Teknologia albisteak

ZAZPI, kontakizun bat, tontorrez tontor

Erabiltzailearen aurpegia
2022-10-19 : 08:23

Badira lau urte "Medikuak esan dit esklerosi anizkoitza dudala" posta argitaratu nuela nire blogean. Ez nuen taburik hautsi, nire historia nahi nuen kontatu, ez gehiago, nahi nuen moduan eta nire estiloan. ZAZPI proiektuarekin horixe bilatzen dut, nire historia kontatzea, bideoan eta audioan.

Mila lagunetik batek daukagu esklerosi anizkoitza. Ez da gutxi. Estatistikoki baten bat ezagutu behar duzu eta gutxi gora-behera jakin beharko genuke zer demontre diren mielina, orbanak, erasoak, ... Nik artean ezer gutxi nekien gaitzari buruz eta diagnostikoak hotzean harrapatu ninduen.

Gaitzari buruz publikoan hitz eginda beronen ezagutza apur bat gehiago zabaldu nahiko nuke. Hurrengoan diagnostikatu berria den batek ez dezala izan nik izan nuen beldur eta ezinegon bera, edo pixka bat gutxiago.

Kirol-erronka batzuk egin nituen gaitzaren inguruko ezagutza handitzeko asmoz, eta nire gozamenerako, noski. Batzuk ulertuko ez duten arren, sufrikarioan gozamena aurkitzen delako baita ere.

Iaz "Nire erreferenteak" elkarrizketa-sortarekin beste pertsona batzuen esperientziak ezagutu nahi izan nituen, modu berekoian, ikasteko. 12+1 esperientzia izan ziren eta denengandik jaso nituen lezioak.

ZAZPI proiektuarekin nire historia kontatuko dut. Baina kamera aurrean, geldi-geldi, ez dakidanez egoten, mugimenduan egingo dut kontakizuna.

Hiru fase dauzka ZAZPI proiektuak:

  1. Kontakizuna
  2. Bidaia
  3. Dokumentala

Orain lehenarekin hasi berria naiz, kontakizunarekin: aurrerapen bat, zer den proiektua, gaitza nola antzeman nuen aurrena, ...

Youtubeko kanal honetan daude ikusgai bideoak eta zenbait audio-plataformatan entzungai. Sare sozialetan partekatzeaz gain, ZAZPI.eus webgunean publikatzen noa kapitulu berriak eta e-postaz harpidetu daiteke jakinaren gainean egoteko. Astelehen eta ostegunetan argitaratuko ditut kapitulu berriak.

Bidaia zein izango den ez dut oraingoz kontatuko. Sekreturen bat mantentzen utziko didazue, ezta? Honen inguruan esango dudana da Pello Osoro bidelagun izango dudala, eta berak grabaturiko irudiekin osatuko dugula dokumentala. Pelloren irudiekin eta Maite Arroitajauregi Mursegoren musikarekin. Ah, eta Euskal Herrian barrena egingo dudala bidaia ;-)

ZAZPI proiektuan sortuko ditugun edukiek lizentzia librea daukate. Berrerabili edukiak, aitortuz eta berdin partekatuz.

Zatoz nirekin, ederra izango da eta.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu