“Arantzazu” dokumentala, film interesgarria, eta egin egin behar zena, Sustatun ere aipatu genuen. Azpititulua ere badu dokumentalak, “36 zm, 500 urte, eta herri 1”. Polemista izateko gogo pixkatekin, historia horretan, 75 urte txukun daudela esatera ausartuko naiz. Aurreko 400 urteko espiritualtasunak zer eman ote zuen galdetu diezaiogun geure buruei. (artikulu hau audio formatuan agertu da Ttap agerkari digitalaren asteburu honetako alean; hemen testu eran daukazue)
Dokumental interesgarri bat ari da zirkuitoa egiten Euskal Herriko zenbait pantailatan: Arantzazu du izenburua, eta azpititulu gisa, 36 zentimetro, 5 mende, eta herri 1. Lehen neurri hori Arantzazuko Amaren irudiak duen tamaina adierazten du, 36 zentimetro besterik ez, eta hala ere ikusgarri suertatzen da Basilikako absidean... Beste zifrak, 5 mende eta herri 1, basilikak eta bertako fraideen komunitatearen historia adierazten du batetik, eta herri honekin, Euskal Herriarekin, Arantzazuk duen lotura markatzen du.
Filmaren protagonistak Arantzazuko frantziskotarren azken belaunaldia dira. Seguruenik ordezkapenik izango ez duen komunitate bat da, eta hortaz, eskertzen da haien testigantzaren bidez Arantzazuko historia geroratzeko ahalegin hau. Beste lagun batzuek ere osatzen dituzte elkarrizketak, gure kultura eta gizarteko ahots esanguratsu batzuk tarteko, Jon Sarasua irakaslea adibidez, edo Lorea Agirre, Arantzazun bertan jaio zen Jakin aldizkariko gaur egungo zuzendaria.
Ukitu nostalgiko bat dut filmak, ez txarrerako. Gustura ikusten da, eta erritmoz eta estetikaz, Arantzazun bat egiten duten naturak eta giza-arkitekturak islada egokia lortzen dute filman.
Hala ere, jarriko diot pega bat. Edo, nahi bada, gogoeta gehigarri bat. Arantzazuko espiritualtasunaz gogoeta badago dokumentalean, ulergarria bai, bertan bizi diren fraideen ahotik hori entzutea; baina tokiaren garrantziaren kontestuan... 500 urteko historia espiritual bat itxiko ote da frantziskotarrik gabe geratzen denean Arantzazu? Baliteke, baina 500 urteko historia horretan, azken 75 urteetako loraldi eta ekarpen sozial-kultural eta are politikoen aurretik, zer dago, espiritualtasun horrek zer eman zuen?
Kezka bat dago Arantzazun geratuko diren Gandiaga Topaguneak edo Arantzazulab egitasmoak (edo areago Gomiztegiko artzain eskolak) beteko ote duten kalitatez eta ekinez aurreko historian Arantzazuk suposatu duena. Bueno, ni baikor naiz: 20. mendeko Arantzazu distiratsu hori hor geratuko da, eta auskalo geroak hori gaindiko ote duen, zaila dirudi horrek... baina 500 urte horietan, aurreko 400ak zer dira ba? Hori gainditzen ari dira, ari gara, seguru nago.
Beste hainbat konbentu eta abadetxe bezala Euskal Herrian, zer ekarpen mende superkatoliko horietan? Fraideak eta haien kezkak herrira hurbildu zirenean, espiritutik gizarte material eta humanora gerturatu zirenean, orduan eman zuen bere onena Arantzazuk, eta hori, 75 urte dira, ez 500. Nire uste apalean.
Amaitzeko, Arantzazu dokumentalaren mikro fitxa: Arteman komunikazio etxeak ekoitzia, Arantzazulab ikertegiak bultzatua, eta Pello Sarasuak zuzendua. Hemen duzue webgunea, arantzazudokumentala.eus, ikusteko aukerak begiratu eta aprobetxatzeko.
Erantzun
Sartu