Teknologia albisteak

Plastiko beltzezko maskara

Erabiltzailearen aurpegia
2020-06-05 : 15:41

15-17 urte bitarteko ikasleak matxakatu dituzte klaseen luzapenarekin, lan eta etsaminen estres gehiagarriarekin... Guztiarekin, semeari egiteko interesgarri bat bidali zion irakasle argi batek: maskara bat egin. Bikainak sortu dituzte berak eta ikaskideek. Nik ere pentsatu dut nolakoa egin nezakeen, kontzeptuala, Hondarribiko alarde matxistaren alegoria bat, pertsona zehatz bati eskainia. (Artikulu hau da Ttap aldizkari digitalaren ekainaren 5eko aleko audio-pieza baten testu-bertsioa)

Eskola-egutegiaren arabera duela hilabete, maiatz hasieran amaitu, behar zituen eskola lektiboak Batxilergoko lehen maila egiten ari den semeak.

Berlinerako ikasbidaia galduta, esperantza zeukan opor luzeagoak izango zituela itxialdiaren kontu honekin, eta aldiz etxeko lanez betetako luzapen estresagarri eta astun bat izan da ikastetxeak eskaini diona. Ez irakasleen erruz, baizik eta itxura batean Hezkuntza Sailak erabaki duelako “edukiekin” matraka ematea inportantea zela.

Nonbait, nerabeen eskola maila hauek, Batx-1 eta Batx-2 laburdurekin izendatuak eta Lanbide Heziketako maila bertsuak, 16-17 urte artekoenak, lehenbailehen hastea inportantea zen. Institutua itxi zuten egunean, martxoan, oraindik zineak eta denda guztiak eta zentro komertzialak irekita zeuden, baina maiatzean esan zitzaigun, batek daki zer logikarekin, alderantzizko irekiera inportantea zela.

Era berean, bi hilabete egon dira Hezkuntza autoritateak euren ‘auctoritas’ hori behartu nahian, ebaluazioaren garrantzia, etsaminen garrantzia, presioaren beharra azpimarratzen, non eta egoerak arintze eta errazte bat eskatzen zuela ebidentea zen: aprobatu orokorrari beldurra? Ezinbestean hori aplikatu besterik ez dagoenean, hori ere disimuluz eta ikasleak presionatuz egin behar.

Jasotako lan eta presio horietan... ikasle askok paso egin dutela argi dago. Semeak ere bai, badakit, eta ez diot errurik leporatzen, txalo egiten diot. Hala ere, bada etxeko lan berezi bat iritsi zitzaiona: batxilergo artistikoa esaten zaion adar horretan dabil mutila, eta “bolumena” delako ikasgaia dute, marrazketaren osagarri bat, eskulturarako prestakuntza moduko bat... Irakasleak lan batzuk erakutsi zizkien eta maskara egitea proposatu, arte museoetako maskara adibide bikainak erakutsi ondoren.

Gaiarekin asmatu zuen irakasleak, eta emaitzarekin ikasi dute ikasleek.

Igo dituzte lanak karpeta batera, eta semeak erakutsi dizkit, ikaskideenak eta berea ere bai. Lan bikainak, baita photoshop pixkat gehituta tranpatxoa egin duen ikasle horrena ere... Memorizazioetan baino askoz ordu gehiago eman dituzte maskara hauek egiten, iruditzen zait. Zelako sormena eta talentua eta lana, 15-16 urteko ikasleen artean. Agintarien irudimenetik koxka bat gorago.

Niri tokatu balitzait egitekoa zer egingo nuen? Maskarak janztearen aldeko matraka ematen ibili naiz martxo hasieratik, eta hala ere, horrekin artea egiteko ez nuke baliabiderik. Kontzeptuala sortu beharko nuke, halabeharrez, collage bat... Cristina Uriarte hezkuntza sailburuaren aurpegia, sudurretik bera plastiko beltzak tapatua, berak defenditzen duen Hondarribiko Alarde matxistaren alegoria bat.

Erantzun

Sartu