Teknologia albisteak

2022ko Nafarroako beste eskua: Pompeloko Togatusarena

Erabiltzailearen aurpegia
2023-02-26 : 08:54

2022ko Nafarroako esku ezagun bat badakizue zein den. Baina ez da Irulegiko eskua artikulu hau ilustratzen duena. La2 telebistako dokumental batean zeharka aipatu zuten objketu baten eskuin-eskua da, Pompeloko Totagusarena.

Ez da Irulegiko eskua bezain baskoia, itxura batean. Baina harengandik gertuago dago, gugaindik baino. Irulegikoa baino 200 urte berriagoa da bakarrik. Iruñean aurkitutako Pompeloko Togatus-aren eskuina da.

Eta zergatik diot '2022koa' dela. Ba 1895ean aurkitu zuten arren, segituan Nafarroatik kanpora saldu zuten, eta han segitu du, bueltaka 2022an Nafarroako Museora etorri zen arte. Baina adi, bi urtez bakarrik: gero berriro joango da. Ez omen da geurea.

1896an aurkitu zuten Nabarrareria kaleko obra batzuetan Iruñean. errenoaren jabearen jabetza pribatu legala izanik orduan, 1906an atzerrira saldu zen, eta hortik ibili da, bilduma pribatutik bilduma pribatura, Galiakoa zelakoan, 2015eko biltzar batean aditu batek argazki zahar bat gogoratuz identifikatu zuen arte.

John Kluge Bilduma delakoa omen da jabe legitimoa... eta etorri bada Nafarroara, izan da bi urterako akordio bat egin delako. Halaxe dira gauzak, nahiz eta Nafarroako Gobernuak esan duen lanean ari dela betiko geurean gera dadin.

Baina adi berriro eskuari. Zer da hori? zeri eusten dio? Hegazti baten hanka? animalia baten erpeak? (neuri hori iruditu zait...)

Ez, ni oker omen nago. Litekeena da galburuen azao bat izatea, ohikoa eskultura erromatarretan Zeres jainkosaren irudietan. Baina togak biltzen duen irudia gizonezkoarena omen, eta ez litzateke ohikoa. (Hala ere, txibatu dit Martxelo Sotesek, San Ferminen segizioan gaur egun laborarien ermandadeak ere holatsu parte hartzen du: galburu azaoa eskutan!).

Aditu baten iritzi serioagoaren arabera, togaren luzapen edo 'sinus' luzearen azken tolesturen ertza litzateke, apaindurez hornitua.

Eta horixe bada, Pompeloko Togatusa eta bere eskua, objektu ezezagun bitxi bati eusten. 2024 arte Iruñean, oroit, gero eraman egingo dute berriro, ez badute Gobernuaren negoziazio horiek fruitu ematen. Joandakoan ere, artikulua geratuko da Wikipedian behintzat.

Erantzun

Sartu