Teknologia albisteak

Euskarak Bilbo behar du: "Bilbon salbatuko gara edo ez gara salbatuko"

2017-01-28 : 17:24

Donostian jaio eta Donostian bizi den Ramon Saizarbitoria soziologo eta idazleak esana da: «Uste dut salbazioa Bilbon dagoela: Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko». Euskarak Bilbo behar du: hori da euskalgintzaren aldarria.

Euskaldunez osatutako gizartean euskarak bigarren mailako hizkuntza izateari utzi nahi badio, hiriburuak irabazi beharrean da, nahitaez. Euskal Herrian bizi diren hiru milioi biztanletatik milioi bat pasatxo hiriburuetan bizi da: lau euskaldunetatik bat Euskal Herriko zazpi hiriburuetako batean bizi da. Hiriburuak aisialdirako, erosketak egiteko eta, oro har, kontsumorako erdigune eta elkargune dira Euskal Herriko herritar guzti-guztientzat, hiriburuetan bizi direnentzat eta baita bizi ez direnentzat ere.

Euskal Herriko hiriburuak erdararen uztarripean dauden eremuak dira: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan —Bilbon, Gasteizen eta Iruñean— euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira kalean: euskara %3 bakarrik erabiltzen da. Baionan ere kaleko erabilera %3koa da. Erabilerarik handiena Donostiak du (%16).

Erabilerak duen oztopo nagusienetako bat erraztasun eza izaten da. Euskal Herriko hiriburuetan bizi diren euskaldun gehienek erraztasun handiagoa dute erdaraz euskaraz baino. Hiriburuetan bizi diren euskararen berezko hiztunak (euskaraz erraztasun handiagoa dutenak) %1 besterik ez dira Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donostian eta Ipar Euskal Herriko hiriburuetan, berriz, %6. Beraz, hiriburuetan bizi diren hamar euskaldunetatik bederatzi baino gehiago, hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino.

Hiriburuetan bizi diren euskaldunak sakabanatuta dauden ur tantak bezalakoxeak dira. Erdararen lur elkorra ukitu ahala lurruntzen diren tantak dira. Tantek elkartuta bakarrik busti dezakete eta horixe falta zaie hiriburuetako euskaldunei. Bilbo da euskaldun gehien dituen munduko hiria, ia 75.000 euskaldun baititu, baina biztanleen ia %80 erdalduna da. Euskaldun direnen artean ere %90 baino gehiagok errazago egiten du erdaraz. Baina, oztopoak oztopo, Bilbo gero eta euskaldunagoa da: orain 30 urte %6 ziren euskaldunak Bilbon; gaur egun, berriz, %22 dira (%16ko gorakada gertatu da). Gorako joera hori Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan gertatzen ari da. Ipar Euskal Herrikoetan, aldiz, euskaldunen beherakada etenda dago gaur egun, eta euskaldun kopuruari eutsi egiten zaio %9aren bueltan.

Hiriburuak erdalgune izatearen pertzepzioa erabat zabalduta dago eta pertzepzio horrek berez direna baino erdaldunago bihurtzen ditu. Isildutako euskara da hiriburuetakoa: herri euskaldunagoetan eta arnasguneetan bizi diren euskaldun gehienek, lehen hitza euskaraz egiten ahalegindu gabe, zuzen-zuzenean, erdaraz egiten dute Euskal Herriko hiriburuetan. Izan ere, gatazka linguistikoa gertatzeko arriskuaren aurrean, zuzen-zuzenean, erdaraz egiten dute, ziurtasunik ez dutelako solaskideak euskaraz jakingo ote duen. Hortaz, Euskal Herriko hiriburuetan ziurtasun linguistikoaren faltak eta gatazka linguistikoaren mehatxuak euskaldunak erdaraz egitera bultzatzen ditu.

Euskara erabiltzea oztopatzen duten eremu urbano erdaldunetan hiztunek euskara erabiltzea daukate, euskaraz eraikita dituzten harreman-sareen arabera. Eraikita dituzten harreman-sareak euskarazkoak baldin badira, euskaraz bizitzea izango dute neurri handi batean, baita Bilboko auzorik erdaldunenean ere. Gure hirietan txirrinduz ibiltzeko ibilbideak eraiki ditugun bezalaxe, Euskal Herriko hiriburu eta hirietan euskararen bidegorriak eraiki behar dira euskararen praktikarako sareak osatzeko.

Hiriburuetan euskara euskaldunen arteko harreman-hizkuntza bihurtzeko, lehen-lehenik, harreman-sare egituratuak eraiki behar dira. Harreman-sare egituratu horiek, besteak beste, herritarren kontsumo eta aisialdi ohituretan oinarrituta eraiki daitezke: jo dezagun lurralde bateko herritarrek arropa erostera hiriburura joateko ohitura dutela. Jo dezagun arropa erostera hiriaren zonalde zehatz batera joaten direla herritar horiek. Bide beretik, jo dezagun, hamabostean behin, futbol ligako lehen mailako taldeak jokatzen duenean, probintzia osotik partida ikustera joan ohi diren zaleak hiriburuko kale jakin batzuetako taberna jakin batzuetara joaten direla partida hasi aurretik. Eta, jo dezagun hiriburuetako unibertsitateetan ikasten ari den ikasle jendea ostegunero taberna berberetan elkartzen dela. Herritarren jokabide horiek kontuan hartuta, hiriburuko udalak hirigintza antolamenduan zonalde horietan dauden dendak eta tabernak euskararen lehentasunezko azpiegitura izenda ditzake eta udalerriaren hirigintza antolamendutik hizkuntza baldintzak eta betekizunak eska ditzake euskarazko zerbitzua berma dadin azpiegitura horietan. Bide beretik, euskararen lehentasunezko azpiegitura diren aldetik lurraldeko foru aldundiak ere hobari-fiskalak zehaztu ditzake herritarrei euskarazko zerbitzua bermatzearren.

Hiriburuetako euskarazko harreman-sare egituratuek, euskararen praktikarako oztopoz betetako ingurune urbanora, ziurtasun linguistikoa ekarriko lukete, alde batetik, eta, bestetik, eragin biderkatzailea izango lukete, izan ere, harreman-sare horietaz baliatzeko aukera euskaldun guzti-guztiek izango lukete, hiriburuetan bizi diren euskaldunek eta baita hiriburuetara jotzen dutenek ere. Azken batean, herrietako euskaldunei euskaraz egiteko aukera emanez gero, hiriburuak euskaldunago bihurtuko dira.

Munduko herrialderik aurreratuenetan hirigintza antolamendua gizarte garapenerako tresna garrantzitsua da. Euskararen berdintasun soziala Euskal Herriko gizartearen garapenerako ezinbesteko helmuga da. Horregatik, hirigintzaren antolamendutik euskararen gizarte berrikuntza erdiesteko bideak hezur-mamitu behar dira, baita hiriburuetan ere. Baita Bilbo irabazteko ere.

 

Erantzun

Sartu