik desagertu egin zirelako, euskararen debekuak hirurehun urtez iraun zuen, XVII. mendera arte.

1768 eta 1770. urteetan hartutako erabakien bidez, Espainiako Carlos III.a erregeak inperioko eskola guztietan, baita Amerikakoetan ere, gaztelania derrigorrezko ezarri zuen eta gainontzeko hizkuntza guztiak erabiltzea debekatu eta zigortu egin zuen. Hizkuntzakeriatik sustatutako bazterketa eta debeku hura horrela arrazoitu zuen Borboi etxeko errege glotofoboak, bere izenean argitara eman zuen aginduan:

«Para que de una vez se llegue a conseguir que se extingan los diferentes idiomas y sólo se hable el castellano».

«Behingoz beste hizkuntza guztiak desagertzea lor dadin eta gaztelania bakarrik mintzo dadin».

Hortik, euskarari bizkar eman zioten lehendabizikoak aitoren semeak eta gizarte-maila altuko herritarrak izan ziren, eskolara joateko aukera handiena zutenak. Jakina den bezala, poliki-poliki, eskolara joateko aukera gero eta zabalagoa gertatu zenean —XX. mendean orokortu zen aukera hori— euskara orduan eta larrekoago bihurtu zen. Izan ere, edozein hizkuntza galbidean jartzeko, lehen-lehenik, hizkuntza horretako hiztunak elebidundu egin behar dira, ondoren, erdalduntzeko eta etxekoa duten hizkuntzaren katea eteteko. Espainiako eskolak ezari-ezarian bikain egin zuen azpilan hori inperioaren baitako hizkuntza guztiekin, baita euskararekin ere.

Frantziako iraultzaren garaian, 1794. urtean, Frantzia osoan hizkuntza bakarra ezartzearen aldeko Barère txostena  gailendu zen (Barère, 1794):

«Vers une autre extrémité de la République est un peuple neuf, quoique antique, un peuple pasteur et navigateur, qui ne fut jamais ni esclave ni maître, que César ne put vaincre au milieu de sa course triomphante dans les Gaules, que l'Espagne ne put atteindre au milieu de ses révolutions, et que le despotisme de nos despotes ne put soumettre au joug des intendants: je veux parler du peuple basque. Il occupe l'extrémité dés Pyrénées-Occidentales qui se jette dans l'Océan. Une langue sonore et imagée est regardée comme le sceau de leur origine et l'héritage transmis par leurs ancêtres. Mais ils ont des prêtres, et les prêtres se servent de leur idiome pour les fanatiser; mais ils ignorent la langue française et la langue des lois de la République. Il faut donc qu'ils l'apprennent, car, malgré la différence du langage et malgré leurs prêtres, ils sont dévoués à la République qu'ils ont déjà défendue avec valeur le long de la Bidassoa et sur nos escadres».

«Errepublikaren beste muturrean herri berri bat dago, nahiz eta aspaldikoa izan, artzainena eta itsas gizonena, sekula morroi eta maisu izan ez dena, Zesarrek Galian barrena ibili zenean mendean hartu ezin izan zuena, Espainiak bere iraultzekin irentsi ez zuena, eta gure despoten despotismoak mendean hartzea lortu ez zuena: Euskal Herriaz hitz egin nahi dut. Itsasoraino iristen diren mendebaldeko Pirinioen bukaeran dago. Hizkuntza ozen eta berezia dute bere jatorriaren iturburu eta arbasoen arbasoengandik oinordetzan jasoa. Baina apaizak dituzte, eta apaizek hizkuntza erabiltzen dute grina pizteko; baina ez dakite frantses hizkuntza eta Errepublikako legeen hizkuntza. Ikasi egin behar dute, izan ere, hizkuntza ezberdina duten arren eta apaizak dituzten arren, Errepublikaren aldekoak dira, ausardiaz defendatu baitute Bidasoan barrena eta gure eskuadroietan».

Jakobino iraultzaileek frantsesa  estatu-nazioaren hizkuntza bakar eta nagusi bihurtu nahi zuten garai hartan, Henri Grégoire abade iraultzaileak, 1794ko ekainaren 4an, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuen batzar konstituziogilearen aurrean, Konbentzio Nazionalaren aurrean, «Dialektoak suntsitzeko eta Frantziako hizkuntzaren erabilera orokortzeko, behar eta baliabideei buruz» aurkeztu zuen txostenean zioenez (Grégoire, 1794), Frantziako biztanleen % 11k besterik ez zuen hitz egiten Napoleonek ere ikasi beharra izan zuen hizkuntza. 28 milioi biztanleetatik 3 baino gutxiagok egiten zuen frantsesez. Frantzia iraultzaile hartako 83 departamentuetatik 15etan bakarrik egiten zen frantsesez. Garai hartako errealismo linguistikotik oso urrun zegoen Frantziaren luze-zabalean iraultzaren agintetik ezarri zuten hizkuntza.

Frantzian ere, iraultza handiaren ondoren, XIX. mendean barrena, hainbat legeren bidez eskolako hizkuntza bakartzat ezarri zuten frantsesa (1833ko Guizot legea, 1850eko Falloux legea, 1882ko Ferry legea...).

