Teknologia albisteak

Bai / Ez / Bi hitz baino gehiago beharko nituzke erantzuteko

Erabiltzailearen aurpegia
2021-04-18 : 09:56

Sexuak eta politikak, kontu katramilatsuak kasu askotan (adibidez, haurdunaldi subrogatuaren gaia), baina puntu batean bederen, uste dut oso sinplea dela gaia. Trans politiken alorrean, esaterako. Test sinple batek argitzen du auzia, nire ustez. (Artikulu honen audio bertsioa irten da ostiral honetako Ttap aldizkarian; hona testuzko bertsioa ekarri dut / Ilustraziorako alderdi jakin baten mezu bat aukeratu dut: ez dut alderdi hori [Alternatiba] aipatzen artikuluan, baina Trans Ikusgarritasunaren Egunean zabaldu zuten txioan irudi eta mezu ona eman zutela iruditu zitzaidan, eta horregatik ekarri dut hona).

Test sinple hori egiteko, aldez aurretik, galdera-argipen bat: Ezagutzen duzue Carla Antonelli, PSOEko politikaria, trans politiken aldarrikatzaile historikoa Espainian? Ezagutzen duzue Aitzole Araneta, Podemos Ahal Dugu alderdiko zinegotzia Donostiako udalean?

Ba bata edo bestea ezagutzen baduzue, test sinple honi erantzun ahalko diozue. Galdera: Aitzole Araneta emakumea da?

Eta erantzun posibleak dira:

  • Bai
  • Ez
  • Bi hitz baino gehiago beharko nituzke erantzuteko... 

Uste dut planteamendua sinplea dela, nahiz eta erantzun posibleetako batek, bi hitzetik haratago luzatzekotan, konplikatu dezakeen kontua. Dena dela, aurreratuko dizuet. Bi hitzetik gorako erantzuna okerra da. Ezezkoa ere okerra da.

Aitzole Araneta emakumea da, eta bai da erantzun zuzen posible bakarra. 

Erantzun hori ezin eman dezakeen jendea dago gure artean, printzipio biologistak, politikoak eta dena delakoak aitzakia bezala jartzen. Ez dute beren burua transfobikotzat aurkeztuko, eta sutuko dira hori leporatzen badiezu, baina berdin dio. Aitzole Aranetari bere identitatea ukatzen badiozu, zeurea da arazoa.

Sektore ukatzaile horrek arrabotsa atera du azken hilabeteetan. Alferrik ari dira, gerra galdua daukate. Kantzelazioaren kulturaz hitz egiten dugu gainera datorkigun mamu bat balitz bezala, baina azken batean, zuzentasun politikoaren eta edukazio on onartuaren beste izen bat da, eta dagoeneko geure artean aktibo dago transfobikoen kontra.

2021ean, transfobiko batek ezin du normal lan egin hedabide batean, eta Aitzole Araneta elkarrizketatu genero femeninoz tratatuz ez bada. Ez Ttap-en, ezta Vocentoko medio batean. Ez diote utziko. Isilduko du edo barne-zentsuratuko du bere barrenak eskatzen duena, edo ez du beste elkarrizketarik egingo.

Transfobo bat ezin daiteke zinemaldi bateko sari-emanaldi batean protagonista izan. Wachowski ahizpei ongietorria eman behar badie, edo Una Mujer Fantástica filmeko protagonistari emakumezko aktore onenaren saria eman behar badio... transfobikoak disimulatu egin beharko du; bere urguillua eta hitzak jan beharko ditu, eta pertsona horiek emakumetzat tratatu beharko ditu. Edo bestera oholtzatik botako du antolakuntzak. 

2021ean transfobo batek ezin du klaserik eman Euskal Herriko instititu batean, eta neska bat beste nesketatik aparte tratatu, neska ez balitz bezala. Zuzendaritzak ez dio utziko, eta Hezkuntza sailak ere ez.

J.K. Rowlingek ezin du saririk eman Donostiako Zinemaldian. Ezin du klaserik eman institutu batean, trans ikaslerik badago. Horixe da egia. Gerra hori galduta dute transfobikoek.

Beste kontu bat da pertsona transexualek gerra irabazi ote duten... Tamalez, aurrean lubaki, mina-zelai eta etsaigo ikaragarriak aurkitzen dituzten pertsona zaurgarriak dira. Borroka pertsonal horietan laguntza behar dute. Eta borroka horrek akaso interpelatu beharko gintuen: Trans pertsonekin zaude? Bai / Ez / Bi hitz baino gehiago beharko nituzke erantzuteko...

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu