Fama dauka hau sinatzen duenak (Luistxo Fernandezek, Sustatuko editoreak) PDF dokumentuak gorrotatzen dituela, halako inkonpatibilitate sakratu bat tarteko, hala nola musulman zintzoak txerrikia arbuiatzen duenean. Fama horregatik edo, duela egun batzuk harritu omen ziren batzuk PDF bat mesedez zabaltzeko eskatu nuela Interneten. Ba ez, kontua ez da PDF bat bere horretan okerra dela. PDF-ak zerbaitetarako balio du, eta oso ondo gainera betetzen du funtzio hori. Baina funtzio horretatik kanpo, komunikaziorako tresna alferrekoa da, eskura beste ezer hoberik ez denean erabiltzekoa, izatekotan. Saiatuko naiz esplikatzen, ez esperantza gehiegirekin ulertuko didatenik.
PDF bat dokumentu mota sinple bat da: papererako diseinatu eta maketatu den komunikazio elementu baten kopia grafiko fidel, arin eta erabilgarri bat. Dokumentu jakin baten kopia inprimatua lortzeko, inprimagailu arrunt batera bidal daitekeen formatu onena da. Ez da inprimategi batean behar den kalitatea, jakina, baina balekoa da.
PDF-aren beste abantaila bat da testua kopipegatzeko zail bihurtzen duela. Hau bere alde okerretako bat ere bada, baina batzuetan oso egokia da: proposamen komertzial bat bidaltzen duzunean, adibidez, komeni izaten da ez dezala erraz eduki jasotzaileak zure dokumentuaren parte batzuk birziklatzea beste dokumentu bat egiteko (PDF-tik erautzi daiteke testua, bai, baina zailxeago bada, hobeto). Proposamen komertzialetan, bestalde, MS Word edo LibreOffice dokumentua bidaltzea baino hobeto da: PDF sorrerak normalean metadatuak ezabatzen ditu, eta hori inportantea da, ze Doc bat bidali eta dokumentuaren istoriala arakatzeko gauza bada jasotzailea, igual igar dezake ze prezio eta testu aldaketa egon zaren egiten. Era berean, proposamen jakin bat PDF eran bidaltzea txukunago geratzen da, taula, adibide grafiko eta ordenatze-egitura bat egin dezakezulako. Hori sortzeko, Word, Powerpoint edo LibreOffice dokumentua edo aurkezpena prestatzea da onena, baina bidaltzeko orduan, PDF bihurtu. Jasotzaileak PDF hori bulegoko ordenagailuan ikusiko du normalean, eta inprimatu ere egingo du, paper bihurtu. Komunikazio komertzial, instituzional, formal edo pseudo-formal (bulegotik bulegora, demagun) PDF-a da formatu egoki bat izan daiteke gauzak bidaltzeko. Nik neuk, PDF mordoxka ekoiztu eta bidaltzen dut nire lantokitik.
Aurreko parrafoan defenditu dudan PDF-aren erabilpen hori ez da komunikazio publikoa. Bulegoen artekoa da. Eta ez dezagun ahaztu zer den funtsean PDF-a: paperean inprimatzeko sortu den elementu baten bertsio digital bat. Komunikazio publikoaren alorrean, ordea, zera gertatzen da Euskal Herrian, 2019. urtean duela 15 edo 20 urte bezalaxe: errazagoa zaiola edozein erakunderi informazioa papererako maketatu eta banatzea, informazio hori Interneterako formatu egoki batean egitea baino.
Edozein konturen egitarauen informazio-banaketarekin ikusten da hau Euskal Herrian. Komunikazio prozesu normal batek hala funtzionatu beharko luke:
Aldiz, Euskal Herriko komunikazioan, ohikoagoa da hau:
Eta ez, hori desastre bat da. Topatu dudan azken adibidea, artikulu hau ilustratzeko erabili dudana. Donostiako Euskal Jaien berri honela ematen du DonostiaKulturak. PDF batekin. Kolorin kolorao, eskuorria dotore geratu dela ez dut dudarik egiten, baina hori ez da Interneten egitarau bat argitaratzeko modua, are gehiago pentsatuz gero mugikorrekin gabiltzala. PDF hori mugikorrarekin kontsultatzea tortura da, eta torturatzailea DonostiaKultura da.
Horrelakoak, astero. Eta batzuetan, kasu larriagoak ere bai. 2016an hainbat erakunderen artean osatu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Donostian prestatua nazioarteko ikuspegiarekin, PDF eran besterik ez zen banatu eta formatu horretan baizik ez da esistitzen.
Testutik papera produzitzeko gauza izan ziren, digitalki, eta gero papera PDF bihurtu. Testu hutsa, auskalo noiz, bidean galdu zen. Orain, protokoloaren testua nahi baduzu handik hartu, demagun artikulu bat kopiatu, PDFtik testua erauzteko lan nekagarri horretara jo behar duzu eta lerro-etenen marratxoak eta orrialde saltoen karaktere bitxiak banan-banan zuzendu. Protokoloa sortu zutenek papera produzitzea besterik buruan izan ez balute bezala...
Eta, enfin, purrustadarekin amaitzeko, lehengoan sarean gomendatu nuen PDF-a bergomendatuko dut. Katixa Agirre idazleak aipatu zuen The Times egunkariaren literatura gehigarrian kritika agertu zela, Miren Gabantxok sinatua, ingelesez, Fernando Aranbururen Patria/Homeland eleberriarena. Agirrek irudi bat eta esteka banatu zituen, eskura zituen materialak. Baina irudia erresoluzio txikikoa zen, irakurtzen oso zaila, eta estekan harpidetza ordaindu behar zenez, galdetu nion ea bazuen artikulua beste moduren batean.
Bai, bazeukan: PDF bat; eta bidaliko zidala. Orduan eskatu nion, neuri bakarrik bidali barik, denon eskura jartzeko, eta hori egiteko modu bat izan zitekeela Google Drive aplikaziora igotzea, eta bertan ikuskatzea partekatzea. Horixe egin zuen Katixa Agirrek, eta horrela irakurri dezakegu. PDF bat da, paperaren kopia bat (izatez The Times orrian osatzeko erabili zuten beste kritika interesgarri bat ere badago tartean), eta mugikorrez ikuskatzeko ere ez da onena (nahiz eta tarteko aplikazioak, Google Drivek, hori errazten duen). Baina Agirrek eskura zituen aukeren artean, testuaren berri emateko modu onena horixe zen: PDFa bazuen eskura, ba huraxe banatu.
Hortxe duzue ba, merezi duen PDF bat, Gabantxoren kritikarena. DonostiaKulturaren PDFari dagokionez, merezi duguna, donostiarrok eta gainerakook, formatu hobe bat da.
Erantzun
Sartu