Teknologia albisteak

Prezio algoritmiko "dinamikoen" garaian bizi gara jada

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:56

Prezio algoritmikoen garaia iritsi da eta "dinamismoa" deitzen diote honi saltzaileek, "prezio dinamikoak" aipatzen dituztelarik. Lehen zantzuak Uber bezalako plataformek eman ziguten, segun nork eskatzen duen eta noiz, auto bidaia egitea desberdin ordaindu daiteke. Baina kontua hedatzen ari da txartel erosketara (eskariaren araberako prezioak) edo hedabide harpidetzetara ere (erabiltzailearen profil ekonomikoaren arabera).

Hedabideen adibidea albiste honetan aurki dugu. Wall Street Journal agerkaria ari da urtebeteko harpidetza saltzen, segun eta nori, batzuei 923 dolar urteko, beste batzuei 845 dolar... Orain arte eskaintza hauek izan zezaketen balorazio puntu objektibo batzuk, bereziki harpidetza berritzeko orduan antzinatasuna kontuan hartuta. Baina gaur egunean, adimen artifizialeko (AA) ebaluazioak profil bat marraztu dezakete klik egiten duen erabiltzauilearen gainean, eta diruduna dela erabakiz gero, gehiago kobratzen saiatu. WSJk ez du jada harpidetza informazioan prezio zehatzuk aipatzen.

Aipaturiko albistean, beste hedabide batzuetako harpidedun batzuek jaso duten oharra ere jarri dute. Honako hau:

Ingelesez irakurtzen dugunez, halako zerbait esaten digute: "Zure harpidetza aurten halakoa izango da, eta datorren urtean, auskalo, ikusiko dugu".

Beste adibide batzuk txartel salmentan gertatzen dira, baina ez bakarrik sold out efektuko makro-gertakarietan, jarduera arruntetan ere bai. Sustatuko editoreak abuztu honetan ikusi du eta ordaindu du prezio dinamiko bat, Bartzelonan Gaudiren diseinuzko eraikin bat bisitatzeko orduan. La Pedrerako bisitek prezio aldakorra dute, irudiak erakusten duen bezala (atzo ostegunez ateratako pantaila irudia, igande honetarako erreserba egiteko):

Ikusten den bezala, 11.00etako bisitak 29 euro balio du, baina 11:15etakoak 31 euro. Zergatik? Ez dugu uste AA kontu konplexurik dagoenik hemen, baizik eta algoritmo sinple bat. Segun zenbat jende apuntatzen den ordu bakoitzean, ordu desiratuenak garestitzen dira (marra horiak 11.15etan esan nahi du toki gutxiago geratzen direla). Jendea orduetan banatzeko metodo bat izan daiteke... eta euro batzuk zurrupatzeko aldi berean, jakina.

Erantzun

Sartu