Herritar batek Bilboko San Adrian osasun etxean kartel batzuk gaztelera hutsean topatu, kexa jarri, eta Osakidetzaren erantzuna jaso du. Erantzunaren azken paragrafoan Bilbo Basurtu ESIko Pertsonal Zuzendariak adierazten du EAEtik kanpoko entitateen gaztelera hutsezko kartelak jarri daitezkeela osasun etxe eta ospitaleetan, baldin eta “edukia garrantzitsua bada”.
Gure ustez adierazpen honek ezin argiago erakusten du Osakidetzako hainbat arduradunek euskararekiko duten jarrera.
Axolagabeak dira euskararekiko. Hain axolagabeak, Osakidetzaren Euskara Planean kartelei buruz adierazten denaren aurka dagoen erantzuna eman dutela. Irakurri ote du Pertsonal Zuzendari honek Osakidetzaren Euskara Plana? Ba ote daki Euskara Plana dutela?
Eta azken galdera. Noiz jarriko ditu Osakidetzak euskararen erabilera normalizatzearen beharraz sinisten duten arduradun eta zuzendariak? Ze, bitartean, hauekin, jai dugu.
Hona hemen Osakidetzaren Euskara Planean kartelei buruz adierazten dena:
Jende askok, politikan eta sindikalgintzan, sarritan salatzen du bere arerioen edo kontrarioen menpeko komunikabideek nolako manipulazioak egiten dituzten, inolako lotsarik gabe bere interesak babesteko. Jakina, gezurrek aurpegi desberdinak dituzte, hobeto saltzen baitira gezur diren erdi egiak, edo testuingurutik kanpora ateratako baieztapenak, arinkeriaz tratatutakoak, garai bateko gezur gordin-gordinak baino.
Zoritxarrez, horixe da Argian oraintxe irakurri dudana Bilboko osasun-zentro bateko afixen hizkuntza-tratamendua dela bide, eta jakina, sindikatu baten eskutik. Ez nau harritzen ez euskalgintzaren komunikabide batetik ez sindikatu batetik etortzeak, batzuek ilun baitute burua, besteek burua batek daki non.
Izan ere, Argiaren albistea kexa bati emandako erantzunaren aipamen murriztua da, informazioa osorik ez baitu eman, eta testuingurua ez baitu kontuan hartzen. Izan ere, sindikatu eta alderdi batzuei erraz ahazten zaie Osakidetza osasun-sistema orokor baten parte dela, nahiz langile nahiz herritar izan, eta hortik betebehar saihestezin batzuk datozkiola, haren xederik behinena herritarren osasunari loturik dagoenez gero.
Aipatu kexaren erantzun horretan hauek ziren, hitzez hitz, ematen ziren irizpideak: Osakidetza, Osasun Sail edo EAEko administrazio batenak ez diren kartelez denaz bezainbatean, gure irizpidea da ezen, baldin eta EAEko enpresek, elkarteek, fundazioek eginak badira, hizkuntza ofizial bietan egon behar dutela, noraezekoa, baina EAEtik kanpoko entitate batenak badira, eta edukia garrantzitsua bada, nahiz gure profesionalentzat nahiz gure herritarrentzat, gaztelanian bakarrik egon daitezkeela, gure aburuz testuaren hizkuntzaren kariaz ezin baititugu langileria eta herria informazio garrantzitsurik gabe utzi.
Testu horretan debeku argi bat dago afixa erdal gehienei dagokienez, eta oso bide estua uzten zaie kanpotik datozenei. Kanpoko afixa guztiak debeka daitezke gure zentroetan? Ez horixe, eta ondoren horren zergatia azalduko dut, aurrekoa ulertzeko zailtasuna dutenentzat. Irizpide bi jasotzen dira Osakidetzaren dokumentuan (erantzunean):
- Osasun-zentroan ez dira onartu behar Euskal Herriko ezein administrazio, enpresa, fundazio, elkartek erdara hutsean egindako afixarik. Irizpide horri beti eta ehuneko ehunean eustea lantegi latza izan daiteke, gerta daitekeelako erdaraz zabaldutako afixaren bat, bere edukiagatik, baztertu ezinezkoa izatea. Baina tira, horra hor irizpide argi bat, ipar-orratza argiro zehaztuta.
