Teknologia albisteak

Espainiaren nazioarteko propaganda, Pedro Sánchez, España Global eta Irene Lozanoren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia
2019-10-15 : 15:52

Pedro Sánchezen txioetan #Everybodysland kanpaina hasi zen atzo. Lehen bideo bat izan zen Espainiako Gobernuko ministroena, zein herrialde aurreratua den Espainia. Bigarrena, Procesaren epaiaren ondorengoan, atzerritar batzuena da. Besteak beste eskoziar bat agertzen da honakoa esaten: "Espainian jendeak errespetu handia dio elkarri politikaz hitz egitean; horrelakorik ez da gertatzen Eskozian". Aurpegia behar da gero! eta badaukate batzuek...

Txiolari katalan batek arakatu egin du sarean ea nor diren atzerritar Espainia-zale horiek. Eskoziakoa honako hau da: Dawn Allan, 2015ean Mariano Rajoyren ingeles irakaslea zen, eta Madrilgo akademia baten propagandarako harro agertzen zen Union Jack handi batekin eta safari kolonialerako jantzita (bakarrik salacota falta zaio):

"Katalunia eta Eskozia oso kontu desberdinak dira. Hori azpimarratu nahi nuke", dio baita bideoan Dawn Allanek. Bai horixe, Dawn, bai horixe.

Bideoan agertzen diren beste pertsonen batzuen berri, datu batzuk. Soizic Belluard frantziarrak dio diktadura baten bizi izan zela duela urte batzuk. Linkedineko informazioagatik izango da Frantziak Nikaraguan duen enbaxadan 2010ean izandako egonaldiagatik edo...

Jonas delako suediarra berriz, Jonas Spolander, kirol manager gisa agertzen da bideoan, baina nonbait, soinean duen kamisetan ageri den resort baten (Kukkolaforsen) jabea omen da. Maila altuko informatikari gisa ere ageri da Jonas Spolander Linkedinen: hauxe da bere webgunea, spolander.com, maila handiko konputazioa, ikusten denez.

Horra bideoa, zuen gozamenerako:

Itxura batean, #Everybodysland kanpaina hau España Global Gobernuaren adarrak antolatua da. Beste webgune bat ere badute, bideo gehiagorekin, non Ana Patricia Botín edo Isabel Coixet ageri diren. Estatu idazkari nibela duen Irene Lozano da España Globaleko buru. UPYD alderdiko transfuga honek Pedro Sanchezen ondoan lortu zuen jarraipen politikoa, eta hor dago orain, Espainiaren irudia garbitzea edo finkatzea edo zeozertzea helburu duen erakunde horretan. 

España Global eta Irene Lozanoren azken aurreko propaganda agerpena zen irailean publiko egindako gauza bat: La Democracia se Toca izeneko agerraldi bat, non Juan Antonio Bayona zinegilearekin eta Manuela Carmena Madrilgo alkate izandakoarekin bere obsesioetako bat ukitu zuen: Espainia desinformazio kanpainen pean bizi dela, eta bere leienda beltzaren mendean egon direla espainolak beraiek. "Askotan Espainiaren etsaien ikusmira geure egin dugu", esan zuen Irene Lozanok iraileko ekitaldian. "Espainiaren etsaiak", kategoria gisa.

Lagun batek komentatu zidan Javier Ortiz kazetari donostiarraren miresle izan omen zela Irene Lozano. Hitz goxoekin agurtu zuen artikulu batean Ortiz hil zenean, bai. Orduko hartan aitortu zuenez, nazionalismoaren gaian ez zetozen bat. "Discrepábamos respecto al nacionalismo, dolorosamente en los últimos tiempos". Ez da harritzekoa, nazionalista baten traza handirik ez zuen Ortiz zorrotza halako ultra baten ondoan...

Erantzun

Sartu