Teknologia albisteak

Covid-19: Immunitate karneta edo aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
2020-10-28 : 10:50

Ttap agerkari-aplikaziorako audio fitxategi gisa grabatu nuen hau, eta urriaren 23ko alean argitaratu zen. Hona testu moduan: Covid gaitza gainditu dutenen erregistrorik ez dugu, ezta bakoitzak noiz zein test izan duen. Pribazitatearen urraketaren mamuarekin, baliagarria izan zitekeen tresna bat demonizatu dugu. Eta gaiak merezi du eztabaidatxo bat gutxienez, aukera deblauki baztertu aurretik.

Hego Euskal Herriko hedabideen jardunean, Madrilek duen pisua izugarria da. Covid albisteetan ere, gehiago entzuten dugu zer den Espainiako hiriburuan, gure inguruan baino. Eskandaluzko albisteak, sarri, egia baita Madrilen pandemiak oso gogor jo duela, eta egia delako baita ere agintari lotsa gutxikoak daudela...

Madrilgo erkidegoko presidenteak, Isabel Diaz Ayusok, kirtenkeria ugari bota du, eta ekintza efektiborako urrats gutxi hartu, ez bada aliatu dituen osasun-negozioetako marrazoen bitartez. Sistema publikoa marrazoen mesedetan desegin ondoren... egiazki, marrazoetara jo beharra dago gero zerbitzu publikoen hutsunea betetzekotan. Desastrea biribila da, baina negozioa are gehiago, esferikoa!

Hala ere, duela hilabete batzuk, ideia bat proposatu zuen Diaz Ayusok, bere gobernuko sozioek ere errefusatu eta kondenatu behar izan zutena: immunitate karneta ezar zitekeela, Covid test desberdinen erregistroarekin, edo gaixotasuna gainditu izanaren ziurtagiriarekin.

Pribazitatea bortxatzea zelakoan, kritikak alde guztietatik. Berehala lurperatu zuten ideia.

Igarotzen dira asteak, eta milaka lagun sendatzen dira eta antigorputzekin geratu (hilabete batzuetarako baliagarri, ebidentzia guztien arabera, nahiz eta mundu osoan aurkitu izan diren bizpahiru kasu ber-infekzioarenak), dozenaka mila test egiten ditugu, populazioaren %5 edo %10 akaso antigorputzekin dabil kaletik, gaixotasunetik libre... Baina ez dago erregistrorik, ez dakigu nor den, nor garen, ez dago kontrolik.

Populazioaren % inportante bat, eta osasungintza eta asistentziako langileak asko, identifikatuta egon zitezkeen segurtasun agiri batekin. Baina ez dugu nahi. Zaharretxeetan bisitan sartzeko aukera seguru bat izan zitekeen askorentzat, baina hortxe gaude, nor sartu nor ez sartu ez dakigula, eta berriro ere nagusienen artean agerraldiak eragiten.

Halako karnet edo aplikazio batek tentazioak ere sor zitzakeen: kode berdea edukitzeak lana edo mugimendu askatasuna eman diezazuke, eta hortaz, diskriminazio faktore bat ezartzeaz gain, tentazio bat ere pizten da immunitatea lortzeko nahita zeure burua kutsatuz.

Oker posible horiek oso errealak izan daitezke, baina onura posibleekin balantzan jarri behar dira, eta mekanismoak asmatu. Gutxienez eztabaidaren mailan, eta ez orain arte egin dugun bezala, immunitate karnetaren ideia deblauki demonizatuz.

(ilustrazioa Radar Covid aplikazioarena da, irudi huts gisa gehitua; izaera desberdineko beste zerbait da hemen aipatzen dudan aplikazio mota)

Erantzun

Sartu