Duela hilabete gutxi Txinari buruzko zientzia-fikzioa irakurri nuen, baina oraintsu, gauza hobea irakurri dut: zientzia fikzio txinatarra. Irakurtzen ari nintzela, albisteak: Alpha Centaurirekin komunikatzeko plan bat teknologo ezagunen partetik. Kontxo, liburuan ere halako zeozer agertzen da eta!
Hiru Gorputzen Problema buruketa fisiko konplikatu samar bat da, eta Liu Cixin txinatarraren eleberria ere bada. Saga bateko lehen alea da, eta, hala izanik, egia da amaierak hurrengoaren zain jartzen zaituela, baina espektatiba hori gabe ere interesgarria da.
Mix interesgarri bat da Liuren liburua: hard sci-fi dexente (fisika aurreratua: soken teoriako dimentsio infinitesimalak bereziki), errealitate birtualeko jokoak, joera post-humanistak, SETI programa (adimen estralurtarraren bilaketa), eta Alpha Centauri sistemarekin komunikatzeko egon daitezkeen aukerak.
Kontestu historikoa ere interesgarria da. Batetik, istorioaren aurrekariak 1966 eta 1967. urteetan hasten dira, Iraultza Kultural Txinatarreko indarkeria urteetan eta Gerra Hotzaren kontestuan, eta kokapen garaikidea, berriz, hemendik urte gutxitara kalkulatu daiteke, dagoeneko Txina tekno-potentzia nagusietako bat denik, inbidiarik gabe AEBekin alderatuta.
Prosa, halaber, modu ekialdetar batean garatzen da. Istorio bat bestearen barruan, kontakizunean ikuspegi pertsonal desberdinak... Ez naiz literatura txinatar asko irakurritakoa, gogoan dudan bakarra da Gao Xingjian-en Arimaren Mendia, baina nire inpresio hau beste erreseina batzuetan ere baieztatua ikusi dut. Irakurle mendebaldetar gisa pixkat gogorra egin zait pertsonaiak bereiztea: Chang, Ding, Zhang eta Yang izeneko pertsonaiekin....
Eleberrian, Alpha Centauri da 3-gorputzen problema bizi duen sistema, 3 izarreko sistema baita hura. Elkarren arteko grabitate indarren eta orbiten kalkulu beharbada ezinezkoa da 3-gorputzen problema eleberrian, eta problema horri etengabe aurre egin beharra da eleberriko alphacentauritarren egitekoa. Dakizuen bezala, gure sistematik gertuen dagoen lehen eguzki-sistema da Alpha Centaurikoa, eta 4 argi-urtera dago.
Spoiler gutxitxo batzuk emanez, esango dut alphacentauritarrek "misio" bat bidaltzen dutela Lurrera. Mikro-misioa da, izatez: argiaren abiaduratik gertu bizkortu ahal izateko bidaia, protoi bat da alphacentauritarrek bidaltzen dutena. Hori bai, beren teknologia aurreratuarekin, protoiaren baitan "tolestutako" infra-dimentsio fisikoetan, destolestuz gero, ia masarik gabeko baina neurri tri-dimentsional izugarriko sistema konplexu eta adimentsu bat askatzen duena.
Eta hara, hain zuzen ere, apirilean zehar liburuan aurreratzen nindoala, hara non ikusi ditudan albisteetan Alpha Centauriko kontuak. Izan ere, ez dira Elon Musk eta Jeff Bezos espazioan interesa duten web-ekintzaile bakarrak.
Breakthrough Initiatives izeneko fundazio bat dago, zuzendaritzan Interneteko bi milioitsu dituena (Facebook-eko Mark Zuckerberg eta Yuri Milner errusiarra: Stephen Hawking fisikaria dago eurekin). Espazioaren esplorazioa eta bereziki lurretik kanpoko adimenaren detekzioa helburu ditu erakunde honek. Duela pare bat urte sortu zen, baina orain egin du publiko bere plan sendoena: zundak bidali Alpha Centaurira, Starshot proiektua.
Eta horra bitxikeria: Milner, Zuckerberg eta Hawking-ek orain proposatzen dutena kontrako norabideko mikro-misioa da. Kasu honetan, Lurretik Alpha Centaurira protoi bat baino gehiago bidaliko dugu: txanpon baten tamaina "zundak" izango dira, baina hauek ere tolestuta irtengo dira Lurretik, eta behin espazioan, des-tolestuko dira eta ping-pong mahai bateko zabalera duen oihal bat irekiko dute.
Txanpon-oihalak zientoka edo milaka jaurtiko dira espaziora, eta Lurreko orbitatik irteten direnean, Lurretik bertatik zuzendutako laser izpi erraldoi batzuen bidez, zundak banan-banan izarretara bidaliko ditugu. Laserrak oihal bakoitza norabide jakin batean abiadura hiper-azkarrean jarriko du (teorikoki), eta argiaren abiaduraren %20raino iritsi daiteke hori. Zunda gehienek huts egingo dutela edo desbideratuko direla kontuan hartzen da, horregatik zientoka ekoiztu eta jaurti behar dira, baina baten batzuk 20 urteko epean Alpha Centaurira irits daitezke.
Helmuga hartan, mikro-zundan jarrita egongo den nano-teknologiak irudiak eta datuak bilduko ditu, eta kontrako norabidean irrati-seinalez igorriko ditu: bueltako datuak, beraz, argiaren abiaduran etorriko dira, beste lau urteko epean. Nolabait, datu horiek jasotzeko, Laser igortzaileen teknologia bera erabiliko da, Breakthrough Initiatives-en arabera.
Posible ote hau? Batzuek ezinezkotzat jo dute, baina... tira, jende azkarra dago ekimen horretan, eta dirua daukate. Oraingo teknologiarekin, hori bai, ezin da, baina Breakthrough-ek dioenez, 20 urte barru prest egon daiteke zunda-jaurtiketa. 2036 da hori. 20 urteko bidaia, 2056, eta Alpha Centauriko datuak bueltan, 2060. urtean. Zuen artean norbaitek ikusiko ahal du!
(oharra: Artikuluko irudiak liburuan oinarrituta Txinan aurten estreinatuko duten filmekoak dira)
Erantzun
Sartu