Iraileko egun hauetan polemika izan da euskarazko hedabide batzuen artean (Aiurri eta Argia, bereziki, beste batzuen iritziekin tarteko) edizio digial batean copyleft lizentzia batekin agertu zena, beste batean kopiatu zutelako, lizertziak espreski baimentzen zuen bezala. Aurreko esaldian, funtsean, zer gertatu zen, eta sekuentzia ere deskribatuko dugu jarraian.
Aiurri Gipuzkoako tokiko aldizkariak (Beterri eta inguruak tratatzn ditu), minbizia izan duen pertsona batekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen, kazetari kolaboratzaile batek egina (Andoni Urbistondo, Euskadi Irratiko kazetaria izatez). Artikulu haren oinean, Aiurriko eduki guztietan bezala, CC-BY-SA oharra dago, Creative Comnons Aitortu Partekatu lizentziarena. Horrek berez baimena ematen du edukia berrerabiltzeko, osotasunean, partzialki edo are eraldaketa gehigarriak eginez, jatorria aipatuz gero.
Eta horixe egin zuen Argia aldizkariak, beste eduki batzuekin egiten duen bezala, adibidez Sustatukoekin. Argiak kendu du jada artikulua bere saretik.
Kontua da Andoni Urbistondo lehenbizi, eta haren argitaratzaileak ez dutela ondo hartu beraiek emandako lizentziaren erabilera literala. Andoni Urbistondoren haserrean ikusten da ez zekiela asko copyleft lizentziez. Eta are gehiago, ulertu gabe segitzen duela.
Baina Argiako Xabier Letonak zuzen dioen bezala, lizentziak dio dioena, baimena ematen du kopia eta ber-banaketarako, eta prozedura bera da lizentziaren testua. Zuk lizentzia batekin banatzen baduzu testu bat, lizentzia horretan esaten diren baldintzetan ulertu behar da banaketarako baimena eta prozedura.
Aiurriko Jon Ander Ubeda zuzendariak dioenez, baldintza jarri zuen elkarrizketatuak herriko agerkarian bakarrik banatzeko elkarrizketa.
Hala bada, Interneten edo herrian banatzen den paperean, bietan herrian "bakarrik" banatzea den kontuan hartu behar duena Aiurri litzateke, eta edozelan ere, testuari ez zegokion beste baldintzarik atxikituta argiki, ez bada cc-by-sa oharra.
Zuzendariak beste proposamen bat ere egiten du artikulu horretan. "Utz diezaiogun Aiurri.eus-eko url-ari bidea egiten, eta gero egoki ikusten badu, partekatu dezala eduki hori Argiak. 48 orduko tartea, adibidez". Hori baldin bada edukia banatzeko baldintza, hori zehaztu beharko luke Aiurrik, baina cc-by-sa lizentziak ez du ematen halako tarte tenporalen berri, eta cc-by-sa pegatu duena bere webgunean Aiurri izan da.
Beste iritzi batzuk honen inguruan:
Eta noski, ongi irakurri eta ulertu CC-BY-SA lizentziak dioena.
Erantzun
Sartu