Teknologia albisteak

Berba bi Fula hizkuntzan (anaia txikia / anaia nagusia)

Erabiltzailearen aurpegia
2024-03-30 : 12:17

Anekdota pertsonal bat, labomatikan bezero batekin izandako elkarrizketatik hona ekarria, non Miñan liburua eta Fula hizkuntzako terminoa ('anaia txikia' esan nahi du Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen liburu-izenburuak) etorri zen solasera. Fulerazko beste hitz ikasi nuelarik... (irudia, Miñan liburuaren italierazko bertsioarena, Frantzisko Aita Santuak goraipatu zuena).

Arropak larritasunez lehortu behar ziren, eta auzoko labomatika, labanderia, laundrette edo garbitegi autozerbitzura joan nintzen. Bertakoa izateko itxura zuen beste andrazko bat zegoen, eta gizon beltz gazte bat arropa mordoarekin... Garbigailuan gauzak sartzen, halako faja handi bat sartu zuen, eta, azalpenak ematera behartua sentitu zen edo: ez zela berea, gimnasia klaseak ematen dituela, eta faja hori andrazko bezero batentzat erosi duela hari emateko... Gaztelania moduko batean esan zuen hori, baina gehituz euskaraz: "Egia da, bai, egia da".

Andrazko ustez indigena irten zen, eta hari ere agurra euskaraz egin izan, "ondo izan, bai, agur". Orduan galdetu nion ea euskaraz bazekien, eta bai, nahikotxo, saiatu eta ulertzeko moduan. Nik frantsesez baino hobeto, elkarrizketarako hizkuntza hori nahiago baitzuen gizonak. Baina euskaraz eta gaztelaniaz jardun genuen.

Salem du izena gizon horrek.

Kontatu zidan Mauritaniakoa zela. Euskal Herrian ez duela arrazismo handirik topatu, baina bai klasismo handia. Arrazismo handiagoa Espainian, eta Mauritanian ere, hango hegemonia hasania arabiarrak afrikar herri beltzak oso gaizki tratatzen dituela. Herri horietako bat da Fula herria, Salemen etnia, zenbait izenekin Sahel eta Afrika mendebalde osoko herrialdeetan zabaldutako herri bat.

Ibrahima Balderen herria eta hizkuntza da Fula, baita ere. Miñan, anaia txikia, Europarako bidean galdu zuenaren istorioa ezagutzen dugu, Amets Arzallusekin idatzitako liburua tarteko. Salemek ez zuen liburua ezagutzen, baina argazki batean Ibrahima eta Ametsen aurpegiak ezagunak egin zitzaizkion.

Ez da kointzidentzia bakarra, tamalez, hizkuntza eta herria partekatzearena.

Terminoari dagokionez, miñam ahoskatu zidan Salemek, bere aldaera (Ibrahima Gineakoa da, pentsatzen dut egoera dialektal zabal bat duela fula hizkuntzak). Eta... Afrikatik etorri zela berak ere anaia galdu zuela esan zidan, Libian, anaia nagusia kasu honetan, maunam.

Bostekoa emanez elkarri agur esan genuen. Garbitegitik Bagera-ren euskarazko eskola edo mintzatalderen batera zihoala esan zidan. Baina pistatxo bat ezagutu nahi duenarentzat: Donostian kalistenia/fitness eskolak edo training nahi baduzu, Salem prest dago emateko. Bera super-fit dago, gihartsu atletiko, erreferentziak balio badizu... Interesa duenari pribatuan emango diot kontaktua.

Erantzun

Sartu