Ahalduntze hitza alor ugarietan erabiltzen den modako hitza da, hau da, politikan, ekonomian, filosofian zein hezkuntzako idatzi kritikoetan; begi bistakoa baita, gure bizitzarako zeregin ugarietan, gizartean nabaria den norbanako edo taldearen boterea galdu izan dugulako irudipena. Zer jaten dugun, zer nahi dugun, zer erosten dugun, nola bizi nahi dugun, zein da gure pentsamoldea edo informazio iturriak, gure hurbileko erabakiguneetatik urrunekoetara joan zaizkigu edo eraman dizkigute. Adibidez, ekonomia “merkatuen” eskuetan omen dago, estatuak enpresa handienen esanetara daude eta lege araudiak urrutitik datozkigu (Madril, Bruselas, Davos, …). Horrela, gure erabakiak gauzatzerako orduan, gero eta zailagoa da, kontrako joera ikusten dugulako, nazioaren etorkizunetik hasita, gure platerean jaten dugun azken jakiraino.
Osasun alorrean gaixo ahaldunaren aldeko joera berri bat sustatzen ari da, zeinek gaixotasunaren aurrean bere beharrak eta arazoak konpontzeko gai den paziente jakinduna lortu nahi den. Askotan, gaixoak beraiek elkarteetan bilduta, bere botereaz jabetzen dira, eta, batzuetan, administrazioaren aurka egiten dute, C hepatitisarekin gertatutakoa kasurako.
Baina, gehienetan, osasun sistema gaixoaren gainetik jartzen da eta pazientearengan jarrera pasiboa hobesten du. Hau da, menpekotasuna sustatzen du, nahiz eta pazienteak bere gaixotasunari aurre egin ahal izateko autonomia eta jarrera aktiboa behar dituen.
Beraz, gurpil zoro horretatik ateratzea zaila da, eta, sarritan, herritarrak sistemaren menpeko bihurtzen ditugu, gure gizartea horrela antolatuta dagoelako, hau da, boterearekiko menpekoa delako, baita osasun sistemarekiko ere. Gai honetan sakontzeko, bereziki, oso gomendagarria da Osakidetzak argitaratutako “Nola probatzen diren tratamenduak” liburua, ebidentzian oinarritutakoa eta medikuntzaren ikuspegitik idatzitakoa.
Baina nola sustatzen da menpekotasun hori? Psikologoek gure garuneko emozioen eremuan jarriko dute garrantzia. Horrela, emozioak arrazonamenduaren gaitasunaren gainetik kokatzen dituzte, eta horiek gure erabaki, harreman eta gidaritzako gaitasunak baldintzatuko dizkigute. Are gehiago, haurtzaroan izan ditugun bizipenek baldintzatuko.
Beste ikuspuntu batetik, neurozientifikoek baieztatu dituzte zeintzuk diren menpekotasunari lotuta dauden molekulak eta garuneko nukleo zehatzak, drogen eraginak eta ahalmenak azaltzen dituztenak. Bestalde, farmakologoek egunero substantzia berriak aurkitzen dituzte, adibidez, droga sintetikoak “naturalak” baino indartsuagoak direnak. Baina badago ohiko droga bat, esaterako, alkohola. Hego Euskal Herrian, gure gazteengan inon baino larrialdi pediatriko gehien eragiten du, hortaz, gogoeta sakon bat beharko luke. Horrez gain, gazte horiengan teknologia berriek sortutako ohitura txarrak ere (adibidez, 4/5 ordu pantailaren aurrean egotea) kontuan hartu beharko genituzke, adinekoengan mugikortasuna sustatzeko bizi garen garai honetan hain zuzen.
Baina gure herrian dugun menpekotasunik handienak adinarekin zerikusia du, hots, munduko gizarte zaharkitu batean gaudenez, menpekotasun sozio-sanitarioa ugalduz doa egunez egun. Hori horrela, eguneroko bizitzan oinarrizko ekintzak, hau da, jatea, garbitzea, janztea eta ohiko zereginak egin ahal izateko laguntza behar duten pertsonak makina bat dira, eta, are gehiago, epe ertainean. Oraingoz, emakumezkoak dira zaintzaile lanak egiten dituztenak, eta pertsonen arteko menpekotasun zail honetaz, nola edo hala, arduratzen direnak.
Hasiak gara legez eta dekretuz arazo handi honi aurre hartzen, baina, datorkiguna aurreikusita, gizartearen babesa ugaldu beharko litzateke. Galdu dira baserriko familia ugari eta batuaren babes taldea, auzolanean jarduten diren etxe multzoak eta gaur eguneko bakartien multzo bihurtu dugu gure gizartea. Aldiz, oso zail jarri diegu zulo horretatik irten nahi duten cohousing (nagusiak elkar bizitzeko aukera berria) adineko ekintzaileei.
Beraz, menpekoak izateko arrisku handiagoa dugu ahaldunak izateko baino, baina zerk eraman gaitu egoera honetara? Teknologiak, ezagutzak, harremanetako aldaketek, “merkatuek”? Arazo honetaz jabetzeak, apirilaren 22-23an Bilbon OEE Menpetasunaren aurrean … gure buruen jabe biltzarra antolatzera bultzatu gaitu.
Ahalduntzea boterea berreskuratzea denez, eta, horretarako, ezagutza eta ikuspegi kritikoa behar direnez, gaur egungo egoeraren jabetza berreskuratzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu irakurle adeitsu horri.
Angel Bidaurrazaga
UPV/EHUko Medikuntzako irakaslea eta OEEren Osasun Biltzarraren antolatzaileetako bat
Erantzun
Sartu