2021. urtea txerto kanpainekin has daitekeela ematen du. Albiste ona iruditzen zait, baina polemika handi batekin ere egingo dugu topo: Negazionistek tabarra handituko dute, txertorik ez hartzeko aldarriak eginez, eta jende askoren artean zalantzak sortuz. (Joan den asteburu honetako Ttap aldizkarian audio eran joan dena, honako testu formatuan)
Nahiko ustekabean hartu nauen kontua da negazionismoarena. Pentsatu nuen, martxo aldean, txerto baten faltak xertoen kontrako mugimendua sinesgarritasunik gabe utziko zuela. Baina ez, berrindartuta agertu dira, eta ez bakarrik txertoen alderditik baizik eta are ideia zoroagoak adieraziz: Munduko Ordena Berri bat ezartzeko konspirazio global bat dagoela; Covid-aren datuak faltsuak direla eta gaixotasun hau ez dela arriskutsua; arriskua benetan maskaren erabileran dagoela eta haurrak ari direla hiltzen maskarengatik...
Eta disparate horiek, Bill Gates eta Soros delakoaren aipuak barne, euskaraz ere entzun eta irakurri ditugu.
Fantasia azientifiko eta disparateetan sinesten duten mistikoak alde guztietan daude, eta Euskal Herrian ere, hizkuntza, historia, amalurra eta energia fantastikoak nahasten dituztenak egon dira aspalditik. Talde horiek nola egin duten bat Koronabirusaren plandemikoekin, negazionistekin, hortxe sorpresa. Niretzat sorpresa, bederen.
Zer egin pertsona hauekin, negazionista euskaldunekin? Inkestatxo bat jarri nuen nire Twitter jarioan eta erantzun hedatuena, erantzun guztien erdia, indiferentzia izan zen. Ondoren, egurra ematea, eta azkenik, zubigintzan saiatzearen alde uler daitekeen jarrera bat. Lagina ez zen oso handia izan eta inkestak ez du ez balio loteslerik, ez inongo gogo-kolektiborik islatzen, baina hemen nago ni, kasorik egin gabe, indiferentziarik erakutsi gabe matraka ematen berriro ere.
Indiferentzia... bai. Ez auspotu iritzi zoro horiek, ez eskaini propagandarik merezi ez duteneu. Arrazoia duzue argudio horren aldekoek, bai, baina bestalde... puntu batzuk ukitzen direnean, salaketa beharrezkoa suertatzen da.
Adibidez, benetan osasunarentzako kaltegarri diren bide iruzurti eta arriskutsuak sustatzen dituztenean. Esate baterako, negazionista horien artean bada osagile izena duenik ere, hala nola Karmelo Bizkarra bat, Zuhaizpe izeneko zentro bat kudeatzen duena. Josep Pamies delako katalan baten aliatua da tipo hori, pseudoterapiak, gezurrak eta lixiban oinarritutako botika faltsuak saltzen bizi direnak. Pertsona horiek arriskutsua dira, eta indiferentzia baino gehiago, salaketa behar dute.
Eta txertoen kontua datorrenean ere... adi: osasun kolektiboaren kalterako diren jarrera aktiboekin, adi.
Erantzun
Sartu