Urte osoan zehar zortzi familia mediku daude lanean Azpeitiko anbulatorioan. Oporraldia medio, horien erdien ordez beste mediku bat kontratatu du Osakidetzak, gaixoekin euskaraz aritzeko gai ez dena berau. Horrek zalaparta piztu du Azpeitiko Natul euskara taldean, udalean eta herritarren artean, herritarren hizkuntza eskubideak urratzen direla ulertzen baitute.
Urola Garaiko ESIko kudeatzaile Teresa Garmendiak Urola Kostako Hitzari adierazi dioenez, mediku erdalduna kontratatu da “ez dagoelako euskara profila duen eskatzailerik Azpeitiko Osasun Zentrorako”. Hala ere, argitu du pazienteak, arrazoi hori medio, medikuz aldatzeko eska dezakeela edozein momentutan.
Osakidetzaren euskara erabileraren inguruko normalkuntza arautegiaz honakoa dio Garmendiak: “Azpeitia bezalako herrientzako, lanpostuen %80ak derrigorrezko hizkuntz-eskakizuna izan behar dute. Udalerri honen egoera konkretua ulertzen dugunez, Azpeitian egiturazko langilegoaren %100ari ezarri zaio eskakizun hau”, hau da, udako ordezkapena egingo duen medikua ez da egiturazko langileen talde horretan kokatzen eta beraz hura kontratatzeko irizpideak beste batzuk dira. Garmendiak azaldu duenez mediku bat kontratatzeko lehenengo baldintza lanbidean aritzeko gaitzen duen titulua izatea da. Gainera beharrezkoa izango da enplegu-eskatzaile moduan izena emanda edukitzea dagokion osasun-zentro edo erakundeko lan poltsan eta kategorian. Hizkuntza eskakizunari dagokionez Garmendiak dio, lanpostua profilaturik badago, Osakidetzak ez duela ordena jarraitzeko derrigortasunik, “euskara profila betetzen duen lehenengora arte pasa gaitezke, zerrendan bere lekua edozein izanda ere”.
Osakidetzaren “lehen eta funtsezko betebeharra arreta sanitario egokia eskaintzea” dela adierazi du Garmendiak, “ahal den heinean herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuz”. Alde horretatik, Goierri – Urola Garaiko ESIk euskara eta herritarren hizkuntza-eskubideekin duen “konpromisoa” aldarrikatu nahi izan du, “lehentasuna kalitatezko osasun publikoa bermatzea” dela gogorarazterekin batera.
Osasungintzan euskaraz osaeus.info
Erantzun
Sartu