Teknologia albisteak
1

CymEus topaketa baten alde

Erabiltzailearen aurpegia
2018-06-03 : 14:09

Bada denboratxo bat pentsatu izan dudala Galesko eta Euskal Herriko IKT alorreko aktibista, zaletu eta politika-eragileek elkartu beharko genukeela elkarren berri zehatzagoa izateko, eta elkarlana lantzeko. Joan den asteko Udaltop-etik jasotako txio batetik berpentsatu dut ideia, eta akaso IKT alorretik zabal daitekeela uste dut, hizkuntzarekin zerikusia duten beste eremu batzuetara.

Niretzat aurrekari argi bat Galeusca da. Galizia, Euskal Herria eta Cataluniako literaturak elkartzeko urtero egiten den bilkura. Marko egoki bat deritzot, idazle nagusiki elebidunekin... Kulturalki-literarioki, neurri handi batean literatura hauek vis-a-vis Espainia bizi dira, eta zentzua du hiru nazio txikituen topaketa horrek (bai, "iparralde" parea ere badago Piriniotik iparraldera, baina ordezkari horiek ere egoten dira Galeuscatan).

Hiru nazio barik, bi elkartzea proposatzen dut nik, urteroko #CymEus topaketa bat, binazionala, txandakakoa Galesen eta Euskal Herrian. Sarreran esan dudan bezala, IKT alorrerako pentsatu nuen lehenbizi, baina heda daiteke ideia:

  • Normalizazioa
  • Helduen alfabetatzea
  • Ikus-entzunezko eta hedabideak
  • ...

Parametro soziolinguistiko hutsetan pentsaturik (nazio tamainak, hiztun portzentaia eta kopuru tamainak, hizkuntzaren opakotasuna erdara nagusiarekiko) gure 'benchmark' nazio hurbilekoena Gales da (Cymru bertako hizkuntzan), eta gu haiena.

Izatez, hori jakin badakigu han eta hemen ere, ez gara elkarren ezezagunak. Badaude kontaktuak, unibertsitateetako loturak, telebistak, HPS eta hango parekideak, indibidualki eta enpresekin sortutako loturak...

Baina egin dezagun modu antolatu batean, eta babes publikoarekin. "Aurten guk antolatzen dugu, hurrengoan haiek". Zirriborratuko dut oso modu "zirriborroan", ez baitut programa bat itxi nahi edo onura ekonomikoen txosten estrategiko bat idatzi nahi:

Nola

Demagun, IKT alorrekoa bakarrik dela (esan bezala, esparru zabalagoetarako balio lezake ideiak, baina oraingoz "zirriborroa" egin nahi dut). Egin daiteke eguneko egitarau bat.

  • Asteazkena: euskaldunen goiza, galestarren arratsaldea.
  • Osteguna: galestarren goiza, euskaldunen arratsaldea.
  • Ostirala: hacking maratoia, proiektu komunak egiteko, zirriborratzeko, edo aurreko egunetakoa elkarri saltzeko, azaltzeko areago... programa libreagoa edonola ere. Eguna amaitzeko, pechakucha presentazioak, 5 minutuko bospasei, hauek bai demagun ekitaldi publiko batean, antzoki edo eremu publiko batean.
  • Larunbata: turismo-kultura txangoa Euskal Herrian autobusean
  • Igandea: galestarrek buelta Galesera

Programa nola bete: euskaldunen goiz-arratsaldeak, hemengo deialdi-proposamen bat aukeratze batzorde batekin; hangoen arratsalde-goizak, haien artetik datozenekin.

Nor, nork ordainduta

Demagun 10 galestar gonbidatzen ditugula. Euskal Herrian, haiekin egoteko, beste 20 plaza daude. Nire eredu edo zirriborro honetan, ez da horrenbeste antzoki batean hizlariak eszenategian jartzea, eta ehun ikusle behean. Ez. 10 galestar badatoz, haiekin 3-4 egun horiek egoteko maximo 20 euskaldun gaude, ikasgela edo areto irekietan, "laborategi" eran nahi bada. Osagarri publiko bezala, pechakucha ebentoa izan daiteke, antzoki edo espazio publiko batean, 3. egunaren osagarri, gorago azaldu dudan bezala.

Euskaldunen 20 plaza horiek betetzeko, ez kobratu ez pagatu, bakoitzak bere liberazioa lotu dezala, eta proposamen batekin ager dadila galestarrei azaldu, saldu edo komentatzeko. Baina bertan egoteko konpromisioarekin, ez hitzaldia bota eta buelta, jardunaldian egon eta 3 egunak gastatu ditzala euskaldun bakoitzak (eta extra bezala, larunbateko txangoan parte har dezala).

Jardunaldiko tokia hemengo agintarien kontura, eta baita galestarren egonaldi-gauak, eta larunbateko txangoa. Galestarren esku dago, "lehiaketa" edo beka-banaketa bidez, nor diren 10 horiek. Galestar eta euskaldunak diodanean, Hizkuntza Politikarako gobernu erakundeak diot, izan daitezkeela bi hemen (EAE eta Nafarroa), eta bat han. Galestarren aldeak erabaki dezala nola bidaiatzen duten bertako hamarrek: doan ikasleek, enpresen izenean doazenek hegaldia enpresen kontua...

Herri batean bat antolatzeak, eskatuko luke hurrengoan beste herrialdean egitea. Egitekotan aproba, bi urtekoa, ea nola irteten den. Eta ondo badoa, CymEus gehiago gero.

IKT eta beste

Ez dakit 10 + 20 lagun eredu hau IKT alorreko kezka eta ekintzaileekin beteko ote genuen. Akaso 20 + 40 lagun bilduta, atera daiteke IKT alorretik gorago apuntatu ditudan esparruetara... Tira, zirriborro bat da, ideia zoro bat akaso. Bide egiteko bultzada pixkat ematen saiatuko naiz ni, eta beste inork ere lagundu nahi badu ideia lantzen eta bultzada ematen, ederto.

Erantzunak

2018-06-04 : 20:26

Guztiz bat nator. CymEus/EusCym topaketaren ideia ezinbestekoa iruditzen zait.

Ni prest trasteatzeko. Bereziki interesgarria iruditzen zait digitalizazioaren eta ikus-entzunezkoen gaia, haiekin batera lantzeko, baina aukera piloa ikusten dizkiot urteroko topaketa txandakakoaren ideiari. Ten points, Luistxo.

Boteprontoan Bilboko Kafe Antzokia eta Deustuko Unibertsitatea ikusten ditut, adibidez, balizko leku/fisiko-eragile interesatu bezala.

Erantzun

Sartu