Teknologia albisteak

Jaiak bai (ñabardurekin, baina bai)

Erabiltzailearen aurpegia
2021-06-27 : 08:14

Jaiak bai; birusaren kontrako azken borroka ere bai. Benetako pedagogia pixkat behingoz, jaia egin daiteke, aire librean bada egin daiteke: botelloia goraipatu gabe, jakina, baina bai, egin daiteke. Artikulu honen audio bertsioa irten da ostiral honetako Ttap aldizkarian; hona testuzko bertsioa ekarri dut.

Pandemiaren larrialde egoera luuuze hau laster amaituko dela dirudi. Ez dakit Ttap aldizkariaren ale hau irten orduko, txertatuen adina 40 urteren bueltan egongo den, baina hortxe hortxe. Gazteak geratzen dira txertatzeko, oro har, eta arrisku faktore gehien zeukatenak txertatuta daudela edo gaudela ematen du. Irailean ikasturtea normal samar hasiko delako esperantza daukat.

Txertatzearen datu baikorrekin batera, zeharkako erlazioa duen beste egitate bat: jendea jai egiteko gogoarekin dabil. Jai inportanteetako egitarau eta bilkura handiak ez dira egingo uda honetan, baina hainbeste grina dago non beldur naiz ez ote diguten teleberri bakoitzean erakutsiko behin eta berriro, ez dakit nongo hondartzan edo zelaian edo plazan, gazteak elkartu direla parrandan.

Botelloiaren demonizazioarekin nahastuko da pandemiaren izua. Baina truko mediatiko bat besterik ez da: izatez, aspalditik dakigun bezala, kalean elkartuz gero, askoz gutxiagokoa da kutsatzeko arriskua. Ondo-ondoan bagaude elkarrengandik bi zentimetrora maskararik gabe oihuka, aerosol eta birus transmisioa gerta daiteke, baina halako egoera bat ere errazago gertatuko da toki itxi batean, tabernazulo batean edo etxe barru bateko festa pribatuan, zelai irekian baino.

Baina irudiak... ai irudiak. Ikus-entzunezko komunikazioak hainbeste inporta duen ingurune mediatikoak, irudiak lor daitezke lor daitezkeen tokian: zelai irekian errazago, zulo pribatuan baino. Eta irudien gainean berriro salaketa eta eskandalua ikusiko dugu.

Eta mereziko luke, akaso, alderantziz jokatzea: aire librean jaia ospatzea posible dela erakutsi zitekeen, pedagogia pixkatekin, ez botelloiaren edo alkohol kontsumoaren apologiarekin eta ezta segurtasunaren ahanzturarekin. Pandemia amaitzera doa, eta jaia egin daitekeela erakutsi daitekeela uste dut. Jaiak bai, eta birusaren kontrako azken borroka ere bai.

(artikulu honetarako lortu dudan ilustrazio nostalgikoa, ezker abertzalearen 1980eko hamarkadako lema batzuena, Bizi-Baratzea webgunetik lortu dut).

Erantzun

Sartu