Donald Trump AEBetako presidentearen azken txorakeria eta burutazioa: agindu bat esateko Ontario lakuari izena aldatzen zaiola eta aurrerantzean Lake America izango dela. Estatu Batuen eta Kanada arteko Laku Handietako bat da Ontario, eta gainera izena ematen dio Kanadako probintzia handienari (hiriburua: Toronto). Nola Kanadarekin muga-zergen kontuan eta espantsionismo mehatxuekin haserre dagoen Trump, hortik izena aldaketarena. Mexikoko Golkoarekin egin zuen duela hilabete batzuk, hura ere 'of America' bilakatuta.
Irudian jarri duguna Mapquest sareko mapen konpainiak jarri duen baliabide bati esker sortu dugu. "Eman zuk ere nahi diozun izena Ontario lakuari". Tira, ez du uzten nahi duzuna benetan, beti Lake gehitzen baitio Mapquestek: Lake Urederra irten zaigu beraz. Nolanahi ere, hor duzue tresna zuen aprobak egiteko. (Bide batez, inor gogoratzen zen Mapquest esistitzen zenik oraindik?)
Txantxa dirudi baina adi, mapak sarean egiten dituztenek aldatzen dituzte gauzak Trumpen gurariz... Euskaraz kontsultatuz gero Google Maps, Mexikoko Golkoa izen bikoitzarekin agertzen da Mexikoko Golkoa orain: Gulf of Mexico (Gulf of América), Sustatun bere garaian informatu genuenez.

Susmatzen dugu Lake America berria ere irits daitekeela Google Mapsera, beraz. Bitartean. AEBetan bertan seinaletika eta izendapen ofizialetan aldaketa ezartzea kontu garestia ere izan daiteke.
Goragoko irudirako aukeratu dugun izenari dagokionez (Urederra), ez da ausaz okurritu zaigula. Mark Carney Kanadako lehen ministroak mezua zabaldu du sareetan esateko Ontariok ez duela izenik aldatuko, eta izen zaharra dela, Wendat hizkuntza amerindiarrean Ontari'io izenak esan nahi duela "laku ederra, laku handia". Hortik bururatu zaigu Urederra.
Erantzun
Sartu