Duela egun batzuetatik martxan du Zumaiako Udalak CodeSyntax-ek prestatu dion udal zerbitzuen aplikazioa. Herriko informazioa eta udal zerbitzuak modu erraz, azkar eta erosoan eskuratzeko aplikazioa da, eta kexka eta iradokizunak bideratzekoa ere bai.
Albisteen atalean udaleko oharrak, proiektuak, kanpainak eta interes orokorreko informazioa argitaratuko dira, herritarrek unean uneko berritasunen berri izan dezaten. Era berean, Agenda atalak herrian antolatzen diren ekitaldi, kultura jarduera, kirol ekimen eta bestelako hitzorduen informazioa jasoko du, herritarren parte-hartzea eta informaziorako sarbidea erraztuz.
Horrez gain, aplikazioak herritarren parte-hartzea eta Udalarekiko komunikazioa errazteko tresna berri bat ere eskaintzen du: Kexak eta iradokizunak zerbitzua. Atal horren bidez, herritarrek kalean edo udal espazioetan antzematen dituzten mantentze-lan txikiak eta bestelako gorabeherak zuzenean jakinarazi ahal izango dituzte. Besteak beste, hondatutako bankuak, argirik gabeko farolak, zuloak edo garbiketa-beharrak modu erraz eta azkarrean helarazi ahal izango dizkiote Udalari.
Jakinarazpen horiek ez dira aplikazioaren bidez bakarrik egin ahal izango; Zumaiako Udalaren webgunearen bidez ere bidali ahal izango dira, hori ere CodeSyntaxek garatutakoa. Hemen kexa eta iradokizunetarako bidea webgunean, Herritarren Arreta Zerbitzua atalaren bidez.
Adi, zeren eta Zumaiako Udalak bertan behera utzi du WhatsApp bidezko arreta-zerbitzua. Hori dela eta, hemendik aurrera kexak eta iradokizunak online aurkezteko bide bakarrak aplikazioa eta udal webgunea izango dira.
Zumaiako Udalaren aplikazioa eskuratzeko:
Erantzun
Sartu