Teknologia albisteak

Aita Santuak 'Miñan' liburua gomendatu du, Ibrahima Balderen bizipenak, Amets Arzallusek idatziak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-04-04 : 16:30

Frantzisko Aita Santuak 'Miñan' liburua gomendatu du kazetarien aurreko agerpen batean, migrazioaren drama aipatzen zuelarik. Maltara egin berri du bidaia Frantziskok, eta itzuleran, ohi duen bezala, berriketaldi izan du kazetariekin, informalki baina informatzeko baimenarekin egin ohi dituen agerpen horietako batean. Gaztelerazko eta katalanezko edizioa argitaratu duen Blackie Books argitaletxeak zabaldu du bideoa, era guk Amaia Ereñaga kazetariarengandik jakin dugu albistea.

Italieraz hitz eginez, Miñanen gaztelerazko zein italierazko itzulpenen izenburuak aipatu ditu Aita Santuak, Hermanito (gaztelerazkoa, Ander Izagirrek itzulia), eta Fratellino (italierazkoa, Roberta Gozzik itzulia). Frantziskok zein irakurriko zuen ez dakigu, beharbada bere ama-hizkuntzan dena, gaztelerazkoa (argentinarra da Aita Santua).

Hona Aita Santuaren hitzak, italieraz, gazteleraz azpidatzita bideoan:

Aita Santuak aktualitateko gaiari heldu dio, nola laguntza eman behar zaien Ukrainako gerrako iheslariei. Baina Maltan egon denez, bertan Mediterranioko gurutzaketan gertatzen den migrazioaren drama ez ahazteko ere eskatu du, harrera egin behar zaiela hortik datozenei ere. Eta kontestu horretan liburuaren irakurketa gomendatu du.

Miñan hitzak anaiatxio esan nahi du pular hizkuntzan. Ibrahima Balde Gineatik abiatu zen Afrika zeharkatuz Europarantz, anaiaren arrastoaren bila, hark lehenago bide hori hartu zuelako eta albiste faltan amak hori egiteko eskatu ziolako. Europara iristea lortu zuen Ibrahimak, eta bere bidaia hori Amets Arzallusi ere kontatu zion, zeinak euskaraz jarri zituen bizipen horiek Miñan liburuan (Susa, 2019). Latza da kontakizuna, oso latza.

Gerora, Balde eta Arzallusen lana beste hizkuntza batzuetara itzuli da. Gaztelera eta italierazkoa aipatu ditugu goian, beste hizkuntzak dira alemana (Kleinder Bruder), katalana (Germanet), ingelesa (Little brother), galiziera (Miñán) eta beste batzuk ere bidean dira, hala nola danierazkoa.

Euskarazko bertsioa, osorik du jarria sarean Susak. Paperezko erosketa edo e-book-arena ere egin dezakezu bertatik (16.62 euro edo 3.12).

Erantzun

Sartu