"Datu irekiak eta gizarte-ekintza" gaiaren inguruan ikerketa bat egiten ari dira Deustuko Unibertsitateko ikerketa batean. Doktoradutzako ikasle batek galdera batzuk zuzendu dizkigu, CodeSyntax enpresan dugun ikuspegiaz, eta pertsonalki erantzun dizkiot. Galde-erantzunek interes pittin bat izan dezaketelakoan, honaxe ekarri ditut.
Zure ustez, nolakoak izan beharko lukete datu irekiek? Zer nolako papera jokatu beharko lukete gizartean, non gero eta ohikoagoa den dena datu bihurtzea?
Datu irekiak izan beharko lirateke "normalak", besterik gabe. Herri administrazioek bildutako ezagutza, egindako jarduera gehienak, printzipioz eta definizioz interes publikokoak dira, eta denok ordainduak. Hortik ondorioztatzen da ezagutza hori ere publikoa izan beharko litzatekeela.
Nahikoa al da datuak irekitzea jendeak erabili ditzan? Zergatik?
Edozein modutan banatutako datuak ez dira balekoak, jakina, formatu eta kontsulta-estandarrak egon behar dira, jakinak, eta trebatutako tarteko organo batzuk ere bai, horiek berrerabiltzeko. Baina horretatik aparte, datu jakin bat ez zabaltzeko aitzakia ez da "ba, total, ez du inork erabiliko" esatea, ze, batetik, ez dakizu profezia hori beteko den, eta bestetik, ze inporta dio erabilpenak, datua publikoa bada izan dadila publikoa.
Zein gauza gertatu beharko lirateke datu irekiak gizarte-ekintza bilakatzeko?
IKT industria lokal indartsu bat behar da, eta horretarako kontrata publikoek begiratu behar dute probeedore handietatik honuntzago, neure ustez, hemen bertako enpresetara. Era berean, datu irekiera "goiko erakundeen" gauza dela dirudi, eta kontzientzia erakunde txikiagoetan ere behar da, entitate semi-publikoetan eta udaletan, kontaktu zuzenagoan daudelako askotan gizartearekin, ez horrebeste datu publiko propioen banaketari begira, baizik eta goragotik datozen indikadoreen berrerabilpen eta zabalkundean.
Norena da jendeak datu irekiak erabiltzearen ardura?
Guztiona, gizarte mugimendu eta norbanakoetatik hasita, administrazioetara, eta hauetan ardurak dituzten hautesi politikoetara.
Nola integratu daitezke hiritarrak datu irekiak jaso, diseinatu, prozesatu eta eskaintzearen inguruko erabakietan?
Gorago esan dudan bezala, gertuagoko entitateek ardura handia lukete. Adibidez, Eustat-ek eta Open Data Euskadik udal datu mordoa dituzte, han hemendik jasoak. Baina herri bakoitzeko argazkia nork emango dio hobetoen herritarrei ez bada udal bakoitza? Goragoko datuen kanalizatzaile izan behar lukete, neurri handi batean.
Zergatik da garrantzitsua jendeak datu irekiak ezagutu eta erabiltzea?
Gizarte ondo informatu bat osasuntsuagoa izango da, ezta?
Zure ustez, nola sustatu ditzakete datu irekiek gizartearen elementu hauek? Transparentzia, parte-hartzea, kolaborazioa.
Puf, sekulako programa politikoa aurkeztea eskatzen didazu galdera horretan! Transparentzoiarako ezinbestekoa da datuen irekitasuna, dudarik gabe; hortik aurrera, helburu politiko-sozial hain anbiziosoak marrazten ez nintzateke ausartuko. Herritarren parte-hartze digitalaz asko hitz egin da, eta ganorazko gutxi egin 21. mende honetan. Zaila da.
Bestalde, "kolaborazioa" gauza bat da, eta beste bat "konfrontazioa", nahi baduzu politikoki bestea bezain zilegia, eta lehia politiko demokratikorako oinarri bat. Zabortegien kontrola, kutsadura eta aire-kalitatea... honetaz dihardugularik azken egunetan geure herrian gertatu diren kontu batzuk tarteko, ezin da esan datuak ezin direla zabaldu konfrontaziorako bide emango dutelakoan. Ez, ez, datuak behar dira, eta horien gaineko eztabaida ere bai.
(ilustrazioa: Eibarko Udalaren webgunean, Zaldibarko Verter zabortegiko isurien kontrolerako jarritako aire-neurketen zuzeneko kontsulta orria).
Erantzun
Sartu