1876an, Bigarren Karlistaldiko gerratearen ondoren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Foruak galdu zirenean, gaztelania ezarri zen hizkuntza bakar. Gerra galtzeak herrigintzarako ahalmena, erabakimena eta ekimena galtzea ekarri zuen eta hortik berebiziko kultura-txikizioa etorri zen. Hondamendirik handiena Nafarroan gertatu zen. Izan ere, Nafarroak zazpiehun urtez, XI. mendetik, herrigintzarako berezkoak zituen erakunde guztiak galdu zituen —bereziki, Gorteak eta Erresumako Diputazioa—, hain zuzen ere, euskararen nafar gizartea egituratzen eta saretzen zuten erakunderik funtsezkoenak. Garai hartako Madrilgo El Imparcial egunkariak hauxe argitaratu zuen bere editorialean:

«Quitarles los Fueros no es suficiente, ahora tenemos que quitarles la lengua... ».

«Foruak kentzea ez da nahikoa, orain hizkuntza kendu behar diegu... ».

1914an, Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Ipar Euskal Herriko baserriak —Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberokoak— hustu egin ziren gazte-jendez. Lau urte iraun zuen gerra luze eta odoltsu hartara joan ziren gazte euskaldunak frantsestuta itzuli ziren lubakietatik, Frantziaren aldeko herritartasun atxikimenduz beterik. Borrokaren lehen lerroan ziren euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez ulertzeagatik. Kantuak dioen bezala, «Euskara baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie». Armak hartzera deitutako euskaldun frankok gerra latz hartan euskara soilik jakitea trabarako eta kalterako zutela iritzi zioten eta, horregatik, frantsestu egin ziren. Frantziaren alde bokorratzeak herritartasun lokarri sendoak sortu zituen euskaldun anitzengan. Eskolak eta armadak funtsezko funtzioa izan zuten frantses nazioaren sorkuntzan, nazio kontzientzia horren errotzean. Eta Euskal Herrian ere eragina izan zuten (Bidegain, 2012). 

Gerrek on guztia eraman eta txar guztia ekartzen dute. Hala, beste gerra batek ekarri zuen euskara Hego Euskal Herriko karriketatik, dendetatik, aldizkarietatik, egunkarietatik, liburuetatik, irratietatik, disketatik, antzokietatik, elizetako ponteetatik eta bizitza publikotik desagerrarazteko agindua. Baina, batez ere, hitza mintzo bihurtzeko debekua eta zigorra ekarri zuen. Falangisten fusilen aurrean zigortutako euskaldunekin herri askotako hormak tiroz zulatu eta odolez gorritu zituen erregimen frankistak ekarri zuen euskararen erabateko debeku eta jazarpena. 1938an, esate baterako, haur jaioberriei euskarazko ponte-izena jartzea debekatu zuen 40 urte iraun zuen Frankoren diktadura glotofobo hark. 1944an, berriz, idazki publiko guztietan debekatu zuen euskara, baita hildakoen hilobietan ere. Euskaraz jaio, bizi eta hiltzea debeku eta zigorra zen Generalísimoaren diktadura hartan.

Baina euskararen galera inondik etorri bazen, modernizazioak ekarritako lan egiteko moldearen aldaketatik etorri zen. Industrializazioak ordura arteko gizartearen antolaketa irauli egin baitzuen. Familia asko eta asko mendi-mendian belardiz inguratutako baserri-etxe zabaletan bizitzetik, etxe-ilarez osatutako kalezuloetara joan ziren bizitzera, izenik eta izanik gabeko etxe estuetara, ke beltza zerien lantegien altzora. Industrializazioak euskararen lurraldea kolonizatu eta urbanizatu egin zuen, bereziki Espainiatik saldoka etorritako langile erdaldunekin. Erdaraz lan egiten zuten fabrika haietan soldatapeko langile bihurtzeko ezinbestekoa zen euskara bazter uztea, baita erdaldunez jositako hiri, herri eta auzoetan bizitzeko ere. Biztanleriaren hazkunderik handiena 1950 eta 1975. urteen artean gertatu zen: % 93 hazi zen biztanleen kopurua Hego Euskal Herrian. Ia bikoiztu egin zen biztanleria: 1950. urtean  1.443.472 biztanle izatetik, 1975. urtean 2.783.352 biztanle izatera igaro zen biztanleria Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, 1.300.000 herritar gehiago hogeita bost urtean (Picavea, 1983).

Baserri-etxeetan oinarritutako familiaren egitura sozialak eta ekonomikoak bere azken arnasa eman zuen industrializazioarekin. Baserriak mendeetan hezur-mamitutako burujabetza ekonomikoa galdu egin zen, lantegi handien menpekotasun ekonomikoaren gatibu bihurtzeko.

Eta gaur egun, euskararekin ere, horretan gaude. Gizakia gizaki denetik biziraupena eta garapena lanean ardaztuta dituen gizarteak nola bihurtuko du euskara bere hizkuntza nagusi, lanerako baliorik ematen ez dion bitartean? Euskara lan egiteko hizkuntza izaten dugunean, orduan bihurtuko dugu euskaldunez osatutako gizartearen ardatz-hizkuntza. Azken batean, gizakiaren hiru oinarri funtsezkoenak euskaratik eraikitzea da gakoa: familia, lagunartea eta lana (Saez, 2018). Horiek azken mila urteotan etxetik eta euskaratik eraiki ditugu. Eta aurrerantzean ere, euskaratik eraiki beharko ditugu euskaldunon mintzoa, morrontzarik gabe, bere buruaren jabe izatea nahi badugu.

(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

  • Estreinakoz Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 60. zenbakian argitaratua, 84-91 orr., 2018ko abenduan.

 

 

  • Artikulu honen PDF fitxategia eskuratu nahi baduzu, sakatu HEMEN.

 

 

Erantzun

Sartu