- Euskal Herritik kanpo heldutako afixak (erdaraz jakina) ez dira zentroan jarriko, non eta edukia ez den herritarrentzat edo langileentzat garrantzitsua, eta beraz, horrelako bat jarri aurretik ondo aztertu behar da zein neurritan den mesedegarria herritarrentzat –osasun heziketa, prebentzioko neurriak, alarmak etab.- edo langileentzat.
Espainiako osasun-sistemaren barruan, noski, Ministerioa dago, bai eta erkidegoetako beste osasun-sistemak ere, eta haien inguruan, elkarte profesionalak, fundazioak, pazienteen elkarteak… Edonork uler lezake Osakidetzak horiengandik datozen informazio guztiez ezin dituela herritar eta langileak gabetu. Demagun Asociación Española de Pediatriak biltzar profesional batera deitzen duela, Salamancan egiteko: debekatu ahal du horren afixa zentroetan? Demagun nahiz elkarte horrek nahiz haur minbizidunei laguntzeko fundazioak nahiz Ministerioak kanpaina bat egiten duela prebentziozko neurri batzuk gurasoen artean zabaltzeko: galaraziko du neurriok jasotzen dituen afixa itxarongeletan jartzea? Eta berdin gerta daiteke Andaluziako osasun-zerbitzuak edo Ministerioak ateratako afixa baliotsuekin, kasu, edoskitzeari buruz, istripuei buruz, ebolari buruz…
Osakidetzaren II. Euskara-planak afixek, EAEkoak nahiz kanpokoak izan, elebidunak izan behar dutela ezartzen duenean, neurri orokor eta baliotsu bat ezartzen du, baina pertsona zentzudun orok ulertzen du hori gida orokor bat dela, alegia, ezin duela jo herritarren segurtasunaren eta osasun-kalitatearen aurka, ezta langileen interes profesionalen aurka ere. Hori bada Osakidetzako hizkuntza-politika batzuek ulertzeko modua, izatetik haiek bezala Ortzi Jaunak zain gaitzala.
Argi daukat asko kritikatu daitekeela Osakidetzaren planari zein bere betetze-mailari buruz, baina ez nolanahi eta lotsarik gabe edozer esateko gertu, eta izan dadila euskaldunen interesen alde, ez beste xede batzuen mesedetan. Sindikatuek asko lagundu ahal dute, nahi badute, eta horretarako, ondo legoke duela 35 urte argitaratu zen Euskararen Legeak sindikalgintzaz ezarritakoa betetzen hasiko balira. Izan ere, salaketa egin duen sindikatuak Bilboko Osakidetzan bertan ordezkari erdaldunak ditu, eta oker ez banabil, baita liberaturik ere. Nola egiten dituzte hauteskundeetako zerrendak? Langile arruntentzat bakarrik da euskara ezagutzeko betebeharra? Gure eremuan, zein hizkuntzatan egiten dituzte bilerak? Zenbat idazten dute euskaraz eta zein garrantzi dute euskaraz idatzitako testuek? Ala erdara da hizkuntza nagusia eta gero, sarritan Administrazioagatik salatzen den bezala, itzulpenera jotzen dute? Itzultzailea da gure gezur handien ezkutalekua.
Esan gabe doa ondo ulertu ahal dudala mundu guztiak bere lehentasunak eta mugak dituela, nork bere arloan, xede eta baldintzen arabera, baita sindikatuek ere. Baina, arren, demagogia gutxiago euskara eta euskaldunekin, zerbait gehiago izan behar baikenuke boterea eskuratzeko lehian baliatutako tresnetatik haratago.